Kubako Alderdi Komunistak (PCC) zazpigarren kongresua egingo du apirilaren 16tik 18ra. Egoera hauskorra eta aldakorra da, eta funtsezko bilera izango da Kubarentzat, oraingo eta etorkizuneko bidea zehazteko. Hala ere, oso informazio gutxi zabaldu da eztabaidarako txostenei eta erabakienagendari buruz, bertako eta atzerriko komunikabideetan.
Erronka nagusi bat dauka herrialdea zuzentzen duen indar politikoak, sekulako erronka: Kubako Iraultzaren proiektu politikoa, ekonomikoa eta soziala berregokitzea eta modernizatzea. Hori guztia testuinguru berezi batean: alde batetik, nabarmenak dira jendearen gogorik eza eta apolitikotasun soziala; bestetik, abian da Ameriketako Estatu Batuekin harremanak berreskuratzeko prozesua. Itxuraz, harreman horiek berdintasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarritzen dira, baina jakina da oraindik bizirik dagoela AEBen asmo zaharra Kubako erregimena iraultzeko eta, behingoz, herrialde txiki, estrategiko eta enblematiko hori menderatzeko.
Kubako Alderdi Komunistaren Kongresuan erabakiak hartuko eta agiriak onartuko dituzte. Baina alderdiaren lan nagusia belaunaldi aldaketa bideratzea izango da. 1959tik iraultza sortu eta zuzendu duen belaunaldi historikoaren ordezkoen izenak eta abizenak jakinaraztea. Izan ere, aurreko kongresuan erabaki zuten gobernuko eta alderdiko goi kargudunek, gehienez, bi agintaldi egin ditzaketela jarraian, zortzi urte.
Badira zerrenda hori osatzeko hautagai garbiak. Esaterako, Miguel Diaz Canel, Ministroen Kontseiluko lehen presidenteordea, 55 urtekoa; Marino Murillo, Ekonomia eta Plangintza ministroa, 54 urtekoa; Bruno Rodriguez Parrilla, Atzerri Gaietarako ministroa, 57 urtekoa; eta Rodrigo Malmierca, Kanpo Salerosketa eta Atzerriko Inbertsioetako ministroa, 59 urtekoa.
Kubatarrak ez direnek edota gaia menderatzen ez dutenek galdera argia egingo dute: nor izango da Fidel eta Raul Castroren ordezkoa? Erantzun garbiena Diaz Canel da, baina galdera gaizki egina dago, galdera pluralean egin behar baita: nor izango dira Fidel eta Raul Castroren ordezkoak?
Zergatik zehaztasun hori? Bada, zaila dirudielako gizon indartsu bakar bat egongo denik. Zergatik? Zilegitasun historikoari eta politikoari lotutako arrazoiak badaude, baina baita erronkaren neurriari eta konplexutasunari lotutakoak ere. Abiatutako erreforma ekonomikoek eta sozialek arrakasta izateko, zuzendaritza eta ardura partekatua behar da. Herrialdea atera egin behar dute bizirik irauteko ekonomiatik eta etengabeko hutsuneetatik eta, aldi berean, adostasun soziala eta politikoa berreraiki behar dute. Adostasun hori hautsi egin zen Garai Berezian, 1989tik 2000ko hamarkada erdialdera arteko krisi luze eta higatzailean.
Ustekabeko izenak
Horregatik guztiagatik, ez litzateke harritzekoa zerrendan ustekabeko izenak ere agertzea. Josefina Vidal, esaterako. Ondo prestatutako emakumea da, eta berak zuzendu ditu, trebetasun eta duintasun handiarekin, AEBekiko harreman berriak. Gizon eta emakume ia ezezagunak ere ager daitezke, beren ardura politikoak eta administratiboak eraginkortasunez betetzen dituztenak, nola Herri Boterearen presidente karguan, herrialdearen barnealdean, hala PCCren idazkari lanetan, probintzietan. Azken horien artean dago Santiagoko Lazaro Fernando Exposito.
PCCren hurrengo kongresuak aukeratuko duen alderdiaren eta gobernuaren zuzendaritza barne adostasunaren emaitza izango da. Adostasun horrek aurreratuta egon beharko luke. Aintzat hartuko ditu adina, generoa, leialtasuna, azalaren kolorea eta lurralde ordezkaritza. Zuzendaritza eta ardura partekatuak izango dira, baina ziurrenik pertsona bakar bat izango da buruzagia, eta hark koordinatuko du zuzendaritza, alderdiaren batasunari buruzko zalantzarik ez izateko eta agerian uzteko belaunaldi historikoak zer konfiantza duen zuzendaritzarekin.
Kubaren eta AEBen arteko harremanak. PCCren kongresua
Belaunaldi aldaketa prestatzen
Iraultza abiatu eta sendotu zutenen ordezkoak aukeratu beharko ditu Kubako Alderdi Komunistak apirileko kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu