Ione Belarra Podemoseko liderra izango da berriz ere, alderdiaren bosgarren batzarrean idazkari nagusi izateko babesa jaso ostean. Bozkatzeko izena eman dutenen %90ek egin dute haren alde. 24.454 boto jaso ditu denera. Belarra izan da Podemosen idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu duen bakarra, hark bakarrik bildu baititu hautagai izateko behar beste berme.
Batzarrean bozkatu dutenen ia erabateko babesa jaso du, botoen %90 bilduta, baina kopurutan, duela lau urte jaso zituen botoen ia erdia eskuratu ditu. 2021ean, 45.753 bozka jaso zituen; botoa emateko izena eman zutenen %86ren babesa. Batzar horretan, Pablo Iglesias ordezkatu zuen idazkari nagusi karguan.
Belarrak Irene Montero eurodiputatua izango du ondoan, buruzagitza arduretan. Monterok herritar kontseilua zuzenduko du, alderdiaren zuzendaritza politikorako organoa.
Joan den asteburuan, Monterok Espainiako hauteskunde orokorretan ezkerreko aliantza baten hautagai izatea onartu zuen, Belarrak hala eskatuta. Gisa horretako koalizio baten hautagaitza boz primarioen bidez erabaki beharko litzatekeela adierazi zuen.
Espainiako Berdintasun ministro ohiarekin batera, Podemoseko zuzendaritza politikoan izango dira Pablo Fernandez alderdiko bozeramailea, Isa Serra eurodiputatua eta Javier Sanchez Podemosek Diputatuen Kongresuan duen taldeko eleduna. Organo horren parte izango dira baita ere Ahal Dugu-ko hiru kide: Maite Gartzia Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiaren ondokoa, David Rodriguez alderdiak Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramailea eta Jose Manuel De Pablos Bajo Santurtziko zinegotzia.