Behin-behineko gobernuak dimisioa emanda, Al-Sisiren zain dago Egipto

Ministro berriak izendatu, eta bozetarako bidea zabalduko du Mansur presidenteak, Kairoko kazeten arabera

Hazem el-Beblaui lehen ministroa, atzo, Adli Mansur presidenteari dimisioa aurkeztu ondoren. STR / EFE.
Ion Orzaiz.
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Geure burua eskaini behar dugu herriaren ongizatearen alde. Horregatik, dimisioa aurkezteko erabakia hartu du gobernuak». Ustekabean. Abisurik edo azalpenik gabe, Egiptoko militar kolpistek ezarritako behin-behineko gobernu osoak karguari uko egin zion atzo goizean, hamabost minutuko bilera baten ostean. Hazem el-Beblaui lehen ministroak hedabideen aurrean egindako iragarpenak nahasmendua eragin du, eta begi guztiak pertsona bakarrean iltzatuta daude orain: Abdel Fattah al-Sisi jenerala.

Izan ere, Egiptoko zenbait hedabidek argitaratu dutenez, Al-Sisik presidentetzarako hautagaitza aurkeztu ahal izateko «tramitea» izan daiteke atzo hartutako erabakia. Defentsa ministro eta armadako buruzagi nagusia da jenerala, eta kargu horiei uko egin behar die, Egiptoko presidente izan nahi badu. Al-Sisik, ordea, mutu jarraitzen du, eta, oraingoz, erantzunak baino ugariagoak dira galderak.

Atzoko agerraldian, El-Beblaui lehen ministroak ez zuen kargua uzteko arrazoi garbirik aipatu. «Geure buruari galdetu beharrean ea Egiptok zer eman digun, hau galdetu beharko genioke: 'Zer eman diogu guk Egiptori?'», adierazi zuen El-Beblauik, AEBetako presidente ohi John F. Kennedyren hitzaldi ezaguna moldatuz. Ez zuen deus ere esan gobernuaren etorkizunaz edo izendatuko dituzten hurrengo ministroez.

Al-Ahram berripaper ofizialistaren arabera, El-Beblauiren iragarpenaren ostean, Adli Mansur presidenteak dimisio guztiak onartuko ditu, eta kabinete berria osatzeko lanean hasiko da.«Gero, litekeena da hauteskunde prozesua arautzeko lege berri bat indarrean jartzea, eta, bozetarako bidea zabalik dela, presidente izateko hautagaitza aurkeztuko luke Al-Sisik».

Bide orria bizkortzen

Iazko uztailaren 3ko estatu kolpearen ostean militarrek ezarritako bide orriaren arabera, trantsizio prozesuaren lehen zatia apirilean amaituko da, ordurako hauteskundeetarako deia egin behar baitu Mansurrek. Orduan amaitzekoa zen behin-behineko gobernuaren agintaldia ere, baina adituek uste dute El-Beblauiren dimisioak prozesuaren erritmoa alda dezakeela: Al-Sisiri komeni zaio prozesua bizkortzea, inkesten arabera azkenaldiko onespenik txikiena baitu El-Beblauiren kabineteak herritarren artean, eta horrek kalte egin diezaieke jeneralaren asmo politikoei. Orain arte Mohammed Mursi presidente ohiaren eta Anaia Musulmanen gobernuaren kontra protesta egin duten ezkerreko erakunde askok —gazteen mugimenduek, batez ere— bizkarra eman diote Al-Sisiri eta militarrek inposatutako bide orriari. Behin-behineko gobernua bi hilabete lehenago eraitsita, beheranzko joera hori iraul dezake armadaburuak, Egiptoko analista politikoen ustez.

Presidentetzarako hauteskunde prozesua hasi baino lehen, ordea, gobernu berria osatu beharko du Mansurrek. Izendapen ofizialik egin ez den arren, lehen ministro izateko hautagaien zerrenda argitaratu du Al-Ahram-ek. Guztiak ala guztiak, Egiptoko oligarkiaren ordezkariak, Al-Sisiren jarraitzaile sutsuak edota Hosni Mubaraken garaiko agintari ohiak: Adel el-Labban enpresaburua, Kamal el-Ganzuri lehen ministro ohia, Atzerri ministroeta Liga Arabiarreko idazkari nagusi izandako Amr Mussa... Ibrahim Mehlab Etxebizitza ministroa ere kiniela guztietan ageri zen, baina atzo ukatu egin zuen eskaintza egin diotela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.