Behin-behineko barealdia irauli duen ofentsiba

Siriako Gobernuaren aurkako HTS koalizio islamistak ezusteko eraso bat abiatu zuen asteazkenean; Alepo hiriaren kontrola hartu du. Horiei aurre egiten ari dira, nor bere aldetik, Siriako armada, Siriako Indar Demokratikoak eta beste hainbat milizia.

maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 3a
11:30
Entzun

Siriako gatazkak hamar urte baino gehiago daramatza abian, eta ez aurrera eta ez atzera egon da azken bost urteetan; zehazki, 2020an Errusiak eta Turkiak su etena adostu zutenetik Idlib eskualderako, zeina Siriako Gobernuaren aurkako HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista sunitaren esku baitago. Joan den asteazkenean, ordea, HTSk ezusteko erasoa abiatu zuen Siria iparraldearen aurka: Alepo hiria ia osorik dauka kontrolpean, eta ofentsiba hegoaldera zabaltzen hasi da. 

Siriako Giza Eskubideetarako Behatokia gobernuz kanpoko erakundearen arabera —Londresen du egoitza—, astebetean 514 pertsonatik gora hil dira HTSk eta nor bere aldetik koalizio horri aurre egiten ari direnen —Siriako armada eta Siriako Indar Demokratikoak koalizioa (SDF), nagusiki— arteko borroketan; horietatik 92, zibilak. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak atzo jakinarazi zuenez, Idlib eskualdean eta Siria iparraldean bizi diren 48.500 pertsonak baino gehiagok alde egin behar izan dute etxetik.

Zer ari da gertatzen Sirian?

Hamahiru urte egin behar da atzera Siriako gerraren hasierara jotzeko, 2011ko Udaberri Arabiarraren garaira, hain justu. Urte hartako martxoan milaka herritar irten ziren kalera, Siriako presidente Baxar al-Assaden gobernuaren aurka protesta egiteko. NBE Nazio Batuen Erakundeak urte hartan bertan emandako datuen arabera, 3.000 manifestari inguru hil ziren, eta, horren harira, Siriako Gobernuaren aurka antolatzen hasi ziren hainbat talde matxino; besteak beste, hurrengo urteetan garrantzitsuenak izan ziren EI Estatu Islamikoa eta Al-Qaedarekin lotura zeukan Al-Nusra Frontea —gaur egun HTS dena—, eta Turkiak babestutako talde armatuak —gaur egun SNA Siriako Armada Nazionala da garrantzitsuena—.

Garaian garaiko borroken arabera, aldatuz joan da Siriako mapa. Kasurako, 2014. eta 2015. urteen artean herrialdeko eremu askoren kontrola hartu zuen EIk, harik eta SDF koalizioak, zeina miliziano kurduek osatzen duten batik bat, atzera eginarazi zion arte. Koalizioak AEB Ameriketako Estatu Batuen babes militarra jaso zuen horretarako; eta, hala, 2019rako EIk galduta zituen 2014tik hartutako eremu ia guztiak.

Horren ondoren iritsi zen Udaberri Arabiarrean hasitako oldarraldiaren behin-behineko barealdia: 2020an, Siria ipar-mendebaldeko Idlib eskualderako menia bat adostu zuten Errusiak eta Turkiak. HTSk kontrolpean zeukan azken gotorlekua zen Idlib.

Nork abiatu du erasoaldia?

Askotariko talde matxinoek osatzen duten erakunde batek abiatu du erasoaldia: HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeak. Muturreko islamisten koalizio hori 2016an sortu zuten, Al-Nusra Fronteak Al-Qaedarekin harremana eten ondoren.

Iragan asteazkenean hasi zuten ofentsiba, eta egun bakarrean hemeretzi herriren kontrola hartu zuten; ostegunean, Idlib ekialdera zabaldu ziren; ostiralean, berriz, Alepo ingurura iritsi ziren; eta, larunbatean, ia Alepo osoaren kontrola hartu zuten. Siriako hiririk handienetan bigarrena da Alepo, baita herrialdeko hiriburu ekonomikoa ere. Asteon hegoaldera zabaldua dute ofentsiba, Hama hiriaren ingurura. Turkiak babesten duen SNAk, berriz, SDFko miliziano kurduen aurka bideratu du erasoaldia.

Hain zuzen, SDF eta Siriako armada ari dira borrokan matxinoen aurka, nor bere aldetik, baita Iranen babespeko hainbat milizia xiita ere. Hain justu, Reuters berri agentziak borrokan ari direnen gertuko iturriak aipatuz atzo kaleratu zuenez, azken orduetan Siriara joan dira Irakeko milizia horietako batzuk, armadari laguntzera. Bestalde, gaur SDFk jakinarazi du Siria ekialdeko zazpi herriren kontrola hartu dutela. 

Atzerriko zein herrialdek esku hartu dute gatazkan?

2011n gerra hasi zenetik, hainbat herrialderen babesa jaso dute Al-Assaden gobernuaren aurka aritu diren askotariko matxinoek, hala nola Turkiarena, Saudi Arabiarena, Arabiar Emirerri Batuena eta AEBena. Bestalde, Errusia eta Iran dira Siriako Gobernuaren aliaturik indartsuenak. Hain zuzen, Siriako armada Errusiak emandako gerra hegazkinak erabiltzen ari da matxinoei aurre egiteko, eta Irango Guardia Iraultzaileak herrialdean zabalduta dauzka hainbat tropa.

Eraikinak suntsituta, erasoen ondorioz, Idlib eskualdeko herri batean, atzo. MOHAMMED AL RIFAI / EFE
Eraikinak suntsituta, erasoen ondorioz, Idlib eskualdeko herri batean, atzo. MOHAMMED AL RIFAI / EFE

Turkiak, baina, egunotan behin baino gehiagotan adierazi du ez duela parte hartu aurreko astean abiatutako ofentsiban; are, larunbatean hango Atzerri ministro Hakan Fidanek kazetariei ekitaldi batean esan zienez, Turkiak ez dauka zerikusirik azken erasoaldiarekin. Damaskok, ordea, leporatzen dio azken oldarraldi honetan ere matxinoak babesten ibiltzea. Bide beretik, atzo, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik AEBei eta Israeli leporatu zien ofentsiba abiatu duten talde matxinoak babestea. 

Zergatik orain?

Siriako Gobernuaren bi aliaturik handienak, Iran eta Errusia, nor bere gatazkan murgilduta dauden honetan hasi da ofentsiba: Israelek iazko urriaren 7an Gazaren eta ondoren Libanoren aurka areagotutako erasoaldiaren harira, Israelen hainbat eraso jasan ditu Iranek, eta bere babespeko milizia gehienak, hala nola Hezbollah, gatazka horretan ari dira borrokan. Halaber, Errusiak ia hiru urte daramatza gerran, 2022ko otsailean Ukrainaren aurkako inbasioa hasi zuenetik.

Zer gerta liteke hurrengo egunetan?

Muturreko koalizio islamistaren ofentsibak ezustean harrapatu zuen Siriako Gobernua, baina armadak jakinarazi zuen, igandean kaleratutako komunikatu batean, «kontraeraso handi bat» prestatzen ari direla. Bide beretik, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo berretsi zuen Al-Assadek Errusiaren «babes osoa» duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.