Begoña Gomezen aurkako salaketa artxibatzeko eskatu du Fiskaltzak

Manos Limpias talde ultraeskuindarrak aitortu du «posible» dela Sanchezen emaztearen aurkako salaketak «oinarririk gabekoak» izatea.

Begoña Gomez, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen emaztea, haren inbestidura saioan, iragan urteko azaroan. Juan Carlos Hidalgo / EFE
Begoña Gomez, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen emaztea, haren inbestidura saioan, irazko azaroan. Juan Carlos Hidalgo / EFE
maddi iztueta olano
2024ko apirilaren 25a
15:45
Entzun

Espainiako Fiskaltzak helegite bat aurkeztu berri du Madrilgo 41. Auzitegiaren aurka, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen emazte Begoña Gomezi zigor auzibide bat irekitzeagatik, eta kasua artxibatzeko eskatu du. Fiskaltzak Madrilgo Probintzia Auzitegian aurkeztu du helegitea, argudiatuta Manos Limpias talde ultraeskuindarrak Gomezen aurka jarritako salaketa «oinarririk gabekoa eta faltsua» dela.

Hain justu, talde ultraeskuindarrak berak goizaldean aitortu du «posible» dela Gomezen aurkako salaketa «oinarririk gabekoa» izatea; are gehiago, Manos Limpiasekoek esan dute balitekeela akusazioa hedabideetan zabaldutako «fake news-etan» oinarritu izana. Artikulu horiek lotuta zeuden Koldo auziarekin.

Horiez gain, talde ultraeskuindarrak jarritako salaketan aipatzen da Gomezek zenbait gutun sinatu zituela lan egiten duen unibertsitatearen izenean, lan eskaintza publiko batean aldi baterako enpresa elkarte bat gomendatzeko. Manos Limpiasek aurkeztutako gutunak, baina, bat datoz Madrilgo Udalak aurkeztu zituenekin, eta, Fiskaltzaren arabera, horiek ez lirateke «influentzia trafikoko delitu bat egozteko nahikoa froga».

Talde ultraeskuindarrak goizaldean zabaldu du prentsa oharra, eta dokumentu horretan esan du «iturri fidagarri batean egiaztatu gabekoak» direla Sanchezen emaztearen aurkako akusazioak. Edonola ere, iritzi diote orain «epailearen esku» dagoela erabakitzea eurek aurkeztutako «kazetaritza informazioa» egia edo gezurra den. Juan Carlos Peinado epaileak jarri du abian Gomezen aurkako zigor auzibidea, eta hark lan egiten duen Madrilgo 41. Auzitegiak atzo goizean eman zuen erabakiaren berri.

«[Pedro Sanchezek] Zera nahi du, jendea errukiaren bidez mobilizatu, bere politiken bidez ja ezin duelako egin».

ALBERTO NUÑEZ FEIJOOPPko burua

Ordu gutxiren buruan, iluntzean, bere agenda politikoa eten zuela jakinarazi zuen Sanchezek, egunotan emaztearen eta bere aurka izandako «erasoengatik». Espainiako Gobernuko presidenteak X sare sozialean argitaratutako gutun baten bidez eman zuen horren berri, eta esan du egunotan «hausnartu» behar duela presidente karguari eustea «merezi duen».

Gutunaren edukiak barne eztabaida eragin du PSOEn, eta karguan jarraitzeko eskaerak egin dizkiote. Militante sozialistek, gainera, Ferraz kaleko egoitzan elkarretaratzea egingo dute bihar, 10:30ean. Ordu horretan PSOEk batzorde federalaren bilera du, eta, mobilizazioaren bidez, babesa adierazi nahi diote idazkari nagusiari.

Erreakzio oldea

Sanchezek gutuna zabaldu eta berehala iritsi zen erreakzio oldea; PSOEko buruak elkartasun mezuak jaso zituen, baita kritika andana ere. Aferaren inguruan jendaurrean hitz egiten azkenetakoa izan da Alberto Nuñez Feijoo PPko burua; gaur egin du, Genovako egoitzan. Agenda politikoa eten, eta dimisioaren aukera mahai gainean jartzeagatik kritikatu du Sanchez, eta leporatu dio Espainia «nazioartearen aurrean lotsagarri» uztea. Haren alderdikideek «biktimizazioa» egotzi zioten Sanchezi, eta bide beretik jo du berak ere: «Zera nahi du, jendea errukiaren bidez mobilizatu, bere politiken bidez ja ezin duelako hori egin».

PSE-EEk ere gaur kaleratu du aferaren inguruko prentsa oharra. Sozialistek «elkartasun osoa» adierazi diote Sanchezi, eta gainerako alderdikideen antzera mintzatu dira. «Azken egunotan gertatutakoa duela zenbait hilabete hasitako jazarpenaren ondorio baino ez da, eta jazarpen horretan duintasunaren marra gorri guztiak igaro dira». Sanchezek gutunean egin bezala, eskuinari eta ultraeskuinari egotzi die PSOEko buruaren aurkako «erasoen» atzean egotea. PSNk ere prentsa oharra kaleratu du, eta egunotako gertakariek «demokraziari eragin diezazkioketen kalteez» ohartarazi du. «Desinformazioaren helburua da mesfidantza zabaltzea, herritarrak politikatik eta demokraziatik aldentzeko».

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, auziaren inguruan hitz egin du EAJko EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek ere. Alor «pertsonalari» dagokionez, Sanchezek hartutako erabakia «ulertzen eta babesten» duela esan du jeltzaleak. Hori bai, gertatutakoa erabat «bitxitzat» jo du, eta uste du orain ez dela gisa horretako hausnarketak egiteko «garai egokia»; besteak beste, aintzat hartuta Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egitekoak direla bi aste barru. Hargatik, hartzen duen erabakia hartzen duela, «ahalik eta lasterren» egiteko eskatu dio.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, berriz, Euskadi Irratian izan da. Sanchezen abisuaren eta haren emaztearen aurkako salaketaz galdetuta, Espainiako botere judizialaren aurka egin du: «Espainiako sistema judizialak etengabe erabiltzen du lawfare-a». Are, iritzi dio gertakariek «krisi politiko bat» baino ez dutela sortzen; edonola ere, azpimarratu du EH Bilduk ez diola «inondik inora ere [Espainiako] eskuinari [gobernua osatzeko] bidea emango».

Berriak galdeketa abiatu du sare sozialetan, irakurleei galdetzeko Sanchez zer egingo duen.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.