Eskoziako politikan aspaldian izandako egunik erabakigarrienetatik bizirik atera da Nicola Sturgeon lehen ministroa, baina ez erabat osorik, kalterik gabe. Bi ikerketak kritika egin diote haren gobernuari, Alex Salmond agintari ohiaren kontrako sexu-eraso salaketak kudeatzeko moduagatik, eta horietako batek parlamentua «engainatu» izana leporatu dio egungo gobernuburuari; besteak lasaitua eman dio, ebatzi baitu ez zuela urratu Ministroen Kodea, baina hori ere ez da leziorik gabekoa izan. Finean, argi geratu da Sturgeonen eta Salmonden lantaldeek ez zutela jarrera egokia izan, eta oposizioko alderdiak errealitate horri tiraka arituko dira datorren maiatzaren 6ko hauteskundeen kanpainan: toryek, laboristek eta liberal-demokratek argi utzi dute hori, atzo porrot egin zuen lehen ministroaren kontrako konfiantza mozioaren eztabaidan.
Sturgeonen karguari buruzko saio laburra, bozen aurretik parlamentuan egin den azkenetarikoa, datozen asteetan gerta daitekeenaren erakusle izan da. Batetik, oposizioko alderdiak, batez ere kontserbadorea, legebiltzarreko ikerketa batzordearen ondorioak erabiltzen lehen ministroari kalte egiten saiatzeko; bestetik, gobernuburua, James Hamilton ikertzaile independentearenarekin erantzuten, errugabea dela argudiatzeko.
«[Hamiltonek] Kontrakoa esan izan balu, hori onartu egingo nukeen, eta dimisioa emango nukeen. Agintetik bota nahi banauzue, lor ezazue hauteskundeen bidez», adierazi zuen atzo Sturgeonek. Galdera hor geratu da, erantzunik gabe: nori bideratu dio mezua, kontserbadoreei, Salmondi ala biei?
Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak erakutsitako jarrerak arrisku bat du, parlamentuko ikerketa batzordearen ondorioek esaten baitute Hamiltonen txostena dela «egokiena» ebazteko Ministroen Kodea urratu ote zuen; horren jakitun dago lehen ministroa, eta konfiantza mozioan bertan erabili zuen argudio hori bere burua defendatzeko.
Baina arazoak ez dira amaitu Sturgeonentzat, oposizioko alderdiek auzi horretan arreta jartzen jarraituko baitute —filtrazioak izan ziren gobernutik, esaterako—, koronabirusaren pandemiaren kudeaketa kritikatzeak eragin txikia izan dezakeelako, herritarrek begi onez ikusten baitute gobernuaren lana.
Gainera, inori ez zaio ahaztu iragan urtearen hasieran Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela Salmond errugabea zela sexu-erasoen kargu guztietan, eta bien bitartean hark auzitara eraman zuela egungo gobernua, salaketei buruzko barne ikerketaren kudeaketa legez kanpokoa izan zela iritzita. Epaileak arrazoia eman zion, Edinburgo hari 565.000 euro ordaintzera behartzearekin batera —diru publikotik—; gertakari hori berriz itzul liteke kanpainan, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalari kalte egiteko.
Hauteskundeetarako, Sturgeonen alderdiak gehiengo osoa ez berreskuratzea da oposizioko indarren helburua, eta toryek izan behar lukete horretan alderdi nagusia, urteotako joeran aldaketarik izaten ez bada; haien estrategiak, ordea, zalantzak sortu ditu, lehen ministroaren kontrako konfiantza mozioa aurkezteko asmoa haren deklarazioaren aurretik jakinarazi baitzuten, eta asmoari eutsi baitzioten Hamiltonen ondorioen berri izan aurretik.
Agian horregatik abstenitu ziren atzo Eskoziako Alderdi Laborista eta Eskoziako Liberal-demokratak (27 diputatu), kontserbadoreak aldeko botoa ematen bakarrik utzita (31); SNPk eta Eskoziako Alderdi Berdeak, berriz, kontra egin zuten (65). Abstentzioaren aldekoen diskurtsoa, ordea, ez da kritikarik gabea izan; Anas Sarwar laboristen buruzagiaren arabera, atzokoa «egun lotsagarria» izan zen parlamentuarentzat: «Eskoziak gobernu hobea merezi du. Eta oposizio hobea ere merezi du».
Pandemia eta galdeketa
Sturgeonen alderdiak hainbatetan esan duen bezala, herritarrei dagokie erabakitzea zer agintari nahi duten, eta SNPk aldeko du pandemian izan duen kudeaketa; horretaz haratago, independentziaren auzia mahai gainean egongo da berriz, gobernuak herenegun aurkeztu baitzuen bigarren erreferendumaren xehetasunei buruzko lege proiektua.
Finean, bi gai horien inguruko testu bat da, gobernuak 2023a amaitu aurretik egin nahi baitu galdeketa hori, baina azkenean parlamentuaren esku utzi baitu data zehatza erabakitzea, betiere erreferenduma «osasun krisi publikoa» amaitu ostean egiteko.
Galdeketa horretarako, SNPk 2014ko galdera berbera erabiltzea proposatu du: Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke? Gobernuak uste du esaldia «ulergarria» dela, baina oraingoan ere hauteskunde batzordeari egokituko litzaioke hori erabakitzea. Boto emaileei dagokienez, 16 urtetik gorakoek, atzerritarrek eta errefuxiatuek ere izango lukete iritzia emateko aukera.
Lege proiektua argitaratu eta berehala, Mike Russell Eskoziako Konstituzio Harremanetarako ministroak adierazi zuen gobernuaren lehentasuna «pandemiari aurre egitea eta herrialdea seguru egotea» izango dela; izan ere, alderdi independentistak oposizioaren kritikak jaso ditu galdeketari buruzko testua argitaratzeagatik, egungo «lehentasuna koronabirusak izan behar» duela argudiatuta.
Inkesten arabera, SNPk gehiengo osoa izango luke maiatzaren 6ko hauteskundeetan, gutxigatik bada ere; independentisten kopuruak nabarmen egingo luke gora, Eskoziako Alderdi Berdeak ere ordezkari gehiago izango lituzkeelako. Galera handiena, berriz, Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak izango luke, nahiz eta oposizioko indar nagusia izaten jarraituko lukeen.
Begi guztiak kanpainari begira
Konfiantza mozioa gaindituta, Eskoziako lehen ministroa bizirik atera da egun erabakigarri hauetatik, baina, parlamenturako hauteskundeen harira, zail izango du asteotako auziak eta kritikak saihestea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu