Begi bat kanpora begira beti

Erresuma Batua 1973an egin zen Europako Batasuneko kide. Hala ere, nahiz eta merkatu komunean integratu, arlo anitzetan Bruselarekiko aldea mantendu du.

mikel rodriguez
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Iazko uda hasieran ireki zion bidea David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak EB Europako Batasuna uzteko aukerari, alde ez zegoela erranda ere, erreferenduma egiteko asmoa azalduz. «EB uztea ez da egokiena, baina beharrezkoa da erreforma bat. Europa gutxiago egon beharko litzateke». Erresuma Batuak EBrekin bat egin zuenetik (1973) eduki duen jarreraren bilakaera logikoa izan da gertatu dena, batasuneko kide egin zen arren begi bat beti kanpora begira eduki baitu.

Europako Batasuna sortzeko aitzindari izan zen ideia Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministroarena izan zela erran ohi da; zehazki, II. Mundu Gerra bukatuta, Zurichen (Suitza) egin zuen hitzaldian errandakoa (1946). «Europako Estatu Batuen antzeko zerbait» sortzeko beharra aldarrikatu zuen. Sektore europazaleek hain ozen erraten ez dutena da, ordea, Churchillek berak Erresuma Batua Europako Estatu Batu horien kanpoan irudikatu zuela. «Europa berriaren lagun eta guraso ponteko» rola eman zion Churchillek, AEBekin eta Sobietar Batasunarekin batera.

Churchillen hitzaldi hura etorkizunaren iragarpen bat izan zen zentzu anitzetan, gaur egungo EBren ardatza zein izanen zen iragarri baitzuen. «Europako familia birsortzeko lehenbiziko pausoak Frantziaren eta Alemaniaren arteko elkarte batek izan behar du». Eta Zuricheko hitzalditik bortz urtera, sei herrialdek sortu zuten elkarte hura, Frantziaren eta Alemaniaren lidergoarekin —garai hartan, Mendebaldeko Alemania—.

Edward Heath kontserbadorearen agintaldian, bat egin zuen Erresuma Batuak Europako Elkarte Ekonomikoarekin —gaur egungo EB—. Heath europazalea izan zen beti, baina hurrengo urtean hauteskundeak galdu, eta laboristek elkartean jarraitu ala ez erabakitzeko erreferendum batera deitu zuten (1975); %67k baietz erantzun zuten.

Batasuneko 'outsider'-a

Ordutik, baina, Frantziaren eta Alemaniaren aldean, Erresuma Batuak outsider gisa jokatu du, merkatu komuna zabaldu eta haren onurak ustiatzearen alde agertuz, baina arautegi komunei anitzetan errezeloz erantzunez. EBren atzerri politika koherentearen faltan, Londresek bere esparruari eutsi dio munduan, inperio ohiaren izaera, hirugarren edo laugarren potentzia militar nagusia izatea —Txinaren arabera—, eta AEBekiko lehentasunezko aliantza baliatuz. EBren egituraketan oinarrizkoak izan diren bi proiektuetan ere —Schengen eremua eta euroa— kanpoan geratzea erabaki zuen.

Commonwealth, etorkizuna

Euroeszeptikoentzat, EBrekin merkataritza askerako ituna egitean eta Commonwealth merkatu askerako gunetzat garatzean dago etorkizuna —EBko kide den bitartean, Londresek ezin du hori bere kasa egin—. Commonwealth 54 estatuk osatzen dute, ia denak Erresuma Batuaren kolonia ohiak. Tartean daude munduko ekonomia indartsuenetakoak eta herrialde handiak: India, Kanada, Australia, Zeelanda Berria, Pakistan, Hegoafrika... Europazaleentzat, ordea, Erresuma Batuaren merkatu naturala Europa da, eta «fantasia» deritzote hain eremu geopolitiko ezberdinetan dauden estatuekin merkataritza askerako hitzarmen bat egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.