Israelgo Armadak bederatzi palestinar atxilotu ditu gaur goizaldean, Zisjordaniako Jenin hiritik gertu, «terrorismoa» egotzita. Jihad Islamikoak baieztatu du horietako bat haren adar militarreko Jeningo buruzagi bat dela: Alaa Zakharna. Bera eta beste militante bat ziren operazioaren helburuak. Bi kideak etxe berean egotea espero zuten Israelgo indarrek, baina eraikina inguratu dutenean Zakharna bakarrik topatu dute. Ordu eta erdiz etxean gotortu zen komandantea, eta munizioa amaitu zaionean, bere burua entregatu du, Jihad Islamikoak azaldu duenez.
Buruzagiaz gain, gauean zehar beste zortzi palestinar atxilotu dituzte. Operazioak militarren eta herritarren arteko tiroketei bide eman die, eta zortzi palestinar zauritu dituzte, horietako bat larriki. Denak gertuko ospitaletara eraman dituzte. Igande goizaldean Jihad Islamikoko beste hiru kide zauritu zituzten Israelgo armadak beste operazio militar batean.
Hilaren hasieran, Israelek Jihad Islamikoaren aurkako Egunsentia operazioa egin zuen eta Gaza bonbardatu zuen hiru egunez. Erasoetan gutxienez 44 palestinar hil zituen (tartean hamabost adingabe) eta 360tik gora zauritu. Jihad Islamikoak jakinarazi zuenez, talde armatuko hamalau kide zeuden hildakoen artean. Abuztuaren 7ko gauerdian, su etena adostu zuten bi aldeek, Egiptoren bitartekaritzarekin. Ordutik, baina, Israelgo Armadak operazio militarrak egiten jarraitu du okupatutako lurretan.