Mozambikeko gatazka

Baztertuen matxinada

Mozambikeko probintzia pobreena da Cabo Delgado, nahiz eta natur baliabideetan aberatsa izan. Islamistekin lotutako erasoak %400 ugaritu dira, eta milioi erdi desplazatutik gora eragin dituzte

Desplazatuak, Pemba hiriaren kanpoaldeko aterpe batean, Cabo delgadon. RICARDO FRANCO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Hiru urte dira 30 gizoneko talde armatu batek Mocinboa da Praiako hiru polizia etxeri eraso ziela, Mozambike iparraldean. Bi polizia hil zituzten, eta hainbat arma eta munizio lapurtu. Gerora plazaratutako komunikatu batean, jakinarazi zuten gobernuaren aurkako borroka zela eurena, ez zutela onartzen estatuak bultzatutako hezkuntza eta osasun sistema. Geroztik, erasoak ugaritu eta gogortu egin dira, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko azken datuen arabera, azken hilabeteetan %400 ugaritu dira indarkeria kasuak. Ondorioz, dagoeneko 500.000 herritarrek utzi behar izan dituzte euren etxeak Cabo Delgado probintzian.

Eskualde aberatsa da Cabo Delgado, besteak beste petrolio eta gas putzu handiak dituelako, eta multinazional ugari daude bertan lanean. Hain zuzen ere, aberastasun horrekin, edo zehatzago esateko aberastasun horren irabaziekin lotzen dute adituek azken hilabeteetako indarkeriaren gorakada. Izan ere, nazioarteko enpresek eta agintariek milaka milioi dolarren irabaziak izan dituzte, baina Cabo Delgado oraindik ere Mozambikeko eskualde pobreena da. Datu bat ematearren, herritarren %67 analfabetoak dira. Horrez gain, nekazaritzatik eta arrantzatik bizi ziren milaka herritar ogibiderik gabe geratu dira euren lurrak multinazionalen esku geratu direlako, haiek gasa eta petrolioa ustiatu ahal izateko. Egoera horri gehitu behar zaio azken hilabeteetako erasoek eta armadarekiko borrokek zaildu egin dutela gobernuz kanpoko erakundeen lana eta, beraz, giza laguntza banatzea; horrek desplazatuen egoera are gehiago okertu du.

Segurtasun indarren lana ere ez da erraza. Izan ere, miliziek ez dute helburu jakinik jarri, ez eta euren burua identifikatu ere —herritarrek matxababo izena jarri diete, gazte milizianoak kreoleraz—. Asko dira, ordea, uste dutenak gazte matxinoekin batera bestelako talde kriminalak ere badaudela erasoen atzean. Horrek guztiak zail egiten du inolako bake elkarrizketarik hasteko aukera bera ere.

Informaziorik ez

Gobernuak babes gutxi du herritarren artean, askok egozten diote ezer ez egitea erasoak geldiarazteko. Horrez gain, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute azken hilabeteetan nabarmen handitu direla kazetarien aurkako erasoak eta haien atxiloketak, eta gatazka ezkutatu nahi izatea leporatu diete agintariei. «Gatazka handituz doa, eta gobernua kontrola galtzen ari da», ohartarazi du Sergio Chichavak, Ikerketa Sozioekonomikoetarako Mozambikeko Institutuko ikertzaileak.

Orain arteko borrokak gazte islamistekin lotu dituzten arren, EI Estatu Islamikoak ez zuen eraso bakar bat bere gain hartu joan den ekainera arte. Geroztik, hainbat izan dira islamistek beren gain hartutako erasoaldiak, nahiz eta segurtasun indarrek sinesgarritasun gutxi eman aldarrikapen horiei. Onartu egin dute egon daitekeela matxinatuen eta EIren arteko nolabaiteko kontakturik, baina, era berean, ukatu egiten dute hura dagoela indarkeriaren gorakadaren atzean.

Era batera edo bestera, gero eta gehiago dira miliziak babesten dituztenak. Matxinoek meskitetan eta eskola islamikoetan errekrutatzen dituzte jarraitzaile berriak, besteak beste irabazi ekonomikoak eskainiz. «Pobrezia esplotatzen ari dira, eta arrakasta izaten», azaldu du Chichavak.

Mozambikeko presidente Filipe Nyusi elkarrizketak hasteko prest agertu zen iaz, borrokak eteteko ahaleginean, baina, miliziek buruzagi argi bat ez dutenez, bertan behera geratu da haren ahalegina. Bitartean, militarren aurkako gehiegikeria salaketak ere zabaldu doaz. Datu ofizialen arabera, 2.000 hildakotik gora eragin dituzte borrokek. Desplazatuetatik gehienek, berriz, Cabo Delgadoko hiriburuan hartu dute aterpe, Pemban. Baina han ere tokirik gabe geratzen hasiak dira, eta hiri inguruko baso eremuetara jo dute. «Pembatik kanpo ez dute aterperik, baina hirian ere dagoeneko ez daude seguru», ohartarazi du Chichavak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.