Eric Damian Njuguna. Kenyako Fridays for Future-ko kidea

«Baztertuek gero eta arazo gehiago dituzte egokitzeko»

Damian Njugunarentzat, ipar-hego desberdinkeria etetea da klima larrialdia tratatzeko modua. Horretarako, konpromisoetatik ekintzetara salto egiteko eskatu du.

BERRIA.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Fridays For Future plataforma mundu osoko plazak hartzera itzuli zen ostiralean, eta arreta klima larrialdia gehien sufritzen ari den eremuetan (MAPA) jarrita egin du. Horietako batean bizi da Eric Damian Njuguna, Kenyan. Aktibista gaztearen esanetan, ez da erraza herrialde hartan klima larrialdia eteteko pausoak eskatzen dituzten mugimenduetan aritzea, batez ere, gaztea izanez gero: «Ez gara onartuak gizarte zibileko espazio publikoetan». Pausoak, baina, Ipar Hemisferiotik iritsi behar direla uste du.

Zergatik erabaki du plataformak berriz ere mundu mailako mobilizazioei ekitea?

IPCCren [Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea] azken txostenak erakusten du ekintzarako leihoa ixten ari dela eta klima larrialdia okerragotzen, arrakalak handiagotuz. Hori kontuan izanik, giza sufrimendua oso maila handian dago. Beharrak bultzatzen gaitu esku hartzera.

Plataformak interes berezia jarri du gehien kalteturiko pertsonetan eta eremuetan (MAPA). Zer-nolako aldaketak dira ezinbestekoak eremu horientzat?

Arrakala handituz eta klima larrialdia okerragotuz doan heinean, argi geratu da komunitate baztertuek gero eta arazo gehiago dituztela krisi horretara egokitzeko. Komunitate horiek krisiak eragindako ondorioetara egokitzeko, garrantzitsua da iparraldeko herrialdeek larrialdiarekin lotutako kalte ordainak ematea hegoaldekoei, horiek beharrezko neurriak hartu eta proiektuak martxan jar ditzaten.

Zehazki, zer egin dezakete Ipar Hemisferioko gobernuek?

Denok COVID-19ak eragindako pandemiatik ateratzeko lan egitea, txertoen banaketa parekatua bermatuz mundu osoan, eta jabetza intelektualak berarekin dakartzan mugak kenduz COVID-19ari lotutako teknologiari. Hori oinarrizko urrats bat da mundua bere onera itzul dadin modu ekologiko eta justu batean. Horrez gain, aitortu beharko litzateke klima larrialdiak arriskuan jartzen duela giza segurtasuna eta, beraz, errefuxiatu klimatikoen eskubideak bermatu beharko lirateke nazioarteko legedian.

Horrez gain, Ipar Hemisferioak isuriak eten behar ditu modu drastikoan, erregai fosilak alde batera utzita, eta haien ustiaketa eta erabilera amaituta. Egitasmo jakin batzuk behar ditugu, urteko karbono aurrekontu xehatu bat, bide orri batekin eta helburu batzuekin, ziurtatzeko karbono neutraltasunera helduko garela modu bidezko eta parekatu batean. Horretarako, aitortu behar dugu biodibertsitateak komunitate indigenen kulturan eta bizitzan duen neurrigabeko eragina, eta ahaleginak egin ekozidioa nazioarteko krimentzat jo dezaten. Herri indigenen, baserritar eta arrantzale txikien, eta ingurumen aktibisten aurkako biolentzia eta haien kriminalizazioa ere amaitu behar dira. Haien lana babestu behar da: errespetatu eta entzun.

Eta zer espero duzu MAPA eremuetako gobernuez?

Espero dut ez dutela hartuko erregai fosilen ustiaketa intentsiboaren bidea, iparraldeko herrialdeek egin dutenmoduan.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak hilabete hasieran adierazi zuen klima larrialdia onbideratzeko denbora amaitzen ari dela, eta espero duela Glasgowko COP26 goi bilera inflexio puntu bat izatea. Zer eskatzen diezu zuk parte hartzaileei? Eta zer espero duzu haietaz?

Ekintzarako leihoa azkar ixten ari da. Parisko akordioaren helburuak —munduko tenperaturaren igoera 1,5 gradu zentigradura mugatzea— betetzeko aukeratxikia galtzear gaude. Halere, badago esperantza oraindik.Munduko liderrek plan zehatzak aurkeztu behar dituzte, ez konpromisoak ezarri soilik. Ezinbestekoa da horiek lortzeko bide konkretuak ezartzea.

COP26 bilkuraren arrakastaren gakoetako bat izango da finantza klimatikora 100.000 milioi dolar bideratzeko helburua beteko ote duten. Beste bat, ea petrolio eta gas ustiaketarako esplorazio berririk ez egiteko konpromisoa adierazten duten. Eskura ditugu klima krisiari aurre egiteko konponbide guztiak. Hari aurre egiteko borondate politikoa falta da.

Nola eragin dio COVID-19aren pandemiak klima larrialdia geratzearen aldeko borrokari?

Modu ezberdinetan eragin du munduan zehar. Klima krisiaren ondoriorik larrienak jasaten dituzten herritarrak jo ditu gehienbat COVID-19aren pandemiak. Beraz, txiroenek jarraitu dute mundu mailako erronken kalterik nabarmenenak euren gain hartzen. COVID-19ak eragindako pandemiak are argiago erakutsi du zergatik den beharrezkoa desberdinkeria borrokatzea eta MAPA herriak babestea.

Etorkizunean zer bilakaera izan behar dute klima larrialdiaren aurkako neurriak eskatzen dituzten plataformek?

Ohiko ereduarekin haustea defendatzen jarraituko dugu. Klima krisia tratatzeko aldaketa sistematiko azkarrik ikusten ez dugunez, munduko liderrei zin egiten diegu ohikoa ez den aktibismo batekin erantzungo dugula. Fridays for Future plataformak eta klimaren inguruko gainerako mugimenduek larrialdi deia egiten jarraituko dugu. Kalera irtengo gara ostiralero, klima krisia tratatzeko berehalako neurriak eskatzeko. Ez gara geldirik egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.