Bayrouren aurkako zentsura mozioek ez dute aurrera egin, eta Asanbleak aurrekontuak onartu ditu

Alderdi Sozialistak ez ditu babestu Frantzia Intsumisoak lehen ministroaren aurka aurkeztutako mozioak, eta ezkerreko blokearen pitzadurak areagotu ditu horrek. Eskuin muturrak ere ez du bozkatu Bayorouren gobernuaren aurka.

François Bayrou lehen ministroa, Frantziako Asanblean, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
François Bayrou lehen ministroa, Frantziako Asanblean, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 5a
20:20
Entzun

Espero zen moduan, François Bayrou Frantziako lehen ministroaren aurkako zentsura mozioek ez dute gehiengorik lortu; hala, Frantziako Asanbleak aurrekontu orokorrak onartu ditu 2025erako, eta bihar bozkatuko dituzte senatuan. LFI Frantzia Intsumisoak aurkeztu dituen mozioetan lehengoan 128 diputatuk eman dute aldeko botoa, eta bigarrengoan, 122k; bietan ala bietan, gehiengo absolututik urrun (289).

Astelehenean, bozketarik gabe onartu zituen lehen ministroak aurrekontu orokorrak eta Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren lehen zatia, konstituzioaren 49.3 artikuluaren bidez. Horrek ahalbidetu zuen LFIk bi zentsura mozio aurkeztu ahal izatea. RN Batsun Nazionalak eta PS Alderdi Sozialistak ez dituzte mozioak babestu. Asanblean eserleku gehien duen alderdia da RN, eta, Frantzia Intsumisoaren ostean, ezkerreko blokeko alderdirik handiena da Alderdi Sozialista. LFIko diputatuez gain, mozioen aldeko botoa eman dute ekologistek eta komunistek, eta, lehen mozioan, sozialisten taldeko sei diputatuk ere bai.

Nahiz eta mozioak bozkatu aurretik hitza hartu duten alderdietako ordezkari gehienek esan duten ez daudela erabat ados aurrekontuekin, gehiengoak ez ditu babestu zentsura mozioak. Bayrouk berak ere onartu du aurrekontuak «inperfektuak» direla, baina esan du «urgentziazko neurria» izan dela horiek onartzea. Zentsura mozioak bozkatzen hasi aurretik, lehen ministroak ohartarazi du Frantziak aurrekontuak behar dituela otsailaren amaierarako, hartara inbertitzaileek «argitasuna» izateko, enpresek «egonkortasuna», eta herritarrek «akzio publikoan gutxieneko koherentzia bat berreskuratu» dezaten.

LFIko diputatu Aurelie Trouve izan da gaur arratsaldeko saioan hitza hartzen lehena. Frantziak gastu publikoan inoiz egindako murrizketarik handienaren erantzule izatea egotzi dio Bayrouri. Eta, gehitu duenez, lehen ministroak onartutako aurrekontuak Michel Barnier aurreko lehen ministroak proposatutakoak baino «okerragoak» dira. Barnierrek abenduan erabili zuen 49.3 artikulua aurrekontuak onartzeko, baina haren aurkako zentsura mozioak aurrera egin zuen, eta kargutik kendu zuten.

Trouveren ostean iritsi da Emmanuel Gregoire diputatu sozialistaren txanda. Iragan udan egindako bozetara NFP Fronte Popular Berria koalizioaren barnean aurkeztu ziren sozialistak eta LFI; gaur egun, baina, Asanbleako bloke handienaren barnean nabarmena da haustura. Gregoireren ustez, Bayrouren aurrekontuak Barnierrenak baino hobeak dira —haren aurkako zentsura mozioa babestu zuen PSk—. Esan du aurrekontuak ez direla «zuzenak», eta hauen falta sumatzen duela, besteak beste: justizia fiskala eta justizia soziala bultzatzen duten neurriak, trantsizio ekologikoa babesten dutenak, eta zerbitzu publikoak indartzen dituztenak. Halere, sozialisten «egitekoa» aurrekontuak negoziatzea zela nabarmendu du, frantziarrentzat «hondamena» eragin zezaketen erabakiak albo batera utzita.

Sozialista gehienek ez dituzte babestu, eta erabaki hori goraipatu du Marc Fesneau Modem alderdiko diputatuak —Bayrouren alderdia da Modem—. «Muturretatik» aldendu eta «eraikitzaileen» alde jarri izana eskertu dio Alderdi Sozialistari. Frantzia Intsumisoak Fronte Popular Berriaren aliantza «etetea» leporatu die sozialistei gaur arratsaldean kaleratutako ohar batean. Eta zentsura mozioaren alde bozkatu duten diputatu guztiak bilkura batera deitu ditu. Oliver Faure PSko idazkari nagusiak, ostera, gogorarazi du ezkerreko blokeak aurrera jarraituko duela «eskuin muturrari gailentzeko borondatea» dagoen bitartean.

Nahiko argi zegoen zer jarrera hartuko zuten Frantzia Intsumisoak eta Alderdi Sozialistak; ez, aldiz, RN Batasun Nazionalak. Atzo, Jordan Bardella alderdi ultraeskuindarreko presidenteak zentsura mozioa ez babesteko eskatu zuen, baina gaur arte ez dute argitu alderdiak zer erabakiko zuen. Yoann Gillet diputatuak gogor kritikatu ditu Bayrouk onartutako aurrekontuak. Frantzia Intsumisoko diputatuak esandakoaren aurka, diputatu ultraeskuindarrak azpimarratu du gastu publikoaren «sekulako» igoera ekarriko dutela aurrekontu berriek, eta langileek ordainduko dutela. Halere, ez du argitu zergatik ez zuten mozioa babestuko, eta ezkerreko blokeari mintzatu zaio: «Guztiek babestu zentsura mozioa; edo ez aurkeztu moziorik, eta hautsi zuen aliantza ofizialki».

Mozio gehiago

Bayrouk hiru zentsura mozio gainditu ditu lehen ministro karguan daraman hilabete eta erdian, baina gehiagori ere aurre egin beharrean izango da. Esana du 49.3 artikulua erabiliko duela Gizarte Segurantzaren aurrekontu legearen bigarren zatia onartzeko; beraz, oposizioak beste aukera bat izango du lehen ministroa zentsuratzeko. Halere, gaurkoek aurrera egin ez badute, ez dirudi datozenek ere behar beste babesik lortuko dutenik.

Sozialistek ez dituzte babestu gaurko mozioak, baina esana dute datorren astean beste bat aurkeztuko dutela. Frantziako Konstituzioaren 49.2 artikulua aplikatuko dute, lehen ministroak immigrazioaren inguruan egindako adierazpen batzuengatik. Modu sinbolikoan aurkeztuko dute mozioa, ez baitute espero eskuin muturrak babestuko duenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.