Bayrouren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin

Sozialistek ez dute Frantziako lehen ministroaren aurka egin, eta ezkerreko blokea zatitu dute. Guztira 131 diputatuk egin dute zentsura mozioaren alde.

Frantziako lehen ministro Bayrou, herenegun, Asanblean. TERESA SUAREZ / EFE
Frantziako lehen ministro Bayrou, herenegun, Asanblean. TERESA SUAREZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko urtarrilaren 16a
18:06
Entzun

Duela sei aste Michel Barnier Frantziako lehen ministroa kargutik kendu zuen Frantziako Asanbleak, zentsura mozio baten bidez. François Bayrou lehen ministroari gauza bera egiteko asmoz, LFI Frantzia Intsumisoak haren aurkako zentsura mozio batera deitu zuen gaurko. Oraingoan, baina, ez du aurrera egin. Izan ere, abenduaren 4an ez bezala, NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariek ez dute batera eman botoa: 131 diputatuk eman dute botoa zentsura mozioaren alde, gehiengo osoa lortzeko beharrezkoak diren 288 bototik urrun. Beraz, Bayrouren gobernuak karguan jarraituko du.

NFPren barruan indarraren aldetik bigarren alderdia da PS Frantziako Alderdi Sozialista —66 eserleku ditu, eta Frantzia Intsumisoak, berriz, 71—, eta, orokorrean, ez du bat egin zentsura mozioarekin. Asanblean eztabaida hasi aurretik jada jakinarazi dute beren erabakia. Liberation Frantziako egunkariak argitaratu duenaren arabera, Bayrouk PSri igorritako gutun bat izan da gakoa sozialistek lehen ministroaren aurka botoa ez emateko. PS ez zegoen pozik herenegun Bayrouk Asanblean iragarritako neurriekin, baina Bayrouk agindu die pentsioen inguruan beste lege proiektu bat aurkeztuko dutela eragile sozialek akordio orokorrik lortzen ez badute. Horixe eskatu zioten sozialistek.

Hori aginduta, ezkerreko blokea zatitzea lortu du. Hala baieztatu du LFIko buruzagi Jean-Luc Melenchonek, X sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez. «Baina [PSk] bakarrik ematen du amore. Beste hiru taldeek zentsura mozioaren alde bozkatuko dute. Borrokan jarraituko dugu», gaineratu du Melenchonek.

PSko idazkari nagusi Olivier Faurek Asanblean azaldu du zer dela-eta ez duten Bayrouren aurka egin: «Okerrenaren politika ez egitea erabaki dugu, politikarik txarrena ekar dezakeelako, hau da, eskuin muturra iristea. Horregatik ez dugu bat egingo zentsura mozioarekin». Jakinarazi duenez, 2025ean erretretak ez izoztea erabaki izana erakusten du Bayrouk «alternatiba bat» osa dezakeela, eta, beraz, adierazi dio harekin negoziatzeko prest daudela. Hala ere, ohartarazpen bat egin nahi izan dio lehen ministroari: «Eztabaida itxita dagoela iruditzen bazaigu, zentsura mozio bat aurkeztuko dugu; ez dugu statu quo-a onartuko».

«Macronismoaren makulu»

Melenchon ez da PSren aurka agertu den bakarra. LFIko koordinatzaile Manuel Bompardek Asanblean hitza hartu duenean «macronismoaren makulu» gisa definitu ditu Bayrouren alde egin behar zuten taldeak: «Haien iritziz, oraingoz itxaron egin behar da, eta egun edo aste batzuk barru baloratu. Ze justifikazio barregarria!».  Bayrouri, berriz, egotzi dio «hainbatetan gaitzetsi dituen politikak» defendatzen aritzea. Are gehiago, erretreten aferaren inguruko negoziazioetan gezurretan ibiltzea aurpegiratu dio: «Berak ez beste denok galtzen dugun negoziazio batzuk asmatu ditu».

Lehen ministroak, berriz,  «herrialdean gerra bat egitea» aukeratu izana egotzi dio LFIri. «Erabaki behar dugu zer bide hartu: konfrontazioarena edo elkarrizketa, hausnarketa, konpromiso eta negoziaziorako ahaleginarena», adierazi du Bayrouk.

EHbai-k zentsura mozioaren alde eman du botoa

EHBaik Frantziako Asanblean duen diputatu Peio Dufauk François Bayrou Frantziako lehen ministroaren aurkako zentsura mozioaren alde egin du. Dufau PS Frantziako Alderdi Sozialistaren talde parlamentarioko kidea den arren, ez du PSrekin bat egin bozketan, horiek Bayrouren alde egin baitute. «Emmanuel Macronek François Bayrou lehen ministro izendatzean, politika ultraliberalekin segitzeko erabaki argia hartu zuen», adierazi du EHBaik, ohar bidez, Dufauren botoa azaltze aldera. EHBaiko diputatua ez da PSko taldean egonda zentsura mozioaren alde egin duen bakarra: guztira zortzik eman dute Bayrouren aurkako botoa; tartean, Iñaki Etxanizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.