Bayrouk bozketarik gabe onartu ditu Frantziako aurrekontuak

Konstituzioko 49.3 artikulua erabili du Frantziako lehen ministroak 2025eko aurrekontu orokorrak onartzeko. Frantzia Intsumisoak iragarri du zentsura mozioa aurkeztuko duela, baina Alderdi Sozialistak ez du babestuko.

François Bayrou, Frantziako Asanblean, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
François Bayrou, Frantziako Asanblean, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko otsailaren 3a
19:00
Entzun

Frantziako Gobernuaren aurrekontu legea bozkarik gabe onarrarazi du François Bayrou Frantziako lehen ministroak. Frantziako Asanblean gaur arratsaldean hasi dira aurrekontu legea aztertzen, eta orduan esan du lehen ministroak konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliko zuela. Hala, 2025eko aurrekontuek aurrera egingo dute baldin eta oposizioak aurkeztutako zentsura mozioa onartzen ez bada. Frantzia Intsumisoak ziurtatu du Bayrouren aurkako mozioa aurkeztuko dutela, baina PS Alderdi Sozialistak ez du babestuko. Ikusteko dago RN Batasun Nazionalak zer egingo duen.

Duela bi hilabete, abenduaren 2an, modu berean jokatu zuen Michel Barnier orduan lehen ministro zenak (LR Errepublikanoak). Hark ere 49.3 artikulua erabili zuen aurrekontuak onartzeko, oposizioak zentsura mozioa aurkeztu zuen, eta kargutik kendu zuten. Haren antzeko egoeran dago orain Bayrou, baina badago desberdintasun argi bat: sozialistek esan dute ez dutela babestuko zentsura mozioa. Eskuin kontserbadoreko alderdia da LR, eta zentro-eskuinekoa Bayrourena, Modem.

Gaurtik ostiralera arte, Gizarte Segurantzaren aurrekontua aztertzeari ekingo diote asanblean. «Hamar eguneko epean» bi aurrekontuak onartuak izatea da gobernuaren helburua. Arratsaldeko lauretan hasi da aurrekontu legearen azterketa, eta minutu gutxi barru hartu du hitza lehen ministroak. Atzo La Tribune du Dimanche astekarian iragarritakoa baieztatu du: «Herrialdeek ezin dute aurrera egin aurrekonturik gabe; are eta gutxiago Frantziak», adierazi du Bayrouk. Eta hala, diputatuek bozkatu gabe, 2025eko aurrekontuak onartu ditu.

«Herrialdeek ezin dute aurrera egin aurrekonturik gabe; are eta gutxiago Frantziak»

 FRANÇOIS BAYROUFrantziako lehen ministroa

Bayrouren gobernuko kideek aurrekontuen xehetasunak azaldu ostean, lehen ministroak berriz hartu du hitza. Orduan, jakinarazi du 49.3 artikulua erabiliko duela Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren lehen zatia onartzeko ere. Are, espero izatekoa da gehiagotan ere erabiliko duela, aurrekontu horren gainerako zatiei bide emateko.

Konstituzioaren artikulu hori erabiltzen duen aldiro, aukera ematen dio oposizioari zentsura mozioa aurkezteko. Hala eginen du Frantzia Intsumisoak, eta ekologistek eta komunistek ere babesa emanen diote. Sozialistek, haatik, ez dute babestuko; eta RN alderdi ultraeskuindarrak asteazkenean jakinaraziko du Bayrou kargutik kentzearen alde bozkatuko duen ala ez. Oposizioko alderdiek 24 orduko epea dute zentsura mozioa erregistratzeko, eta beste bi egunekoa bozketa egiteko. Mathilde Panot Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioko presidenteak esan du bi zentsura mozio aurkeztuko dituztela, 49.3 artikulua erabili duen aldi bakoitzeko bat. Horiek horrela, espero da asteazkenean izatea lehen bozketa.

Ezkerra, zatituta

Asanbleako saioa hasi aurretik kaleratutako ohar batean, Alderdi Sozialistak adierazi du ez duela Bayouren aurkako zentsura mozioa babestuko herrialdearekin eta herritarrekin duen «erantzukizunagatik». PSko Bulego Nazionalak bilkura bat egin du, eta kide gehienek bozketan abstenitzearen alde egin dute. Halere, posible da hainbat diputatu independentek Bayrouren aurka bozkatzea; hala gertatu zen egungo lehen ministroaren aurkako lehen zentsura mozioan.

Oharraren arabera, sozialistak negoziatzen aritu dira gobernuarekin, eta zenbait kontutan aldaketak egitea lortu dute herritar zaurgarrienen mesederako. Halere, PSk ziurtatu du aurrekontu horiek ez direla ezkerreko gobernu batek proposatuko lituzkeen aurrekontuak. Bayrou lehen ministro izendatu zutenean, harekin ados jartzeko borondatea erakutsi zuten sozialistek, eta ez zuten haren kontrako lehen zentsura mozioa babestu, elkarrizketei bide emateko. Oraingoan ere, bide beretik jarraitu dute.

NFP Fronte Popular Berriaren haustura islatzen du sozialisten erabakiak. Eta hori bera izan du hizpide Frantzia Intsumisoko diputatu Eric Coquerelek. NFPko alderdien artean Frantzia Intsumisoak du eserleku gehien asanblean. Honela mintzatu zaio Coquerel prentsari: «PSk François Bayrouren aurrekontua onar dadin uzten badu, hari laguntza ematen ari da gobernuan parte hartu gabe ere. Hautesleekin eta Fronte Popular Berriko kideekin hartutako konpromisoak hausten ari da. Diputatu sozialistei eskatzen diegu alderdiaren aginduak ez errespetatzeko».

Eskuin muturraren jarrera erabakigarria izanen da beste behin. Sozialistak abstenituta, oposizioko alderdietako diputatu guzti-guztiek bozkatu beharko lukete Bayrouren aurka; hala, 289 boz bildu eta gehiengo absolutua izango lukete. Baina RNk oraindik ez du argitu zer jarrera hartuko duen. Azken egunetan, haiengana hurbiltzeko urratsak egin ditu Bayrouk, immigrazioaren kontrako adierazpen polemikoak eginda.

Nahiz eta ez duten babestuko aurrekontuak bozketarik gabe onartzeagatik aurkeztutako zentsura mozioa, sozialistek erabaki dute aurrerago beste zentsura mozio bat aurkeztea, Public Senat telebista kateak kaleratu duenez. «Errepublikaren balioak» babesteko aurkeztuko du PSk «zentsura mozio espontaneo» hori, Frantziako Konstituzioaren 49.2 artikulua aplikatuta. Lehen ministroak immigrazioaren inguruan egindako adierazpenengatik aurkeztuko dute mozioa.

Egoera ezegonkorra

Uztailean hautatu zituzten Frantziako Asanbleako diputatuak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak asanblea desegin eta eperik laburrenean hauteskundeetara deitu ondoren. Ez zen gehiengo argirik atera, eta hiru bloketan banatu zen asanbleako indar harremana: ezkerreko alderdiek osatutako Fronte Popular Berria, zentro-eskuineko eta eskuin kontserbadoreko taldeak, eta eskuin muturreko Batasun Nazionalarena. Ordutik, ezegonkortasun politikoa eta instituzionala nagusitu dira Frantzian.

Izan ere, oposizioak edonoiz irauli dezake gobernua zentsura mozio baten bidez. Hala gertatu zen udazkenean Michel Barnier lehen ministroarekin. Aurrekontuak onartzeko 49.3 artikulua erabiliko zuela iragarri zuen, eta zentsura mozio bat jarrita erantzun zion ezkerreko blokeak. Batasun Nazionalak ere babestu zuen mozioa, eta, hala, gobernua bota zuten.

Handik egun gutxira izendatu zuten Bayrou —Macronek jarri zuen karguan—, eta gehiengoa lortzeko elkarrizketak abiatu zituen  alderdi guziekin. Ezkerrak eskatu zion kontzesioak egiteko, hala nola erretreten erreformaren inguruan, baina, hitz egiteko prest zegoela adierazi bazuen ere, lehen ministroak ez zuen neurri argirik iragarri.

Bayrouren gobernua eroriko balitz, krisi politikoa nagusituko litzateke Frantzian. Urte bakarrean bi gobernu erorita eta aurrekonturik gabe, inoiz ikusi gabeko egoera batean sartuko lirateke. Konstituzioaren arabera, presidenteak ekain bukaera arte itxaron beharko luke asanblea beste behin desegin ahal izateko, urtebeteko epea utzi behar baita. Dimisioa aurkeztea eta presidentetzarako hauteskundeetara deitzea litzateke beste aukera bat. Horren esperoan daude Frantzia Intsumisoan, besteak beste, baina oraingoz ez dirudi halakorik gertatuko denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.