Argentinako presidentetzarako bozak. Lehen itzulia

Batasuneko gobernu bat osatzeko promesa egin du Massak

Hautagai ofizialistak lortu ditu boto gehien lehen itzulian, eta Milei ultraeskuindarrarekin lehiatuko da bigarren itzulian, azaroaren 19an. Eskuinaren botoa arrantzatu nahi dute

Batasuneko gobernu bat osatzeko promesa egin du Massak.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko kanpainarako abiapuntutzat har daitekeen promes bat egin du Sergio Massa Argentinako Gobernuko hurrengo presidentea izateko hautagai ofizialistak. «Batasuneko gobernu bat osatuko dut, onenak deituz, kontuan hartu gabe beren indar politikoa», nabarmendu zuen Aberriaren Aldeko Batasuneko presidentegaiak, herenegun gauean, bere jarraitzaileen aurrean, bozen lehen itzuliko emaitzak eskuan zituela. Inkestei eta aurreko abuztuko primarioei helduta, Donald Trumpen edo Jair Bolsonaroren sokako Javier Milei (Askatasuna Aurrera Doa) ultraeskuindarra zen irabazteko faboritoa, baina iazko uztailetik Ekonomia ministroa denak puntu gehiago lortu ditu: %37 eta %30 eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren sailkatutako eta, horrenbestez, datorren azaroaren 19an egitekoa den buruz buruko lehiatik kanpo geratutako Patricia Bullrich hautagai eskuindarraren (%23,9) bozkatzaileen sektore bat erakartzeko da peronistaren promesa hori, batez ere. Mileik ere haien botoa eskatu du, «aldaketa» aldarrikatuz. Azaroaren 12an bi presidentegaien arteko debate bat egongo da.

Gertatutakoa ezustekotzat jo liteke. Batetik, bi hilabete baino ez direlako pasatu primarioetatik—horiekin alderatuta, zazpi puntu igo da parte hartzea—. Massa presidentegai peronistak 5,3 milioi boto bildu zituen orduan (%21,5), eta atzo, aldiz, 4,3 milioi boto gehiago. Ustekabearen neurria ematen du krisi ekonomiko gero eta sakonagoan dagoela herrialdea, eta, halere, Ekonomia ministroak lortu dituela boto gehien lehen itzulian. 1991z geroztiko inflazio tasarik handiena dute —urte artekoa %124tik %138ra igo da— eta %40ren bueltakoa da pobrezia indizea, langabezia tasa %6,2koa izanagatik. Atzo, begiak bustiak zituela bere jarraitzaileen parean hitza hartu zuenean, besteak beste, pobrezia pairatzen ari direnak izan zituen gogoan Massak. «Jakin dezazuela presidente gisa ez dizuedala hutsik egingo».

Bullrich buru izan duen koalizioa, Elkarrekin Aldaketaren Alde, izan da galtzaile nagusia, botoaren polarizazioaren ondorioz. Kanpainan ez du jakin bere burua kokatzen, eta hori azken emaitzan nabaritu da. Ikusteko dago zer jarrera hartuko duen aurrerantzean, ea Massarentzako edo Mileirentzako botoa modu esplizituan eskatuko ote duen. Herenegun, lehen mezua ematean, behintzat, Massaren kontra egin zuen, baina Milei babestea saihestuz: «Populismoak herrialdea txirotu du, eta ez dut nik ahalbidetuko Argentinaren historia hurbileko gobernurik okerrena boterera itzultzea».

Mauricio Macri Argentinako presidente izan zenean (2015-2019) Segurtasun ministroa zen Bullrich, eta Macri berak ez du baztertzen Milek babestea. Eta ultraeskuineko hautagaiak berak atzo azpimarratu zuenez, presidente izandakoak esaten diona «entzuteko prest» dago. «Harreman oso ona dut Macrirekin. Haren eskarmentua oso baliagarria izan da», esan zuen Radio Mitren egin zioten elkarrizketa batean.

Militarren diktaduraren (1976-1983) ondoren, 1995ean hasi ziren bi itzulien sistema erabiltzen presidentetzarako bozetan, eta orduz geroztik egindako zortzi bozetan hiru aldiz jo behar izan dute bigarren itzulira, oraingoa kontuan hartuta. Aurrekoan, hain zuzen, Macri nagusitu zen, nahiz eta lehen itzulian Daniel Scioli izan zuen aurretik. Eta parte hartzea handia izan den arren, %77,7koa, diktaduraz geroztik egindako presidentetzarakoen artean txikienetan bigarrena izan da, 2007koaren ondoren (%76,2). Bigarren itzulia saihesteko, lehen itzulian botoen %45etik gora lortu behar ditu hautagai batek.

Mileik herenegun Bullrichen bozkatzaileei keinu bat eginez azpimarratu zuenez, herrialdearen bi heren daude «aldaketaren alde», eta, orduan, «bat eginda» jokatzera deitu du Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioa. Agerraldia baliatu zuen, bide batez, adierazteko bukatutzat ematen dituela kanpainako «erasoak. «Gure arteko desberdintasunetatik harago, ulertu behar dugu erakunde kriminal bat dugula aurrean».

Gisa horretako mezuen bidez, ultraeskuineko presidentegaiak bota du egur gehien kanpainako sura. Muturrekoa izan da haren jarrera, bai formalki, baita proposatutako edukiei dagokienez ere. Adibidez, nolabait ukatu egin ditu diktadura garaiko gehiegikeriak —gauza bera egin du klima aldaketarekin—, giza organoen salerosketa defendatu du, justizia soziala «aberrazio bat» dela adierazi du, eta motozerra batekin agertu izan da «kasta» deitzen dion estatuaren kontra planteatzen duen erasoa irudikatzeko.

Aintzat hartuta Argentina zein abagunetan dagoen, arlo ekonomikoa izango da bigarren itzuliko kanpainaren ardatzetako bat, eta ikusteko dago Mileik, beste bozkatzaile batzuk erakartzeko ahaleginean, neurri batean muzin egingo ote dien orain arteko bere planteamendu ultraliberalei: kanpo merkataritzari trabak kentzeari; estatua ia guztiz desegiteari; enpresa publikoak pribatizatzeari; zergak jaisteari eta, besteak beste, langabezia sariak desagerrarazteari. Haren arabera, horrek ziurtatzen du hazkunde ekonomikoa eta inflazioa jaistea.

Milei, indarrez Kongresura

Massarentzat, aldiz, estatua da inklusio soziala bermatzen duena,eta bestelako politika ekonomiko bat proposatzen du. Ziurtzat jotzen du, esaterako, datorren urtean, zerealen eta horien eratorrien zein hidrokarburoen eta mineralen esportazioari esker, Argentinak 40.000 dolar irabazi ahal izango dituela —37.600 milioi euro inguru—, eta horrek balioko duela pesoa indartzeko eta ekonomia antolatzeko.

Bestalde, Argentinako Kongresuko bi ganberak partzialki berritzeko hauteskundeak ere egin zituzten, herenegun. Horiek horrela, Mileiren alderdia, Libertarios markapean, indarrez sartu da bietara; batez ere Diputatuen Ganberara, 39 eserleku lortu baititu han. Behe ganberan, aulkien ia erdiak berritu zituen —257tik 130—, eta Senatuan, heren bat: 72tik 24. Goi ganberan ere sartu da eskuin muturrekoa, zortzi senatari lortuta. Ofizialismoak kolpea hartu du behe ganberan —11 gutxiago—, eta apur bat gora egin du Senatuan: hiru eserleku. Eskuinak, aldiz, bi ganberetan egin du behera. Zenbakiak ikusita, indar bakar batek ere ez du nahikoaindarrik lege proposamenak bere kabuz aurrera ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.