'Brexit'-a. Irlanda

Batasunaren muga

Irlandan kezka handiarekin daude erreferendumaren zain, inork ez baitaki 'brexit'ak zer ondorio izan litzakeen jada bi estatutan banatuta dagoen uhartean.

2016ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Erresuma Batuaren brexit-aren erreferendumaren eztabaidak nahiko espero izatekoa zen bide baterantz jo zuen lehengo astean, Derryn, Ipar Irlandan. Tony Blair eta John Major, biak ere herrialdeko lehen ministro izanak, Erresuma Batua EB Europako Batasunean geratzearen alde mintzatu ziren han, eta ohartarazi zuten ezen, brexit-a benetan gertatuko balitz, «betiko» hautsi litekeela «munduaren historian arrakastarik handiena izan duen batasuna». Zer batasunez ari ote ziren? Europarenaz? Ez, bada: Erresuma Batuarenaz... antza. Irlandan karta laranja esaten dioguna baliatu zuten hor Blairrek eta Majorrek, hots, 1880az geroztik politikari britainiarrek Ulsterko unionisten beldur konstituzional zaharrak hauspotzeko duten ohitura, Londresi komeni zaionean erabiltzen dutena, Erresuma Batuaren berehalako heriotzan oinarritua.

Bi lehen ministro ohiak betiko polizia txintxoaren eta polizia gaiztoaren jokoan aritu ziren: Majorrek, zehatz eta kontu handiz, hipotesia egin zuen zer-nolako eragin zoritxarrekoa izango lukeen Erresuma Batuaren batasunaren lau ardatzentzat brexit-ak eta, haren ondorioz, Eskoziaren independentziaren inguruko bigarren erreferendumak; Blairrek, berriz, beti bezala ahoan bilorik gabe, bere ohiko irribarrearekin, iragarri zuen Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko muga «gogorra» sortuko litzatekeela Ipar Irlandaren eta Hego Irlandaren artean. Mezua argi eta garbi emanda, bi gizonak beren Ingalaterra eder bihotzekora itzuli ziren, Ipar Irlanda ezbaian eta zer pentsatu ugarirekin utzita —azken inkesten arabera, %9k ez dute oraindik erabaki zeren alde bozkatu—.

Unionisten herenak, EBrekin

Erreferendumerako astebete baino gutxiago falta dela, unionista protestanteen artean herenek baizik ez dute segur aski babestuko Blairrek eta Majorrek Ulsterren unionismoari eginiko eskaria, eta beste bi herenak, berriz, brexit-aren alde bozkatzeko prest daude, DUP alderdi unionista handienari jarraituz. DUPentzat, betidanik euroeszeptiko izan denez, brexit-a zuzen-zuzeneko aukera da Erresuma Batuko legeak aberriratzeko eta unionismoaren alde egiteko, Europaren batasunaren kaltetan. DUPen bozeramaile Christopher Stalford BERRIArekin mintzatu da Blairrek, Majorrek eta bestek ateratako gaien inguruan: ukatu egin du Erresuma Batua hautsi egingo dela eta Irlandan muga gogor bat sortuko dela, eta «fantasiazko munduan bizi diren alarmista batzuen» teoriatzat jo ditu bate-batera jarri izan dituzten bi kontzeptu horiek. Mugaren gaiaren inguruan batik bat, DUPek irmo gogorarazi izan du pertsonen, merkantzien eta zerbitzuen Bidaia Eremu Komuna (CTA) ezarria dagoela Erresuma Batuaren eta Irlanda independentearen artean duela ia mende batetik, eta pentsatzekoa dela hemendik aurrera ere indarrean jarraituko duela. Aztertzeko dago, ordea, zer irudituko litzaiokeen akordio hori EBri baldin eta Erresuma Batua mendebaldeko muga bihurtuko balitz.

Mugaren beste aldean, Ipar Irlandan, nazionalista gehienbat katolikoen komunitateko kide gehien-gehienek, itxura guztien arabera, Ipar Irlanda aurrerantzean ere EBko Irlandatik gertu gelditzearen alde bozkatuko dute. Horregatik, Sinn Feinen diskurtsoaren ardatz nagusia Irlandaren batasunaren alde politikoa izan da, baita haren ustez nahitaezkoa den behar bat ere, hots, «Erresuma Batuak Europako Batasunetik alde egitea erabakitzen badu berehala mugaren inguruko bozketa bat egiteko beharra», Sinn Feineko lehen ministrorde Martin McGuinnessek eskatu duen bezala. Harrigarriro, ordea, Europako Parlamentuko kide Matt Carthyk, Sinn Feinen protokoloa hautsita, horrek zer ondorio izan ditzakeen azaldu zuen jendaurrean berriki, iradokita «trantsiziorako akordio» nolabaiteko batzuk egin litezkeela eta horiek berekin ekar lezaketela, «beharbada, Belfasti etengabe eskumenak itzultzea Irlanda oso baten egituraren barruan».

Eztabaidaren hirugarren aldean, Etekinen gainetik, jendea izeneko aliantza sozialista dago (PBP), kanpaina bat hasi baitu lexit delakoa proposatzeko (leftwing exit), hau da, ezkerraren bidea hautatuta EBtik alde egitea babesteko. Ipar Irlandako legebiltzarkide Gerry Carrollek —Belfast mendebaldeko bozketan nagusi izan da orain dela gutxi— honela azaldu dio BERRIAri PBPren arrazoibidea: «EB erakunde zeharo antidemokratiko eta arduragabe bat ari da bihurtzen. Begira, bestela, zer gertatu den Greziarekin». Carrollek sutsu bereizi ditu PBP aliantza eta brexit-aren beste aliatu atzerakoi batzuk, eta arrazismoa hauspotzea leporatu dio Boris Johnsoni, brexit-aren aldeko lider kontserbadore eta Londresko alkate ohiari. Majorri eta Blairri dagokienez, berriz, bereziki gogor kritikatu du Blairrek Derryn egindako bisitaren helburua: «Guri bakearen inguruko lezioak ematera etorri da, jakinik bera dela Iraken gertatu denaren erantzuleetako bat».

Komunitateen botoa

Blairren eta Majorren hipotesiaren logikari jarraituz, egoera bitxi bat geratzen da begi bistan: unionismoaren eta nazionalismoaren alderdi nagusiak, DUP eta Sinn Fein, beren interes estrategiko gailenaren kontra ari dira argi eta garbi, hau da, Erresuma Batuaren batasunaren indar eta ahultasun erlatiboaren kontra. Nolanahi ere, guztiz da eztabaidagarria zenbateraino den zuzena analisi hori. Egiaz, seguru asko, inork ere ezin du oso zehatz iragarri zer ondorio izango lituzketen brexit-aren alderdi konplexuek eta zer prozesu abiaraziko luketen: zer kontrol jarriko lituzketen Irlandako mugan, zenbateraino litzatekeen onargarria Eskoziako independentziari buruz beste erreferendum bat egitea, Ipar Irlanda zenbateraino izango litzatekeen bideragarria etorkizunean Eskozia gabe gera litekeen erresuman, zer aukera legokeen Irlanda batzeko bozketa bat egiteko, eta abar. Datorren ostegunean, nazionalistek EBn geratzearen alde egingo dute segur aski, eta unionistek —nahiz eta iritzi banatuagoak dituzten—, EBtik joatearen alde, seguru asko; bada, esanguratsua da komunitate bakoitzaren gehiengoaren interesa beti bezain garrantzitsua izatea boto-emaile bakoitzarentzat.

XX. mendearen hasieran Europan zegoen egoera nahasiaren erakusgarri, Winston Churchillek honela esan zuen behin, Ulsterko katoliko nazionalisten eta protestante unionisten arteko banaketa itxuraz ezin konponduzkoarekin zapuztuta: «Europako mapa goitik behera aldatu da. Baina, erauntsia apalduz doan heinean eta urak bere onera datozen heinean, Fermanagh eta Tyrongo kanpandorre tristeak begiztatzen hasi gara berriro». Erresuma Batuan azkenean brexit-ik edo lexit-ik badago eta EB beste era batean egituratzen bada, ez da segurua Ipar Irlandako bi komunitateen statu quo-ak bere hartan eutsiko ote dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.