ERLIJIOA

Batasunaren Eliza ikertzeko agindu du Japoniako lehen ministroak

Shinzo Abe Japoniako lehen ministro izandakoaren hilketaren harira ikertuko dute erakunde erlijiosoa, hiltzaileak talde hori bere familiaren egoera ekonomikoaren erantzuletzat jo ostean. Alderdian egindako inkesta baten arabera, LDPko 379 legegileen ia erdiek harremana dute Batasunaren Elizarekin.

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroa prentsaurreko batean, Tokion. SHUJI KAJIYAMA / EFE
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 17a
14:07
Entzun

Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak Batasunaren Elizaren gaineko ikerketa abia dezatela agindu du gaur. Shinzo Abe Japoniako lehen ministro izandakoaren hilketaren harira iritsi da erabakia.

Uztailaren 8an egin zion tiro Japoniako ministro ohiari Tetsuya Yamagami 41 urteko herritarrak, hauteskundeen atariko kanpainan hitz egiten ari zela. Hiltzaileak aitortu zuen Batasunaren Elizaren jarraitzailea izateagatik hil zuela Abe. Antza, Yamagamiren ama talde erlijioso horren jarraitzailea zen, eta ekonomikoki jota gelditu zen taldeari 100 milioi yen (689.300 euro) eman ondoren.

Bakearen Aldeko Familien Federazioa eta Munduaren Batasuna izenez ere ezaguna da talde erlijioso hori, eta jomuga mediatikoan egon da ministro ohia hil zutenetik. Japonian 100.000 jarraitzaile inguru ditu, eta ezkontza masiboak, prezio handian eskainitako «salerosketa espiritualak» eta jarraitzaileen emari ekonomiko handiak ditu ezaugarri.

Gainera, harreman estua du Japoniako paisaia politikoarekin, batez ere agintean dagoen LDP Alderdi Liberal Demokratikoarekin. Alderdian egindako inkesta baten arabera, LDPko 379 legegileen ia erdiek era bateko edo besteko harremana dute erakunde erlijioso horrekin.

Abe hil zutenetik, gora egiten ari dira Batasunaren Elizaren aurkako salaketak. Talde erlijiosoak horiek guztiak ezeztatu ditu, eta «hilketaren kontakizuna aldatzea» egotzi die komunikabideei eta abokatuei, «hiltzailea Elizaren biktima bihurtzeko». Hala ere, Kishidak adierazi du Elizak ustez eragindako biktima eta banatutako familia pobreen kopuru handia «seriotasun handiz» jorratuko dutela.

Abian jarriko den ikerketaren lehen pausoa izango da Japoniak 1996an ezarritako erakunde erlijiosoen araudiaren legea berrikustea. Emaitzaren arabera, baliteke Batasunaren Elizak erakunde erlijioso estatusa galtzea, baita horregatik jasotzen duen dirua ere. Keiko Nagaoka Hezkuntza eta Kulturako ministroak adierazi du «berehala» abiarazi nahi duela ikerketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.