Frantziako Asanblearako bozak

Batasun Nazionala, zuritze arrakastatsuaren adibide bat

Eskuin muturra Frantziako paisaia politikoaren erdigunean dago, Le Penek alderdiaren buruzagitza hartu eta ia hamabost urtera. Macronen agintaldian lortu du indar handiena, harekin haserre diren herritarrak erakartzen asmatu baitu, besteak beste.

Ezkerretik eskuinera: Jordan Bardella RNren presidentea eta Marine Le Pen alderdiaren presidente izandakoa (2011-2021), iragan martxoan, mitin batean selfie bat egiten. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Ezkerretik eskuinera: Jordan Bardella RNren presidentea eta Marine Le Pen alderdiaren presidente izandakoa (2011-2021), iragan martxoan, mitin batean selfie bat egiten. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 29a
05:10
Entzun

Azken hamar urteotako inkestetan argi ikusten da eboluzioa: RN Batasun Nazionalaz aritzean, geroz eta herritar gutxiagok uste dute alderdi hori arrisku bat dela demokraziarentzat, geroz eta herritar gutxiagok uste dute eskuin muturrekoa dela, geroz eta herritar gutxiagok uste dute xenofoboa dela; aldiz, geroz eta herritar gehiagok uste dute beren kezkak aintzat hartzen dituela eta, batez ere, gobernatzeko gai dela.

Europako hainbat herrialdetan gertatzen ari den bezala, Frantzian ere geroz eta onartuago dago eskuin muturra. Eta Hungarian eta Italian ultraeskuina gobernatzen ari den honetan eta Eslovakian, Finlandian, Herbehereetan, Kroazian eta Txekian koalizio gobernuetako kide den honetan, RNk inoiz baino aukera gehiago ditu agintera iristeko; kasu horretan, lehen ministroaren kargua eduki eta hala Matignongo giltzak eskuratzeko —presidentetzarako hurrengo bozak 2027rako aurreikusita daude—. Kontinentean gertatu bezala, hainbat arrazoik azaltzen dituzte aldaketa horiek guztiak, baina, gauza guztien gainetik, RNri dagokionez, zuritze prozesu bat dago arrakastaren atzean.

Duela hamabost bat urte hasi zuten ibilbide hori, 2011n Marine Le Penek FN Fronte Nazionala zenaren buruzagitza hartu zuenean; garai hartan, eskuin muturreko alderdia bazter batean zegoen, inork ez zuen hartaz ezer jakin nahi, inork ez zuen harekin eztabaidatzen eta horren kontrako fronte errepublikanoa indarrean zegoen. Le Penek, baina, hori guztia aldatu nahi zuen, eta 2015ean hartu zuen lehen erabaki garrantzitsua FN alderdi normal bilakatzeko: haren aita Jean-Marie Le Pen bota zuen, alderdiaren sortzaileetako bat —besteak beste, Alemaniako Waffen-SSko eta Frantziako OAS Armada Sekretuaren Erakundea eskuin muturreko taldeko kide ohiekin batera—.

Zatiketa politiko horrek modua eman zion Le Pen alabari aitarekin distantzia ezartzeko, batez ere gai eztabaidatsuen inguruan. Bigarren Mundu Gerra da horren adibide: nazien gas ganberak «historiako detaile bat» direla esan zuen 2015ean FNren buruzagi izandakoak, eta uko egin zion Philippe Petain mariskala «traidore» deitzeari —Vichyko erregimena estatu kolaborazionistaren burua izan zen 1940tik 1944ra—. FN eta RNren presidente izandakoak (2011-2021), berriz, esana du antisemitismoaren kontra dagoela —halere, alderdiak hautagai antisemita batzuk aurkezten ditu—, eta Bigarren Mundu Gerrako okupazioa «izugarrikeria bat» izan zela.

Jean-Marie Le Pen
Jean-Marie Le Pen FNren presidente ohia (1972-2011), Europako Parlamentuan, 2015ean. PATRICK SEEGER / EFE

Abortuaren gaian ere islatzen da aldaketa hori, Le Pen aita eta FN horren kontrakoak baitziren, eta Le Pen alaba eta RN, aldiz, aldekoak; EB Europako Batasunari eta euroari dagokienez, gauza bera, eskuin muturreko alderdia EBn geratzearen eta moneta horren aldekoa baita orain.

Behin alderdiaren historia, jatorri kolaborazionista eta izaera arrazista eta homofoboa hobekien irudikatzen zituen alderdikidea —eta senidea— kanporatuta, FNri itxura aldatu zion Le Penek, eta are, 2018an, izena aldatzea erabaki zuen: harrezkeroztik, Batasun Nazionala deitzen da, irudi garbiagoa izateko asmoz. Urtebete lehenago, FNren hautagai zenak presidentetzarako bozen bigarren itzulian sartzea lortu zuen, krisi ekonomikoaren ondorioak eta Europan handitzen ari zen ultraeskuindarren olatua baliatuta, baina ez zuen irabaztea lortu, fronte errepublikanoa indarrean baitzegoen, eta Frantziako estatuburu bilakatuko zenak, Emmanuel Macronenek, mendean hartu baitzuen bi itzulien arteko telebistako eztabaidan.

Identitate aldaketa hori, beraz, ezinbestekoa zen normalizazio prozesuan aurrera segitzeko eta presidentetzarako hurrengo hauteskunderen batean irabazteko.

Hedabideak eta beldurrak

Alderditik kanpo, zuritze prozesuan asko lagundu dute hedabideek, batez ere telebista kate batzuek, urteotan garrantzia eman baitiete eskuin muturrak lehenesten dituen gaiei, eta eztabaiden eta saioen erdigunean jarri. Hori gutxi ez, eta RNko politikariak eta haien ideiak defendatzen dituzten analistak gonbidatzen dituzte; hori bera nahiko berria da, lehen inork ez baitzuen eskuin muturrarekin eztabaidatu ere egiten.

Adibiderik esanguratsuena Vincent Bollore diruduna da, inperio mediatiko kontserbadore eta erreakzionario bat eraiki baitu, eta erosi dituen egunkari eta telebista eta irrati kate askok, jarrera eskuindarraren ordez, joera ultraeskuindarra hartu baitute urteotan. Le Journal du Dimanche, Paris Match, CNews, C8 eta Europe 1 dira horietako batzuk, migrazioaren eta segurtasunaren aferak erdigunean jarri baitituzte, eta beldurrean oinarrituriko giro bat sortzen baitute lantzen dituzten gaiei lotuta. Eta, horri esker, ultraeskuineko alderdia aurkezten dute alternatiba gisa, aintzat harturik, gainera, Macronek ere zuritu egin dituela segurtasunari eta migrazioari loturiko ideia horietako batzuk, haren agintaldian bertan horiek sustatzeraino.

Horren guztiaren ondorioz, joera bat finkatu da, eta Frantziako bozetako emaitzen eboluzioa norabide bakarrekoa da Le Pen buruzagi denetik. Presidentetzarako bozetan, 2012an botoen %17,9 lortu zituen lehen itzulian —ez zen igaro bigarren itzulira—; 2017an, lehen itzulian babesen %21,3 (+3,4) bildu zituen, eta bigarrenean %33,9; eta 2022koetan, %23,15 (+1,85) eta %41,45 (+7,55), hurrenez hurren. Asanblearako hauteskundeetan, 2012an eserleku bakarra lortu zuen RNk, 2017an zazpi izan ziren (+6), eta 2022an 89 aulkiraino igo zen (+82). Aurten, ez dituzte 200 baino gutxiago lortuko, inkesten arabera betiere.

RN, gainera, gizarteko sektore guztietara iritsi da aurten, Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Konparazioa egitearren, 2017ko eta 2022ko presidentetzarako hauteskundeetan, batez ere Frantziako hegoaldean, hego-ekialdean eta iparraldean zuen hauteskunde oinarria, baina hilabete hasieran izandako bozetan agerian geratu da geografikoki nabarmen zabaldu dela, eta hautesleriaren sektore guztietara iritsi dela, boto emaileak haserre baitaude Macronekin, eta horiek erakartzea lortu baitu, besteak beste, erosteko ahalmenean ere arreta jarrita.

Edonola ere, herritarren parte handi batentzat RN oraindik ere ez da alderdi normal bat, ez da indar politiko zilegia. Paisaia politikoan normalizatu da, bai, baina bide luzea du egiteko gizartean erabat normalizatu nahi badu. Hortaz, horrek agerian uzten du prozesua ez dela eragotzi ezinezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.