Basora, Kongoko matxinoetatik ihesi

Kongoko Errepublika Demokratikoan sei ekintzailek ezkutatu egin behar izan dute M23 gerrillak egindako lapurreta bat salatzeagatik. NBEri laguntza eskatu diote, baina, gaur-gaurkoz, ez dute babesik lortu.

Iheslarietako bost, artxiboko argazki batean. BERRIA
Iheslarietako bost, artxiboko argazki batean. BERRIA
Oskar Epelde Juldain.
2025eko martxoaren 19a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Martxoaren 6az geroztik ezkutuan daude Hego Kivuko gizarte zibileko Meatokiak taldeko sei kideak, eta martxoaren 10etik, telefono saretik kanpo daude, gainera. Hain zuzen, otsailaren 19an Meatokiak taldeak salatu zuen M23 gerrillak koltana esportatzeko Bukavuko biltegi bat arpilatu zuela. Biharamunean, salaketa sareetan zabaldu zutenean, mehatxu egin zieten, taldeko kide batek kontatu duenez. «Mehatxu larriak egin zizkiguten, eta ez genuen beste aukerarik: behartuta geunden ihes egitera», azaldu du Patrice Lwabagumak. Hamahiru egunez, leku espiritual batean hartu zuten babes.

«Bazkide guztiei jakinarazi genien, bai eta NBEren Giza Eskubideen Koordinazio Bulegoari eta Monuscori [Kongoko Errepublika Demokratikoa Egonkortzeko Nazio Batuen Misioari] ere, lekuz aldatzeko beharra genuela, baina, zoritxarrez, solasaldiak besterik ez dira izan, eta gure egoera geroz eta okerragoa da. Gela uztera behartu gaituzte. Ataka dramatiko batean gaude, sasi artean, basoaren erdian. Baina ez dugu beste aukerarik, bizitzak salbatzea baita kontua», azaldu zuen Lwabagumak, dirurik ezin ordaintzeagatik parrokiako gela utzi behar izan zuten egunean.

Monuscok, aintzat hartuz 53/144 ebazpenaren arabera Meatokiak taldekoek eskubidea zutela babes indibidualeko programaz baliatzeko, malguago eta azkarrago jardutea agindu zuen, eta taldearekin harremanetan jarri zen babes aukerak aztertzeko.  «Promes soilak izan dira: sostengu ekonomikoa agindu digute, baina noiz iritsiko den zain gaude, Zabalik dagoen aterik ezin da behartu: agian prozedurak arazoren bat sortzen du. Behintzat, badute gure egoeraren berri, eta horrek itxaropena ematen digu, harago hasten den itxaropena».

Krimenak dokumentatu

Ezkutuan daudenetik ez dute gaitasunik gerraren itzalean gertatzen diren krimenak aztertu eta dokumentatzeko. M23 taldeko matxinoek Goma eta Bukavu hartu dituztenez geroztik egoera politiko eta diplomatiko kaotikoa dago —atzo egitekoak ziren M23 taldearen eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko elkarrizketak, baina matxinoek, azken orduan, uko egin zioten parte hartzeari—, eta, horrekin batera, egitura zibil gehienetako zuzendaritza batzordeak ez daude jada euren tokian. Minova hiriko beste eskubide defendatzaile baten arabera, helburua zera da: «Adierazpen askatasuna itotzea eta gizarte zibileko egituren funtzionamendua ezabatzea, ez dadin geratu garai politiko erabakigarri honetan egiten dituzten delituen aztarnarik».

«Bukavun dauden eragile zibilak beldurrez bizi dira: ezin dute hitz egin giza eskubideen urraketa larriei buruz, zeren atxilo hartu eta espetxeratu egingo bailituzkete, edo, bestela, gure egoera berean bukatuko lukete. Gu ausartak izan ginen: salaketa egin, eta ondorio hauek izan dira. Besteak bizigabe geratu dira. Benetako arazoak daudela nabari dutenean, ez dira gai gaitzari aurrez aurre begiratzeko eta hitz egiteko. Ihes egiten dute. Izan ere, gaur egun, giza eskubideen defendatzaile gehienak Burundin daude», dio Lwabagumak telefonoaren bestaldetik.

Lwabagumak uste du sasian sartu beharrean oinarrizko eskubideen defentsan jarduteko etxera itzultzea zera litzatekeela, «norbere burua arrisku bete-betean jartzea»: «Miatu egin gintuzten; eta guk mezuak idatzi genituen: ezin dugu atzera egin. Beharbada modua izango dugu basoan oinez aurrera egiteko; beharbada bihar edo etzi, basoaren egoerari buruzko informaziorik badugu, norabait iritsiko gara gauean, eta horrela jarraituko dugu matxinoek okupatuta ez dauzkaten guneetaraino iritsi arte. Nahiago genuke laguntza ekonomikoa izan eta errepideak ireki artean nonbait babesteko modua eduki».

Segurtasunik eza

Azken asteetan matxinoek lurralde eta herri gehiago hartu dituzte bai hegoaldean, baita iparraldean ere. Hala ere, hartutako hirietan, —Bukavun, esaterako— ez dute lortu segurtasuna ezartzea. Aldi berean, atzeratzen ari dira gatazkaren konponbide politikoa martxan jartzea, nahiz eta jada aho batez onartua den, gizarte zibilean behintzat, bideak bi ardatz izan behar dituela: elkarrizketa —Afrika Ekialdeko eta Hegoaldeko komunitateak horren alde ari dira— eta gotzain katoliko eta protestanteek proposatutako bakerako itun soziala.

«Herritarren segurtasunak eta ongizateak garrantzi handiagoa izan beharko lukete zatiketa eta lehia guztiek baino». Horixe idatzi du Gizarte Zibileko Koordinakunde Probintzialeko buruak, Nene Bintuk, Bukavutik alde egin eta gero, Hego Kivuko dekanoekin batera sinatu eta matxinoek izendatu duten gobernadoreari bidali dioten gutun batean. Hartan, gogorarazi dio «herritarrak babesteko ardura» duela eta salatu du arriskuak eta krimenak gero eta gehiago direla.

«Kongoko Gobernua matxinadari aurre egin ahal izateko botere iturri baten bila dabil»

PATRICE LWABAGUMAHego Kivuko ekintzailea

Dirurik gabe, sasian, Lwabagumak eta haren taldekideek euripean igaro dituzte ibilbidearen lehenengo gauak, nora iritsiko zain eta etxekoak «artzainik gabeko artaldeak bezala» daudela pentsatuz. Etorkizunari zer deritzon galdetuta, halaxe erantzun du: «Iluna izango da, oso. Zenbait izpiritu borrokan ari dira elkarren artean. Batetik, Kongoko Errepublika Demokratikoan balkanizazioa ezartzeko prozesu batean gaude. Bestetik, Kongoko Gobernua matxinadari aurre egin ahal izateko botere iturri berri baten bila dabil».

Elkarrizketa beharra ere nabarmendu du Lwabagumak. Haren esanetan, matxinoek eta beste talde armatu guztiek parte hartu beharko lukete horietan, borrokan dauden guztiek eta gobernuak beste konstituzio bat onar dezaten. «Gobernu ereduari buruz sakonki hitz egiteko beharra daukagu. Esango nuke iparrorratza federalismoa dela, federalismoak modua emango baitu gobernu eredua aldatzeko. Bestela, Kongo txikitu egingo dute. Estatu federal horretan, 149 lurraldeak probintziak bilakatuko lirateke, eta finantza autonomia izango lukete, herrialdeak ez daitezen Kinshasaren bidez kudeatu aurrerantzean, eta ez daitezen egon bi edo lau talde edo familia politikoren eskuetan». Hori lortzeko metodologia eta eztabaida sakonak behar direla uste du ekintzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.