Baso tropikalen suntsiketa handitu egin zen iaz ere, konpromisoek huts eginda

WRIren arabera, 4,1 milioi hektarea oihan desagertu ziren iaz. 2021etik 2022ra %3,6 handitu da desagertutako baso primarioen hedadura

Brasilgo Amazoniako oihanaren parte bat, ingurua kiskalita dagoela, sute handi bat izan ondotik. MARIZILDA CRUPPE / EFE.
inaki petxarroman
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Munduak 4,1 milioi hektarea oihan tropikal galdu zituen iaz—Euskal Herriaren eremua halako sei—, hau da, hamaika futbol zelairen pareko galera izan zuen minutuero. Suntsiketa horrek, bioaniztasun galera itzelaz gain, 2,7 giganona CO2 isurtzea ekarri zuen, hau da, Indiak urtero isurtzen duenaren parekoa.

Datu horiek eman zituen atzo World Resources Institute behatokiak (WRI , eta salatu zuen 2021ean munduko agintariek Glasgown klimari buruzko goi bileran (COP26) hartutako konpromisoaren kontrako bidean doala errealitatea gai horri dagokionez ere. Orduan, 145 herrialdek deforestazioa eta lurraren hondamena geratzeko konpromisoa hartu zuten 2030era begira. Horiek dira akordio hura sinatu ondorengo urte osoko lehen datuak, eta aukera ematen dute hitzarmen horrek zer ondorio izan dituen ikusteko. Akordio hori betetzeko hurrengo zazpi urteotan urtean %10 gutxitu beharko litzateke baso primarioen suntsiketa. Aitzitik, 2021etik 2022ra %3,6 handitu da desagertutako baso primarioen hedadura.

Oihan tropikal hezeak munduko biodibertsitatearen altxorrak dira, eta karbono gordailu itzelak ere bai; beraz, munduko klima eta biodibertsitate krisiei aurre egiteko giltzak dira. WRIk emandako datuen arabera, Brasil da suntsiketaren erantzule nagusia. Izan ere, galdutako oihanen %43 herrialde horretakoak ziren 2022an, 1,8 milioi hektarea hain justu ere. Atzetik doazkio Kongoko Errepublika Demokratikoa (0,51 milioi hektarea) eta Bolivia (0,38 milioi hektarea). Kolonbian eta Perun bereziki txarrak dira datuak. Kontrara, WRIk esan zuen Indonesian eta Malaysian suntsiketa inoiz baino txikiagoa izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.