Iaz 4,1 milioi hektarea oihan tropikal galdu zituen munduak —Euskal Herriaren eremua halako sei—, hau da, hamaika futbol zelairen pareko galera izan zuen minutuero. Suntsiketa horrek, bioaniztasun galera itzelaz gain, 2,7 giganona CO2 isurtzea ekarri zuen, hau da, Indiak urtero isurtzen duenaren parekoa.
Datu horiek eman ditu gaur World Resources Institute (WRI) behatokiak, eta salatu du 2021ean munduko agintariek Glasgowko klimari buruzko goi bileran (COP26) hartu zuten konpromisoaren kontrako norabidean doala errealitatea gai honi dagokionez ere. Orduan, munduko 145 herrialdek deforestazioa eta lurraren hondamena geratzeko konpromisoa hartu zuten 2030era begira. Hauek dira akordio hura sinatu ondorengo urte osoko lehen datuak, eta aukera ematen dute hitzarmen horrek zer ondorio izan dituen ikusteko. Akordio hori betetzeko, hurrengo zazpi urteotan urtero %10 gutxitu beharko litzateke baso primarioen suntsiketa. Aldiz, 2021etik 2022ra %3,6 handitu da galdu diren baso primarioen kopurua. «Deforestazioa gelditzeko bidean gara? Erantzuna argia da: ez», zehaztu du WRIko basoen programako zuzendari Rod Taylorrek.
Oihan tropikal hezeak munduko biodibertsitatearen altxorrak dira, eta karbono gordailu itzelak dira; beraz, munduak bizi duen klima eta biodibertsitate krisiei aurre egiteko giltzak dira.
Bolsonaro eta Lula
WRIk emandako datuen arabera, Brasil da suntsiketaren arduradun nagusia. Izan ere, galdutako oihanen %43 herrialde horretakoak ziren 2022an, 1,8 milioi hektarea, hain justu ere. Atzetik doazkio Kongoko Errepublika Demokratikoa (0,51 milioi hektarea) eta Bolivia (0,38 milioi hektarea). Kolonbian eta Perun bereziki txarrak dira datuak, eta, zerbait positiboa aipatzearren, WRIko arduradunek adierazi dute Indonesian eta Malaisian historikoak direla datuak, suntsiketa inoizko mailarik txikiena izan delako bi-bietan.
Beste zantzu positibo batzuk ere ikusten ditu WRIk, bereziki, Luiz Inacio da Silva Lulak Amazoniaren deforestazioa geratzeko azaldutako prestasuna. Izan ere, 2005etik ezagutu gabeko suntsiketa jasan du Brasilgo Amazoniak Jair Bolsonaroren agintaldian. Edozein moduz, proportzionalki, oihan gehien galdu dituzten herrialdeak Ghana, Bolivia, Angola eta Camerun izan dira. Horri dagokionez, garrantzitsutzat jo du Europako Batasunak deforestazioarekin zerikusia duten gaiak ez inportatzeko hartu duen konpromisoa; besteak beste, soja eta kakaoa.