Inoizko urterik beroenean, planetako lekurik beroenetako batean, eta petrolio ekoizlerik handienetako baten —Arabiar Emirerri Batuen— hiriburuan, Abu Dabin, ekin diote asteon klima aldaketari buruzko aldeen 28. bilerari, COP28ari. Mahai gainean dituzte klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartzeko proposamenak, isuriak gutxitzekoak, egokitzekoak eta finantzatzekoak. Parisko Hitzarmenean adostu zuten 1,5 graduko berotzearen muga gero eta gertuago dagoela —2023an tenperatura 1,45 bat gradu beroagoa izango da industria aurreko aroan baino—, anbizio handiko akordio batekin erantzun nahi dio COP28ak halako bilerekin gero eta ezkorrago dagoen munduari. Hauek dira eztabaidagai dituzten gai nagusiak.
Energia trantsizioa bizkortzeko neurriak
Berotegi gasen isuriak ez dira behar beste jaitsi. IPCCk iragarri zuen helburua lortzeko, hau da, 2019koaren aldean 2030erako berotegi gasen isuriak %43 gutxitzeko, urtero-urtero %7 gutxitu beharko lirateke isuriak hurrengo zazpi urteotan. Aurten, berriz ere, %0,5 inguru handituko dira isuriak, eta, pandemia urteko jaitsiera kenduta, ez da egon jaitsiera handirik Parisko Hitzarmena sinatu zenetik. Arabiar Emirerri Batuek gai horretan nahi diote munduari akordio indartsu bat erakutsi, antolatzaile eta petrolio ekoizle gisa, sortzen dituen errezeloei erantzuteko besteak beste. Nazioarteko Energia Agentziari (IEA) eskatu dio ministroak biltzeko akordio baten barruan. Eta oinarri bat eramango du goi bilerara, bost helburu hauekin: energia berriztagarrien potentziaren ahalmena hirukoiztea 2030erako; eraginkortasun energetikoa bikoiztea; erregai fosilen erabilera %25 gutxitzea 2030erako, eta %95 2050erako; erregai fosilen ustiaketatik isuritako metanoa %75 gutxitzea 2030erako; garabidean diren herrialdeetan eta ekonomia emergenteetan energia berriztagarrietarako inbertsioak hirukoiztea.
Hitzak eta promesak, alde batean, baina errealitatea dago bestaldean. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) kaleratu berri duen txosten baten arabera, gobernuek erregai fosilen ustiaketarako dituzten planek aurrera egingo balute, erraz gaindituko litzateke Lurraren 1,5 graduko berotzea. Zehazki, 2030erako 1,5 graduko muga hori ez gainditzeko beharko litzatekeen ekoizpena bikoiztu egingo litzateke, plan horiek gauzatuz gero. Munduko ekoizle handien planak aztertu ditu NBEk, petrolio, gas eta ikatzaren ustiaketen %80ren arduradunenak. Egitasmo horiek gauzatuz gero, Parisko Hitzarmenaa bete ahal izateko baino %460 ikatz gehiago ekoitziko da 2030ean, %29 petrolio gehiago eta %82 gas gehiago. Berotzea 1,5 gradura mugatzeko, NBEren arabera, ezinbestekoa da ikatza ekoizteari eta erretzeari ia erabat uztea. Gaur-gaurkoz, egungo planei eutsita, mende amaieran 2,5 eta 2,9 artean berotuko litzateke munduko batez besteko tenperatura.
Bada puntu baikorrik ere. IEAk iragarri du erregai fosilen gehieneko eskaera 2030a baino lehen izango dela, eta behera hasiko dela pixkanaka. Azaroan Kalifornian egindako bilera batean, AEBek eta Txinak konpromisoa hartu zuten energia berriztagarrien ahalmena hirukoizteko 2030erako. Halaber, iragarri dute, CO2 isuriek goia jo ostean, nabarmen hasiko direla jaisten. Carbon Brief Erresuma Batuko atariak aztertu du Txinaren bilakaera, eta iragarri du hurrengo urtean bertan hasiko direla haren karbono dioxido isuriak jaisten, aurten instalatu duen energia berriztagarrien azpiegitura andanaren ondorioz.
Energia berriztagarrien ahala hirukoizteak, erregai fosilen inbertsioei eutsita, ezer gutxi hobetuko du egoera, hainbat herrialdek eta gobernuz kanpoko erakundek diotenez. Anbizio handiko estatuek, beraz, erregai fosilen aroa amaitzeko eskatuko dute. Herrialde gehienak ez daude ados horrekin, baina badira ñabardurak euren artean: Europako Batasunak, esate baterako, eskatuko du ez inbertsio gehiagorik egitea proiektu fosiletan 2025etik aurrera. COP28ak horri buruz seinaleren bat emango ote duen izango da arretaguneetako bat, zenbait iturriren arabera, ikatzaren ekoizpenari buruz izan baitaiteke iragarpenen bat.
Kalte eta galeren funtsa
COP27ak ekarri zuen adostasunetako bat izan zen: kalte eta galerei aurre egiteko funts bat sortzea. Izan ere, klima larrialdia errealitate bat da munduan, eta kalteak ugaritzen ari dira urtetik urtera; gehienbat, arazoa sortzen gutxien egin duten hegoalde globaleko herrialdeetan. Garabidean diren herrialde horientzat garaipen bat izan zen funtsa sortzea.
Iaz osatu zuten trantsizio batzorde baten esku utzi zuten proposamen bat lantzea. Besteak beste, nork finantzatuko duen, non izango duen egoitza, eta beste hainbat zehaztapen. Hainbat bilera egin du aurten trantsizio batzorde horrek, eta hor eztabaida handiak izan dituzte hegoalde globaleko herrialdeen eta mendebaldeko herrialde aberastuen artean. Desadostasun nagusia zen garapen bideko herriek ez zutela nahi funts horren egoitza Munduko Bankuan egotea, AEBek proposatu bezala.
Azkenean, azaroan Abu Dabin bertan egin zuten azken bileran amore eman behar izan zuten hegoaldeko globaleko herrietako ordezkariek: funtsaren egoitza Munduko Bankuan egongo da, gutxienez lau urtez. Mendebaldeko potentziek nahi zuten dirua jarriko dutenak ez izatea bakarrik euren diru kutxa publikoak. Halaber, hainbat herrialdeek —Txinak eta Saudi Arabiak, kasu— dirua jartzea nahi zuten. Azkenean, inork ez du derrigorrez dirua jarriko beharko diru funts horretan. Kontsentsuzko proposamen bat eramnan du trantsizio batzordeak COP28ra, eta bileraren lehen egunean oniritzia eman diote. Funtsa martxan jartzea izan da COP28ak hartutako lehen neurria.
Hainbat herrialdek iragarri dute zenbat diru jarriko duten funts horretan: Alemaniak eta Emirerri Arabiar Batuek 100 milioi euro bana jarriko dituzte, eta Erresuma Batuak, Japoniak eta Ameriketako Estatu Batuek ere ekarpena egingo diotela jakinarazi dute. Funtsa sortuta, urtero 100.000 milioi euro izatea dute helburu, nahiz eta ez zehaztu nork jarri ahal izango duen dirua. Baliabideak erabili ahal izango dituzte bakarrik garapen bideko herrialdeek. Euren artean Txinak egon behar ote duen sortu du eztabaida berriro, eta printzipioz, baiezkoan geratu dira, alegia, funtseko dirua erabili ahal izango duela.
Finantzaketa
lFinantzaketaren gaia beti da arantzatsua klima aldaketari buruzko goi bileretan. 2009an (COP15), herrialde aberatsek hitzeman zuten 100.000 milioi dolarreko funtsa osatuko zutela 2020rako, klima aldaketara egokitzeko. Hainbat hedabidek, The Guardian-ek, esate baterako, aurreratu dute 2022rako osatu zela funts hori, behar zen baino bi urte geroago. Funts horren inguruan eztabaida gogorrak izan dira aurreko goi bileretan, eta muturreko fenomenoak gehien hondatzen ari diren munduko herrialde pobretuetan mesfidantza handia eragin du gaiak.
Reuters berri agentziak berriki eman duen datu baten arabera, aurrez ezarritako finantzaketatik diru gutxi jasotzen dute herrialderik pobreenek. Hondamendietatik Babesteko Zentroak egindako ikerketa baten arabera —Erresuma Batuan dago zentro hori— 2017 eta 2021 bitartean, funts horren finantzaketaren zati txiki bat (%3,7) bakarrik iritsi zitzaien herrialderik kalteberenei. Txostenak gogorarazi du askotan klima aldaketaren kalterik larrienak pairatzen dituzten herrialdeek ez dutela eragin aldaketa hau, eta, gainera, ahalmenik txikiena dutela, bai teknika aldetik bai finantzaketa aldetik, haiei aurre egiteko. Oxfamek argitaratu duen ikerketa baten arabera, munduko %1 aberatsenek %66 pobreenek bezainbeste berotegi gas isurtzen dituzte. Gero eta eragile eta erakunde gehiagok diote, trantsizio ekologikoa aurrera eramateko, aberatsei karga fiskala handitzea dela ezinbestekoa.
Herrialde pobreetan, gainera, gero eta zailtasun handiagoa dute, lehorte iraunkorrak direla eta, elikadura ekoizpenari eusteko. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) egindako ikerketen arabera, munduko hiru lehorte iraunkorretatik bat Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen dira. Egoera horietara egokitzeko, adibidez, ezinbestekoa da finantzaketa bermatzea herrialde horiei.
Egokitzeko ez ezik, energia berriztagarrietan inbertsioak egiteko ere, ezinbestekoa dute kanpoko finantzaketa, eta hor zeregin funtsezkoa jokatzen du Klimarentzako Funts Berdeak. Funts hori 2010eko COP16an osatzea erabaki zuten, eta herrialde pobretuek isuriak murrizteko aukera emango luketen proiektuak finantzatzea du helburu. Egokitzapena eta murrizketa, beraz, elkar osatu behar duten bi hankak dira. Eta finantzaketa esparru berri baten oinarriak jartzea beharrezkoa da horretarako. Oinarri horiek jartzea datorren urteko COPari dagokio —oraindik non egingo den zalantzan da, Europa ekialdeko herrialderen batean tokatzen da, berez, baina Errusiaren eta EBren arteko gatazka giroak atzeratu du hautaketa hori—, baina aurten aurreratuz joan daiteke eztabaida horretan.
Parisko Hitzarmenaren balantzea
Dubaiko goi bilerak izango duen zereginik garrantzitsuenetako bat da, lehen aldiz, Parisko Hitzarmenari buruzko balantze globala egitea. Horri dagokionez, NBEko Ingurumeneko Programak (PNUMA) aurkeztu berri du isurien arrakalari buruzko txostena. Bertan argi geratu da mundua oso urrun dagoela Parisko Hitzarmenean ezarri zen bi graduko berotzearen helburutik, are eta urrunago, 1,5 graduko berotzetik.
Txosten horretan diotenez, herrialdeek hartutako nazio ekarpen zehaztuak (NDC, ingelesezko sigletan) betez gero, batez besteko munduko tenperatura 2,9 gradu igoko da hozberoa mende amaieran. Baldintzapeko ekarpenak, hau da, kanpoko finantzaketaren menpe daudenak, beteko balira, berriz, 2,5 gradukoa litzateke igoera. Herrialdeek agindu dituzten zero isurietako promesak beteko balira, tenperatura igoera bi gradura mugatzea posible litzateke, baina promesa horiek, gaur-gaurkoz, ez direla sinesgarriak dio PNUMAk.
Mende amaierarako berotzea 1,5 gradura mugatzeko aukera oso txikia dela ohartarazi du, halaber. «Agertokirik baikorrenean ere, berotzea 1,5 gradura mugatzeko dagoen aukera %14koa da». Egoera horretan, Parisko Hitzarmenaren ebaluazio orokor horretan ekarpenen anbizioa handitzeko eskatu die NBEk estatuei, 2035erako isuriak 1,5 graduko igoerarekin bateragarriak izan daitezen, litekeena baita, bestela, hurrengo balantzea egingo den 2028. urterako, 1,5 graduko berotze hori lortzeko aukera ezinezkoa izatea. UNFCCC Klima Aldaketari Buruzko NBEren Esparru Konbentzioak du ebaluazioaren txostena osatzeko ardura. Herrialdeek 2025ean aurkeztuko dituzte deskarbonizaziorako proposamen berriak, Dubaiko balantzean oinarrituta. Orain arte baino gehiago egin beharko dute, 1,5 graduko xedeari eusteko.