Basamortuan zatituta

Matxinada asko egin dituzte tuaregek, bizi diren estatuen independentzia prozesuetan ez zituztelako kontuan hartu haien berezitasunak.

mikel rodriguez
2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Tuareg eta basamortu hitzak ia sinonimo dira iruditeria kolektiboan. Saharako ikonoetako bat dira haien turbante urdinak. Mende luzeetan Afrikako basamortu handienera ailegatu diren inbasore, inperio eta kolonizatzaile ororen gainetik, beren bizimoduari, ohiturei eta hizkuntzari eutsi diete tuaregek. Arrotzek basamortuan marraztutako marrek erranahi berezirik ez dute izan nagusiki nomada izan den herri horrentzat. Hala ere, ezin izan diote ihes egin Europako hiriburuetatik ezarri zen banaketari, eta XX. mendearen erdialdean sortutako hainbat estatu independentetan harrapatuta utzi zuten tuareg herria. Hamarkadetan, aldian-aldian matxinatu dira botere guneen aurka, baina nazioarteak ahanzturan utzi izan ditu. Maliko Gobernuaren aurkako azken matxinadarekin eskuratu dute tuaregek mundu osoaren arreta, potentzien interesak Sahelera ere mugitu direlako.

Gainerako amazighak bezala, Afrika iparraldeko jatorrizko herria dira tuaregak. VII. mendean, arabiarren inbasioaren ondorioz, hego-mendebalderanzko exodoa hasi zuten, eta, mende batzuen buruan, gaur egungo eremuan ezarri ziren. Arabiarren eraginez, islama hartu zuten erlijiotzat, baina gogor eutsi zieten aitzineko ohiturei eta sinesmenei. Kastetan banatutako gizarte eredua dute, nobleziatik hasi eta erdi-esklaboetaraino. Antolaketa politiko askotarikoak izan dituzte historian —sultanerriak, tribuen konfederazioak...—, eta beti borroka egin dute haien lurraldeetatik pasatu diren konkistatzaileekiko aparteko bizimodua mantentzeko. Abeltzaintzarekin batera, merkataritza izan dute jarduera nagusia, Afrika beltza eta Magreb lotzen zituzten karabanekin. Tuaregek esklabo trafikoan izan duten rolak etnia beltzekiko harremana zaildu du historian.

Gatazka garaikideak, baina, independentzia prozesuen ondorio dira, tuaregen berezitasunak kontuan hartu gabe sortu baitziren estatu berriak. Sei estatutan banatuta gelditu ziren tuaregak: Aljerian, Malin, Nigerren, Libian, Burkina Fason eta komunitate txiki bat Nigerian. Tuareg gehienak Nigerko eta Maliko mugen barrenean bizi dira, eta han izan dute indar handiena matxinadek. Tuareg azal-zuriak diskriminazioaz eta errepresioaz kexu dira. 1960ko hamarkadatik, ziklikoki matxinatu dira, horretarako behar bertzeko indarra bildu izan dutenetan. 1990eko hamarkada hasieran gertatu ziren matxinada handiak. Bete ez ziren bake hitzarmen ahulekin bukatu ziren.

Gaddafiren eragina

Horregatik, XXI. mende hasieran berriz piztu ziren matxinadak. 2007an, MNJ Justiziaren Aldeko Mugimendua matxinatu zen Nigerren; Malin, berriz, Kidal eskualdean Maiatzak 23 mugimendua. Bereziki gogorra izan zen Nigerreko gatazka: bi urtean ehunka lagun hil ziren. 2009an, MNJk eta gobernuak borrokak gelditzeko hitzarmen bat egin zuten, Muammar Gaddafi Libiako buruzagiaren bitartekaritzarekin. Gaddafik urteetan lagundu zituen tuaregak Malin eta Nigerren. 2011n Libian gerra piztu zenean, tuareg horiek Gaddafiren alde parte hartu zuten. Urte horren amaieran, Libiako egoerak hegoalderago utz zezakeen eraginaz beldur agertu zen Nigerko Gobernua, eta 2012ak arrazoi eman zion. MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalak independentzia aldarrikatu zuenean, baina, Azawad Maliko iparraldera mugatu zuen, matxinada Nigerrera edo tuaregak bizi diren bertze herrialdeetara hedatzeko aukera baztertuz.

MNLAk eta MNJk, baina, ez dute beren burua esklusiboki tuaregen taldetzat hartzen; bizi diren eremuetako bertze hainbat etniatako kideak ere badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.