Pertsonaia. Kaing Guek Eav

Basakeriaren kudeatzailea

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Duela bi urte NBE Nazio Batuen Erakundearen babespean eratutako Kanbodiako nazioarteko auzitegiak 35 urteko espetxe zigorra ezarri zion Kaing Guek Eav Duch-i (Kampong Cham, 1942), Khmer Gorrien agintaldian (1975-1979) milaka lagunen exekuzioen eta torturen erantzulea izateagatik. Orain, ordea, bizi osora luzatu dio espetxealdia, hain justu Duchek zigorra leuntzeko asmoz aurkeztu zuen helegitea aztertu ondotik. «Kaing Guek Eavek egindako krimenak gizateriaren historiako larrienetakoak dira. Ezar daitekeen zigorrik gogorrena merezi dute», adierazi du Kong Srim epaileak.

Duch 1999an atxilotu zuten, hogei urte ezkutatuta eman ondotik. 35 urteko espetxealdia 30 urtera jaitsi zioten egindakoa aitortzeagatik eta damua erakusteagatik; horregatik, biktimak kexu ziren bertze hamazazpi urteren buruan aske gera zitekeelako, 86 urterekin. Azken epaia ematerakoan, ordea, epaileak ez du kontuan hartu damua agertzea, eta espetxean legez kanpo egin dituen urteengatik ez diote kalte-ordainik emanen Duchi —zortzi urtez egon zen preso epaiketaren esperoan—. Open Society Justice Initiative erakunde behatzaileak erran du kalte-ordaina ez ematea «zuzenbide estatuarentzat adibide txarra» dela.

Khmer Gorriak talde komunistak nekazaritzan oinarritutako iraultza egin zuen Kanbodian, muturreko hainbat neurri hartuz: hiriak jendez hustu, dirua abolitu, erlijioa debekatu... Errepresioaren, goseteen eta bizi-baldintzen hondatzearen ondorioz lau urtean milioi bat eta bi milioi lagun inguru hil zirela kalkulatzen dute, herritarren laurdena inguru. Duch exekuzio eta tortura zentro ezaguneneko zuzendaria izan zen, S-21ekoa. 15.000-17.000 preso artean hil zituzten han. 1979an Vietnamek Kanbodia inbaditu zuenean erori zen Khmer Gorrien erregimena.•
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.