Katalunia. Greba orokorra

Bartzelonarako martxa, geratzeko

Askatasunaren Aldeko Martxak gaur amaituko dira, Bartzelonan. Helburua da gaur Katalunia geratzea, eta martxetako partaideek Bartzelona sarrerako errepide nagusiak blokeatuko dituzte

Bartzelonarako martxa, geratzeko.
gurutze izagirre intxauspe
Bartzelona
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Askatasunaren Aldeko Martxetan beste milaka lagun batu dira bigarren egunean. Tarragona, Tarrega, Vic, Berga eta Gironatik atera ziren asteazkenean, eta gaur iritsiko dira Bartzelonara.

Gironakoa 13:45ean, Akbar torre ingurutik sartuko da hiriburura. Berga eta Vic-eko besoak Meridianako ibilbidetik sartuko dira 13:00etan, eta Tarregako eta Tarragonako besoak Diagonal aldetik sartzea espero dute, 15:00etan. Hogei kilometroko bost etapa egin dituzte.

Joan den asteazkenean abiatu zirenetik, milaka pertsonak oinez itxi dituzte Kataluniako errepide nagusiak —A-2a, AP-7a eta C-12a, C-58a eta N-IIa, besteak beste—. Gaur, berriz, asmoa da Bartzelonara sartzeko sarrera nagusiak ere blokeatzea.

Gero, 17:00etan Intersindical- CSCk eta Intersindical Alternativa de Catalunyak egin duten deialdiarekin bat egin dute, eta manifestazioan parte hartuko dute martxista guztiek, Graciako lorategietatik abiatuta.

ANCk eta Omniumek antolatutako martxak izan dira. ANCko Elisenda Paluzie Manresako zutabean egon da, eta Omnium-eko Marcel Mauri La Garrigakoan. Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia jakin ostean, preso politikoak askatzeko eskatzeko eta independentzia aldarrikatzeko abiatu ziren martxak. Lelo horiek ahoan zein gorputzetan jarrita egin dituzte dozenaka kilometro milaka pertsonak hiru egunetan Kataluniako hiriburura bidean.

Elkartasun erakustaldia

Asteazken goizean abiatu ziren, eta jateko zein lotarako tokiak behar izan dituzte martxa osorik egin dutenek. Lehen egunetik elkartasun erakustaldiak izan dira iritsi diren herri guztietan, Kiroldegiak egokitu dituzte martxa egiten ari zirenek lo egin ahal izan zezaten, eta otorduak zein indarrak hartzeko tokiak prestatu dizkiete herri bakoitzean horren ardura zuten lantaldeek.

Beste asko izan dira hiru egunetako martxa egin nahi baina ezin izan zutenak. Asko izan dira gune jakinetan martxa egin dutenak ere, sententzia argitaratu dutenetik Kataluniako gizarteak erakutsi baitu kalera atera nahi zuela, eta bat egin nahi zuela deituta zeuden mobilizazioekin. Horren erakusle izan da Malgrat del Marretik abiatutako zutabean, une batean, 12.000 ibiltari elkartu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.