Iazko erreferendumaren aurreko egunetatik, Katalunian zail bihurtu da egoera politikoa aurreikustea. Bai independentistentzat, bai unionistentzat, baita Espainiako Gobernuarentzat ere. Batak zein bertzeak pausoak eman ahala kateatu dira gertakariak. Heldu den urteko maiatzean udal hauteskundeak eginen dituzte. Maiatza urruti dago oraindik, ez baitago argi nola ebatziko diren hainbat auzi, ezta zer ondorio ekarriko dituzten ere. Bertzeak bertze, matxinada leporatuta auzipetuta dauden buruzagi independentisten epaiketa egiteko dago. Hala ere, indar politikoak hasiak dira hauteskunde horiek prestatzen, argi gelditu baita udalak gatazka politikoaren plaza garrantzitsuak direla. Horren adibide nabarmena da Bartzelonakoak hartu duen garrantzia. Kataluniako herritarren %20 baino gehiago bizi dira han, eta independentistentzat zein unionistentzat berebiziko garrantzia izanen du beren kapital politikoa azkartzeko. Zortzi hilabeteren faltan, lehiarako zerrendan jada nabarmendu da hirukote bat: Ada Colau oraingo alkatea, Ernest Maragall politikari historiko eta Generalitatearen oraingo Atzerri kontseilaria, eta, horiei itzal egin nahian, unionista gogorrenen fitxaketa izarra, Manuel Valls.
Duela bortz hilabete jakinarazi zuen La Vanguardia egunkariak Vallsen asmoen berri, eta Frantziako lehen ministro ohiak atzo egin zuen ofizial erabakia, Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroan egindako ekitaldi batean. Katalunian boz gehien duen alderdia da Vallsen bultzatzailea, Ciutadans unionista, baina ez da haren izenean aurkeztuko. Hautagai «independentea» izanen da, eta indar gehiagoren babesa biltzeko itxaropena du.
Ia hitzaldi guztia katalanez egin zuen atzo, eta udal politikan zentratu zuen mezua. Hala ere, prozesu independentistari buruz mintzatu zen, eta erran zuen hiriari «kalte» egin diola. «Bartzelonak merezi du bere buruarengan pentsatuta gobernatzea, eta ez bertze proiektu batzuen mesedetan». Alkategaiaren iritziz, independentistek Bartzelona erabili dute «hiriburu errepublikano imajinario gisa», eta erran du alkatetza lortuz gero hori bukatuko duela. «Gatazka etengabea eta independentistek espazio publikoarekin egiten duten erabilera bukatuko ditut».
Kataluniari autonomia kentzea babestu zuten bertze bi alderdi unionistek, PSCk eta PPk, jakinarazia zuten ez zutela Valls babestuko. Independentistek, berriz, guztiz mespretxatu dute Frantziako politikariaren etorrera. «Porrot handi bat opa diot», adierazi zuen atzo Quim Torra Kataluniako presidenteak. «Ikusiko dugu Bartzelonako zoruko baldosez gain bertze zerbait ezagutzen ote duen herrialde honi buruz», gaineratu zuen, ironiaz, Vallsek goizean Twitterren paratu zuen argazki bat aipatuz —zoruaren irudi bat zen, eta mezu motz bat, Bartzelonara ailegatua zela errateko—. Maragallek ere ildo horretatik kritikatu zuen Vallsen hautagaitza herenegun, «arrotza» zela erranez, eta gaineratu zuen «aberatsen hautagaia» izanen dela.
Katalunian eta Espainian ez ezik, Frantzian ere arreta handia erakarri du Vallsek, bi estatu horietan ez baita aurrez inoiz gertatu gobernuburu bat mugaz bertzaldeko hauteskunde batzuetan aurkeztea. Hainbat arrazoik azaltzen dute ezohiko mugimendu politiko hori.
Alde batetik, Vallsen jatorria dago. Bartzelonan jaioa da, eta haren aita zena, Xavier Valls, hangoa zen. Manuel semeak berak ez zuen Frantziako herritartasuna lortu 1982ra arte, 20 urte bete arte. Frantsesaz gain, katalana ere badaki Vallsek, eta, lehen ministro zela (2014-2016) jendaurrean gutxi batzuetan aitaren hizkuntza erabili bazuen ere, Frantziako zentralismoaren balioen defentsa sutsua egin izan du beti. Gainera, Ipar Katalunia onarpen ofizialik gabe utzi zuen lurralde erreforma bat egin zuen haren gobernuak.
Iritzi berberak islatu izan ditu Espainiako Erresumak dituen lurralde gatazkei buruz. Errate baterako, 1985ean, 23 urte zituela, Frantziako Giza Eskubideen Liga utzi zuen, erakunde horrek aurka egin ziolako Frantziak ETAko kideak Espainiaren esku uzteko hartu zuen erabakiari. Kataluniaz zituen iritziak —Pirinioez hegoalderako zatiaz— iaz hasi ziren nabarmentzen, independentziaren aurka gogo betez lerratu baitzen. Azken urtebetean babesa eman dio Ciutadansi, eta Societat Civil Catalana erakunde espainolistak antolatu dituen mobilizazioetan parte hartu du.
«Frantzian baztertua»
Frantziako hedabide batzuek, ordea, bertzelako arrazoiak ere ikusi dituzte Bartzelonarako jauzi horren gibelean. Liberation egunkariak Vallsen hautagaitzaren afera azalera eraman zuen atzoko alean, eta termino aski adierazgarrietan mintzatu zen: «Frantzian baztertua» eta «inoiz ikusi gabeko paraxutismoa» aipatu zituen. Izan ere, Frantziako presidentetzarako hautagai izateko ahaleginean kale egin zuenetik —PS Alderdi Sozialistako primarioak galdu zituen—, goi karguetan tokirik gabe gelditu da. PSko kide anitz bezala, Emmanuel Macron presidentearen Errepublika Martxan mugimenduan sartzen saiatu zen, baina Macronek atea itxi zion, eman nahi zuen berrikuntza irudiari Vallsek kalte eginen ziolakoan. Jaioterrian lortu du, beraz, politikaren lehen lerroan eustea.
Katalunia. Gatazka politikoa
Bartzelonako tronuaren lehia
Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiak ofizial egin du Kataluniako hiribururako hautagaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu