Gala Pin. Barcelonetako L'Ostia Auzo Elkarteko kidea

«Bartzelonako espazio guztia kontsumorako espazio bihurtu dute»

Bartzelona
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Ekintzaile ezaguna da Gala Pin Bartzelonako auzo honetan. Auzo elkartean, PAH Etxe Kaleratzeen Aurkako Plataforman eta Barcelonetako beste saltsa askotan militatzen du.

Azken asteotan Barcelonetan izan diren mobilizazioak bat-bateko erantzun gisa ulertarazi nahi izan dituzte batzuek. Hala izan al da?

Gure auzoan gertatzen ari dena aspaldidanik dator, eta auzo elkarteok denbora luzea daramagu azpian dagoen arazoa salatzen.

Hiru zutabe nagusi ditu arazo horrek: batetik, oinarrizko ondasun bat, etxebizitza, salgai edo merkantzia bihurtu dute, etxe kaleratzeen ondorioz nahiz alokairuak izugarri igo direlako jende askok auzoa utzi behar izan duen krisi garai bete-betean; bestetik, nahiz eta udalak eta hedabideek mozkor-turismoa delakoa bor-bor erabili, beste arazo bat daukagu hemen: hiriko espazio guztia kontsumorako espazio bihurtu dute, eta bizilagunak beren bizi-ingurunetik kanporatuak sentitzen dira turismo masifikatuaren ondorioz; azkenik, apartamentu turistikoak direla-eta azaleratu berri den ezinegon eta etsipen guztiak lotura estua du gure auzoaren nortasun bereziarekin, gure auzoko etxebizitzak txiki-txikiak baitira, eta, ondorioz, kalea etxeko txokoaren luzapena da hemen.

Nola gertatu da espazio publikoaren pribatizazio hori?

Terrazak dira pribatizazio horren adierazpide nabarmenenetako bat. CiUk terrazen araudi berria onartu zuen, PPren babesarekin, eta orain ezinezkoa da gure kaleetatik ibiltzea edo komunitatea eraikitzea, ordaindu egin behar baita espazio publikoa erabiltzeko.

Zibismoaren ordenantza daukagu, bestetik. Ordenantza horrek kontsumorako espaziotzat du espazio publikoa, eta baztertu egiten du espazio publikoaren erabilera arrotz oro: beren salgaiak manta baten gainean zabalduta saltzen dituzten afrikarrak, prostitutak, eskaleak, kalean jaten eta edaten duen jendea… Lehen bizilagun askok kalera ateratzen zituen beren mahai eta aulkiak, eta hantxe jartzen ziren bazkaltzen, hemengo apartamentu askok 30 metro koadro besterik ez baitute, eta aire giroturik ez.

Zer lotura dute azken egunotako manifestazioek Bartzelonan azkenaldian gertatzen ari diren antzeko mobilizazioekin?

Can Vies efektuak eragina izan du, noski. Okupa mugimenduak airean eduki zuen hiriko gobernua egun luzez, eta jendeak ikusi du mobilizatzeak baduela eraginik. Pertzepzio kolektiboa aldatzen ari da, eta erakundeekiko atxikimendua, ahultzen.

Zer konponbide proposatzen duzue auzoari dagokionez eta, batez ere, turismo ereduari dagokionez?

Eredua goitik behera aldatu beharra dago hemen. Turismoaren irabaziak banatu, eta ekonomia dibertsifikatu behar da, gutxi batzuek bereganatzen baitituzte etekinak, hotelen lobby-ak bereziki, baina gastuak (segurtasunean, garbiketan eta abar) denon artean ordaintzen ditugu. Mugatu egin behar da Bartzelonara datozen turisten kopurua, eta, batez ere, gure hiriko hoteletako logelen kopurua, etxebizitza arazo sakon bat dugun garai honetan bereziki. Legez kanpoko apartamentu turistikoak alokairu sozialeko etxebizitzak bihurtu behar dira, errenta maizterren soldataren %30ean mugatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.