Frantziako lehen ministro izendatu zutenetik hiru hilabete betetzeko egun bat geratzear zela kargugabetu dute Michel Barnier. Frantziako Asanbleak Barnierren eta haren gobernuaren aurkako zentsura mozioa onartu du: 331 diputatuk gobernua kentzearen alde eman dute botoa. Oposizioak blokean egin du gobernuaren aurka, besteak beste, NFP Fronte Popular Berria ezker koalizioak eta eskuin muturreko alderdi RN Batasun Nazionalak zentsura mozioa babestu baitute. Lehen ministroak herenegun asanblearen oniritzirik gabe Gizarte Segurantzaren aurrekontuak onartzeagatik —Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuta— aurkeztu zituzten egun berean bi zentsura mozio. Lehen ministroak, ordea, bere aurrekontuak eta hartutako erabakia defendatu ditu, eta oposizioko alderdiei ohartarazi die bera kaleratuta ere «arazo ekonomikoek bere horretan jarraituko» dutela.
NFPko kide den Frantzia Intsumisoko Eric Coquerel izan da hitza hartzen lehenengoa. «Herriaren gehiengoa» Barnier eta haren gobernua kargutik kentzearen alde dagoela nabarmendu du, eta arazoaren muina Emmanuel Macron Frantziako presidentea dela. «Legitimotasunik gabeko» gobernua dela adierazi du Coquerelek; izan ere, Macronek herritarrek bozkatutakoa ez zuela kontuan hartu azpimarratu du. Ildo horretatik, Frantzia Intsumisoko diputatuak gaineratu du zentsura mozioa presidentearen aurkako neurria ere badela: «Gaur beste agintaldi bati ere amaiera ematen diogu, presidentearenari».
Ikusi gehiago
RNren buruzagi Marine Le Penek ere azaldu du ez dela herritarren nahia errespetatu: «Sinetsi nahi genuen ez zinetela izango azken hauteskundeetan baztertutako sistema baten jarraipena; oker geunden, noski». Are gehiago, eskuin muturreko politikariak adierazi du Frantziako milioika herritarren nahiari «entzungor» egin diotela «boterean daudenek». Gauzak horrela, gobernua kargutik ez kentzea «oker bat» izango litzatekeela baieztatu du. Frantzia Intsumisoak bezala, Le Penek ere Macronen aurka egin du asanblean: «Herritarren mesfidantza ikusirik, Macroni dagokio erabakitzea presidente gisa jarraitu dezakeen ala ez. Haren esku dago erabakitzea ea Frantziaren patua sakrifika dezakeen bere harrotasunagatik».
Frantziako politikaren katramilak hilabeteak ditu jada. Europako Parlamenturako hauteskundeetan RNk boto gehien lortu izanak eragin zuen Macronek Frantziako Asanblea eta gobernua desegitea, hauteskundeetara deituta. Ekainaren 30ean eta uztailaren 7an egin zituzten bozketak, eta NFP ezker koalizioak diputatu gehien lortu bazituen ere —182—, gehiengo osotik 107 eserlekura geratu zen. Alderdiek ez zuten asanblean gehiengo osoa adina izateko akordiorik lortu; eta Macronek Errepublikanoen alde egitea erabaki zuen, Barnier lehen ministro izendatuta eta, besteak beste macronisten babesarekin, gobernua osatuta.
Guztira 210 diputatuk babesten dute gobernua; hau da, gehiengo osoa osatzeko beharrezkoak diren 289etatik urrun. Hori dela eta, Konstituzioaren 49.3 artikulua erabili behar izan zuen Barnierrek Gizarte Segurantzaren 2025eko aurrekontuak onartzeko, herenegun. Konstituzioak ematen du bidea asanblearen oniritzirik gabe aurrekontuak onartzeko, baina tresna hori erabili izanak eragin du oposizioko alderdien haserrea, egun berean bi zentsura mozio aurkezteraino: NFPk eta RNk jarritakoak. Biek aurretik esana zuten Barnierrek aurrekontuak onartzeko 49.3 artikulua erabiltzen bazuen gobernua eroraraziko zutela, eta gaur bozkatu duten aurreneko zentsura mozioan kendu dute kargutik gobernua.
Aurrekontu horiek onartzeko 49.3 artikulua erabili izana defendatu du Barnierrek asanblean. Erabakia «entzun, eztabaidatu eta besteen ideiak errespetatu ostean» hartu zuela azpimarratu du lehen ministroak, eta proposatutako aurrekontuak «neurri zailak» zituztela dakien arren «errealitateari aurre egiteko» era bakarra zirela argudiatu du. «Nahiago nuen dirua banatu, nahiz eta herrialdeak ez izan. Baina errealitate horrek hor dirau, eta edozein gobernuk aurre egin beharko dio, edozein dela ere», gaineratu du.
Bereizitako oposizioa
Asanblearen oniritzirik gabe onartutako aurrekontu hori ere izan du mintzagai Frantzia Intsumisoko diputatuak. Coquerelek gobernuari eta «macronismoari» leporatu die «bakarrik beren buruarekin» negoziatzeko prest egotea; eta, azkenean, eskuin muturrarekin negoziatzeko prest agertu izana egotzi dio: «Zuk eta zure ministroek argi utzi duzue zuen desohorea, eskuin muturrarekin balioak partekatzen dituzuela adieraziz».
Barnierren aurka elkarrekin botoa eman duten arren, Frantziako Asanblean argi geratu da eskuin muturraren eta ezkerraren arteko talka. Coquerelek lehen ministroa kargutik kentzearen arrazoietako bat eskuin muturrarekin izandako negoziazioak direla argudiatu duen moduan, Le Penek ere ezkerra izan du jomugan. Frantzia Intsumisoko kideak «inauterietako zaldun» gisa deskribatu ditu.
Gobernua babesten duten alderdien artean, bestalde, Barnierren alde eta NFP zein RNren aurka egin dute, oro har. Macronisten alderdiko kide eta lehen ministro ohi Gabriel Attalek, esaterako, gogor kritikatu ditu zentsura mozioa deitu duten bi aldeak: «Frantziako politika gaixo dago [eta] ez ezker muturrean ez eskuin muturrean ezingo dute frantsesek antidotoa aurkitu». Gainera, zentsura mozioak «soilik galtzaileak» izango dituela ohartarazi du.
Zentsuraren ondoren
Diputatuek aurreneko zentsura mozioa bozkatu aurretik, NFPko kide den PS Frantziako Alderdi Sozialistako Asanbleako presidente Boris Vallaudek bere hitzaldia erabili du zentsura mozioaren ondorengo mugimendu politikoak marrazten hasteko, egungo gobernuak hartutako erabakiak kritikatzeaz gain. «Hartu behar duzuen erabakia argia da: zenbaitek inperfektutzat jotzen duten ezkerrarekin negoziatu nahi duzue, edo Le Pen anderearen aginduen pean jarraituko duzue?», esan die gobernuan dauden LR-ri eta hura babesten duten alderdiei.
Macronistek PSri egin diote erreferentzia, alderdia «berreraikitzearen» beharra azpimarratuz. Attalek sozialistei eskatu die «ezker muturrarekin» apurtzeko: «Gure herrialdearentzat zer-nolako etorkizuna nahi duzuen erabakitzeko ordua heldu zaizue».
Frantziako ekonomia atzeraldian sar daitekeela ohartarazi du Medef patronalak
Datorren urterako aurrekonturik onartzen ez bada, Frantziako ekonomiak «atzeraldia» paira dezakeela eman du abisu Medef patronalak. Patronaleko bozeramaile Charles Znatyk FranceInfo irratian hitz egin duenean, oraindik, bozkatu gabe zeuden Michel Barnierren gobernuaren aurkako zentsura mozioak. Baina gobernua eroriz gero, 2025eko aurrekontuak onartzea are eta zailagoa izango dela jakinarazi du. Medefeko bozeramaileak esan du enpresariak «kezkatuta» daudela. Izan ere, aurrekontuak onartu ezean, herrialdeak bere zor publikoagatik ordaindu beharreko interesek gora egingo dutela ziurtatu du Znatyk. Frantziak 3,2 bilioi euroko zor publikoarekin amaitu du 2024ko hirugarren hiruhilekoa —BPGaren %112—. Aurreikuspenen arabera, 2024. urtea BPGaren %6,1eko defizitarekin amaituko du; %5,5eko defizitarekin amaitu zuen 2023a.