Kanada

Barnetegi katolikoen biktimen agiriak argitaratzeko eskatu diote Frantzisko elizburuari

Barkamena eskatu zien atzo Eliza katolikoko buruak asimilazio sistema pairatu zutenei, eta horietan eginiko gehiegikeriak ganoraz ikertuko dutela agindu zuen.

Frantzisko Eliza katolikoko burua Ermineskin Cree Nazioaren hilerrian, atzo, Maskwacisen (Kanada). EFE / EPA / VATICAN MEDIA
Edu Lartzanguren.
2022ko uztailaren 26a
15:26
Entzun

Bisita ofizialean da Frantzisko Eliza katolikoko burua Kanadan, eta, espero bezala, erakundearen barnetegietan hildako milaka haurren aferak hartu du lehentasuna. Izan ere, barkamena eskatu zien atzo Jorge Mario Bergogliok barnetegietako sistemaren biktimei. Horietatik bizirik atera zirenetako batzuk ondo hartu dute barkamen eskaera, baina Elizak oraindik gordeta duen informazioa eskatu dute.

«Halako oker deitoragarriaren aurrean, Eliza belaunikatzen da Jainkoaren aitzinean eta barkamena eskatzen dio bere haurren bekatuaengatik», esan zuen Frantziskok. «Apal eskatzen dut barkamena, horrenbeste kristauk jatorriko herriei eginiko gaizkiarengatik».

Maskwacis komunitatean, Edmontonetik hegoaldera, eginiko ekitaldi batean egin zituen hitzok.

Adierazpenok entzunda, komunitate indigenetako ordezkariek harago joateko eskatu diote. Evelyn Korkmaz barnetegietatik bizirik atera zen indigenetako bat da, eta ontzat eman du Frantziskoren eskaera, baina eskatu dio Vatikanoak dituen agiriak argitaratzeko, halako erakundeetan sartu zituzten pertsona guztien izena ezagutze aldera. Horrek aukera eman die senidei zauria sendatzeko»..

Gogorrago erantzun dio Alexis Nakota Sioux nazioko buru Tony Alexisek: «Ezin duzu esan besterik gabe sentitzen duzula eta alde egin. Ahaleginak egin behar dira. Lana egin behar da, eta ganora gehiagoko ekintzak».

Frantziskok atzo adierazi zuenez, barkamen eskea lehenengo urratsa litzateke, eta gehiegikeriak «serio ikertu» behar direla, zauria sendatzen laguntzeko.

Komunitate indigenek hainbatetan salatu izan dute haurrak euren bizilekutik atera eta euren kultura eta hizkuntza ahantz zezaten barnetegietara joatera behartzen zituztela. Datu ofizialen arabera, 1831 eta 1996 artean 150.000 haur inguru eraman zituzten egoitza horietara, Kanadako gizartearen balioak asimilatzeko, eta euren kultura ordezkatzeko. Azkena

Indigenek salatu dutenez, haurrek abusuak jasaten zituzten halako erakundeetan. 2015ean, txosten batek adierazi zuen «genozidio kulturala» izan zela haur indigenen aurka egindakoa. Kalkulatu dutenez, gutxienez, 4.100 ikasle hil ziren eskola horietan, tratu txarren, gaitzen, utzikeriaren eta istripuen ondorioz. Eliza katolikoak kudeatu zituen haur indigenentzako Kanadako barnetegien %70.

2017an, Kanadako Gobernuak barkamena eskatu zien indigenei, emaniko tratuarengatik. Aurtengo udaberrian Eliza katolikoko buruak barkamena eskatu zien komunitate indigenei, eta horren harira heldu da orain Kanadarako bisita.

Izan ere, zirrara handia eragin dute Kanadan azken urteotan barnetegiotan aurkituriko haurren hilobien aferak.

Ehunka haur indigenaren gorpuen aurkikuntzak eragindako harrabotsaren erdian, Kanadak emakume indigena bat hautatu zuen iaz lehen aldiz herrialdeko gobernadore nagusi kargua hartzeko: Mary Simon inuita.

Barkamena eskatzeko ekitaldian hartu zuten parte Simon berak eta Justin Trudeau lehen ministroak.

«Penitentzia egiteko erromesaldi» deitu dio Bergogliok Kanadara eginiko bisitari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.