Barne zatiketek ahuldutako oposizioa

Argentinako oposizioa ahul dago barne zatiketen ondorioz; hala, agintaldiko aurreneko urtean, Mileik ia oztoporik gabe jarri ahal izan ditu indarrean hauteskunde kanpainan iragarritako neurri batzuk.

Cristina Fernandez Argentinako presidente ohi (2007-2015) eta PJ Alderdi Justizialistako burua, azaroan, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Cristina Fernandez Argentinako presidente ohi (2007-2015) eta PJ Alderdi Justizialistako burua, azaroan, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 11
05:00
Entzun

Javier Mileik urtebete egin du Argentinako presidente karguan, eta, denbora horretan, aukera izan du hauteskunde kanpainan iragarritako neurri batzuk bultzatzeko; hein batean, azken urtean ez delako egon haren asmoak oztopatu ahal izan dituen oposizio indartsurik. Kasurako, Aberriaren Aldeko Batasuna koalizio peronistako alderdirik handiena, PJ Alderdi Justizialista, barne ika-miketan murgilduta egon da azken hilabeteetan, horko presidente Alberto Fernandezek abuztuan kargua utzi ondoren.

Sexu erasoekin lotutako akusazio batzuen harira aurkeztu zuen dimisioa Fernandezek —herrialdeko presidente izan zen 2019tik 2023ra—, alderdikideek hala egin zezan eskatuta. Horrek buruzagitzarik gabe utzi zuen alderdi peronista, eta haren lekukoa nork hartu erabakitzeko bideari ekin zioten. La Rioja eskualdeko gobernadore Ricardo Quintelak hautagaitza aurkeztu zuen, eta espero zen hark lortzea babes gehien, harik eta Cristina Fernandez herrialdeko presidente ohiak (2007-2015) ere hautagaitza aurkeztu zuen arte.

Azaroaren 17an ziren primarioak egitekoak, baina, aste batzuk lehenago, PJko Hauteskunde Batzordeak baliogabetu egin zuen Quintelaren hautagaitza. Quintelak PJko Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurkako helegite bat aurkeztu zuen, baina herrialdeko auzitegi batek helegite hori bertan behera utzi zuen azaro hasieran, eta, azkenean, lehia utzi zuen La Riojako gobernadoreak. Horiek hala, Cristina Fernandez izendatu zuten alderdi peronistako buru, azaroaren 5ean.

PJk presidentea dauka berriz ere, baina alderdia zatituta dago oraindik ere. Horrez gain, ikusteko dago zein izango den Cristina Fernandezen ibilbidea. Izan ere, Argentinako helegite auzitegi batek sei urteko espetxe zigorra eta kargu publikoak izateko bizi osoko inhabilitazioa berretsi zizkion, ustelkeria egotzita, azaroaren 13an.

UCR eta PRO, erdibidean

PJko peronistak ez ezik, oposizioko gainontzeko alderdiak ere nolabaiteko barne eztabaidetan murgilduta daude, hala nola UCR Batasun Zibiko Erradikala alderdi historikoa —1891n sortu zuten—. Iaz arte, UCRk Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioa osatzen zuen, PRO alderdi kontserbadorearekin eta beste hainbat alderdirekin batera; are, 2015 eta 2019 artean, koalizio horren babesarekin izan zen Mauricio Macri Argentinako presidente —PRO blokeko presidentea da bera—. Azken urtean, baina, Mileiren inguruko jarrerek haustura eragin dute, bai koalizioan, bai horren parte ziren alderdietan.

Horren erakusle da, hain justu, PRO blokeko kide batzuk LLA Mileiren Askatasuna Aurrera Doa alderdira egin zutela salto haren agintaldia hasi baino lehen; Macrik eta beste hainbatek, PROn jarraitzea erabaki zuten. Halaber, UCRko sektorerik kontserbadoreenaren babesari esker, LLAk aurrera eraman ahal izan ditu hainbat asmo. Duela bi aste, UCRko hainbat diputatuk ahalbidetu zuten Mileiren alderdiak betoa jartzea aurretik Kongresuan onartutako bi legeri: erretretaren baldintzak malgutzen zituen bati, eta unibertsitate publikoen finantzaketari buruzkoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.