Barne mugen kontrolak bi urtera luzatzeko prest dago Europako Batasuna

Aparteko neurria behar zuena betikotzeko bidean dira, errefuxiatuen krisiagatik.Schengendik baztertzeko «presioak» baieztatu ditu Greziak

ZOLTAN BALOGH / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Pertsonen eta merkantzien ibili librea ahalbidetzeko sinatu zuten Schengengo ituna, 1985ean, Europako Batasuneko bost herrialdek: Alemania, Frantzia, Belgika, Luxenburgo eta Herbehereek. 30 urteren buruan, 26 estatu biltzen dituen esparru bat da; baina kolokan dago. Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko, izan ere, barne mugetan aldi baterako kontrolak ezartzeko gehienezko epea sei hilabetetik bi urtera luzatzea proposatuko du gaur Luxenburgok, Europako Batasuneko Barne ministroen bileran. Grezia migratzaile uholdeari eutsi ezinik ari da, eta hura eremutik kanporatzeko presioak ere izan dira.

Angela Merkelek ate irekiak politika sustatu arren, Alemaniak berak eta Balkanetako igarobideko beste hainbat herrialdek ezarri dituzte aldi baterako kontrolak, eta, arazo jakin larrienetan soilik baliatu beharreko neurria zena, betikotzeko bidean da iheslarien krisiagatik. Horren ondorioa, eta neurria bultzatu duten agintari batzuen helburua, Grezia de facto Schengendik kanpo uztea da.

Greziak EBko kanpo mugak ez dituela ondo zaindu eta herrialdera iritsitako migratzaileei bidea libre utzi diela leporatzen diote Atenasi hainbat estatu kidek. Eta Grezia bere mugetan kontrolak ezartzera behartu nahi dute. Aukera hori 2013an onartu zuten, Schengengo mugen kodea berritzean, «kanpoko mugen zaintzan gabezia nabarmenak» gertatzen zirenerako; baina inoiz ez dute ezarri orain arte.

Mugen zaintza hobetzeaz gain, asilo eskatzaileak erregistratu eta haien hatz markak hartzeko zentroak ezartzeko Greziak Frontex agentziaren laguntza gehiago izatea aztertuko dute. RABIT esku hartze azkarrerako taldeak bidal ditzake horretarako Bruselak.

Greziako Gobernuko eledun Olga Gerovasilik ukatu egin du bere herrialdea Schengendik at uzteko aukera: «Ez da inoiz aipatu ere egin EB barruan». Baina «europar zirkuluek» Greziaren kontrako giroa sustatu dutela onartu du: «Europaren geroa isla fobiko, hesi eta bazterketa bidez eraiki daitekeela sinetarsazi nahi dute». Hainbat herrialdek Grezia oso estu hartu dutela onartu zuen Ioannis Mouzalas Migrazio ministroak ere, bezperan: «Ofizialki ez da esaten, baina presioa, egon, badago». Neurri horiek guztiak, eta Siriako iheslariak zuzenean Turkiatik EBra ekartzeko aukera —500.000 artean— abenduaren 15ean eztabaidatuko dituzte EBko estatu eta gobernu buruek.

Aurten, 740.000 errefuxiatu baino gehiago iritsi dira Greziara, eta Mazedoniako mugan 6.000 lagun daude harrapatuta. Marokoar bat hil egin zen atzo, elektrokutatuta: hesia gainditzean trenbideko argindar linea ukitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.