Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Polinesia Frantsesera egindako bidaiak zeresan handia eman du. Larunbatean iritsi zen Macron Ozeano Pazifikoko uhartedira,Tokioko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian egon ostean. Lore eta protesta artean hartu zuten herritarrek, Polinesian egindako proba nuklearren auziaren inguruko erantzunen zain baitaude oraindik. Lau eguneko bisita ofizialaren ostean, Frantziako presidenteak atzo arratsaldean eman zuen azken hitzaldia Polinesia Frantsesan: 1966 eta 1996 bitartean herrialdean egindako proba nuklearren auzia hizpidera ekarri, eta Polinesiako herritarrekin «zorretan» dagoela onartu zuen. Macronek, baina, ez zuen barkamenik eskatu eragindako kalteengatik. Horrek herritarren haserrea areagotu du.
Hogeita hamar urtez, guztira 193 proba nuklear egin zituzten uhartearen hegoaldean, Tahiti uhartetik 1.200 kilometrora. Proba horietako batzuk aire zabalean egin zituzten, eta beste batzuk lur azpian, baina guztiak ziren arriskutsuak. Hala baieztatzen dute bi kazetarik joan den martxoan argitaratu zuten Tóxico liburuan. Haien ikerketen arabera, proba nuklearrak egin zituzten urteetan Polinesiako 110.000 biztanle inguru bizi izan ziren erradiazioaren eraginpean. Azken proba nuklearra 1996ko urtarrilaren 27an egin zuten, Jacques Chirac presidente zela.
2016an, Francois Hollande Frantziako presidente zen garaian, Parisek aitortu zuen proba nuklearrek ondorio kaltegarriak izan zitzaketela biktimen osasunean eta ingurumenean. Dena den, bost urte igaro dira ordutik, eta Frantziako Gobernuak ez du gauzatu auziaren inguruko ekintzarik. Hala nabarmendu zuen Macronek atzoko hitzaldian: «Luzaz, Frantziako Estatua isilik egon da. Leherketa etengabez betetako 30 urte izan ziren. Gaur isiltasun hori hautsi nahi dut». Jarraian, «gardentasuna» defendatu zuen: «Frantziako nazioa zorretan dago Polinesia Frantsesarekin, ezin dut ziur esan proba horiek garbiak zirenik».
Urte luzeetan egindako proba nuklearren artean, bereziki arriskutsua izan zen 1974ko uztailaren 17koa, Centaure izenez ezaguna. Egun hartan, Mururoako atoloitik jaurti zuten aire zabaleko proba nuklearra, Tahiti uhartetik 1.200 kilometrora. Zerbaitek huts egin, eta euri erradioaktiboa hasi zen. Frantziako agintariek ez zuten euri toxikoaren arriskuaren berri eman, Polinesiako herritarrengandik oso gertu erori zen arren. Azken urteetan, herrialdean informazio gehiago zabaldu da egun hartan gertatutakoaren inguruan, eta, ondorioz, protesta eta manifestazio ugari izan dira.
Horren inguruan, Macronek adierazi zuen Centaure proba egin zuten militarrek «gezurra» esan zietela herritarrei, baina ez zela «engainurik egon». Presidentearen hitzetan, gaizki kalkulatu zituzten probaren arriskuak, baita militarrei eragin ziezaioketenak ere. Horren ostean, baina, argi adierazi zuen «inoiz» ez lituzketela egingo horrelako proba arriskutsuak «Creusen edo Bretainian».
Presidentearen hitzek, ordea, ez zuten baretu herritarren haserrea. Auguste Uebe-Carlson biktimen elkarteko presidentearen arabera, Macronen ekintzak ez dira nahikoak: «Hemen egongo gara herrialde honen historia gogorarazteko, genozidioak baldintzatutako historia. Kolonizazioa krimena da, eta proba nuklearrak horren ondorio dira».
Atzoko hitzaldian Macronek ez zuen aipatu barkamenik, eta hitzeman zuen probek eragindako kalteekin lotutako ordainen prozesua «azkartuko» duela. 2017an presidente aukeratu zutenetik 200 kasu aztertu dituzten arren, biktimek salatzen dute «prozesua oso mantso» doala. Halaber, Polinesiako Gizarte Segurantzak 670 milioi euro erreklamatu dizkio Frantziako Estatuari, erradiazioek eragindako gaixotasunen tratamenduentzat.
Macronek ez zuen ezer esan horren inguruan, baina ekonomikoki laguntzeko prest agertu zen. Uhartediko inbertsioei «bultzada emateko» 300 milioi euroren diru laguntzak iragarri zituen atzo. Diru horrekin, Air Tahiti Nui hegazkin konpainiaren garapen eta zerga salbuespeneko neurri berriak sustatu nahi ditu.
Barkamen eskerik ez Polinesian egindako proba nuklearrengatik
Polinesia Frantseseko herritarrekin «zorretan» dagoela esan du Macron Frantziako presidenteak. 300 milioi euroren diru laguntzak iragarri ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu