Bareago, baina etenik gabe, hirugarren egunez Gaza bonbardatu du Israelek

Asteartetik gutxienez 28 palestinar hil dituzte aire erasoetan. Menia baterako bitartekari lanak egiten ari da Egipto, baina ez da adostasunik

Israelek jaurtitako aire erasoek birrindutako etxe bat. MOHAMMED SABER / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zertxobait baretu diren arren, oraingoz ez dute etenik Israelgo armadaren bonbardaketek. Gazara jaurtitako erasoen hirugarren eguna izan zen atzokoa, eta militarrek dagoeneko 28 palestinar hil dituzte, Gazako agintaritzaren arabera: horietatik gutxienez sei haurrak ziren. Gainera, Gazara jaurtitako misilek 80 lagunetik gora zauritu dituzte.

Ezkutua eta gezia operazio militarraren barruan ari dira egiten aire erasoak. Jihad Islamikoa dute helburu, eta, hain justu, atzo talde armatu horretako bi liderren heriotzaren berri eman zuen Israelgo armadak: Ali Ghali eta Ahmed Abu Daqqa. Jihad Islamikoko beste bi kideren heriotzak ere jakinarazi zituen atzo Israelek.

Hamasek eta Jihad Islamikoak eraso horiei erantzun diete; herenegun hasita, 500 suziritik gora bota dituzte egunotan Israelera—hango armadak emandako datuak dira—. Besteak beste, Ramla, Ashkelon, Sdero eta Rehovot hirietan lehertu ziren horietako batzuk atzo. Azken bi horietan, zenbait eraikin kaltetu zituzten, eta hildako bat eragin zuten Rehovoten —Tel Avivetik 20 kilometro hegoaldera—.

Gazatik jaurtitako suziri guztietatik 110 inguru zerrendan bertan erori ziren, eta gutxienez lau palestinar hil ziren horien ondorioz —horietatik bi, adingabeak—, Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagariren esanetan. Baina Jihad Islamikoak halakorik gertatu izana gezurtatu zuen atzo.

Gazako milizia guztiak fronte bateratu gisa ari dira antolatzen Israelgo indarrei aurre egiteko. Hamasen buruzagitzako kide Moxeer al-Masriren esanetan, «erresistentziak bere herritarrekin eta martiriekin duen konpromisoaren» erakusle bat da palestinarren erantzuna.

Israelek erasoekin jarraitzen duela ikusita, su etenerako deia egin zuen Egiptoko Gobernuak. Reuters albiste agentziaren arabera, menia bat lortzeko bitartekaritza lanetan hasi da Kairo. Harekin bat egin zuten, atzo, Alemaniako, Frantziako eta Jordaniako Atzerri ministroek. Halere, lan horiek ez dute oraingoz arrakastarik izan.

Jihad Islamikoak hiru baldintza jarri zituen su etena adosteko. Lehenik, «Israelek erakundeko goi kargudunen hilketa selektiboa amaitzea»; bigarrenik, taldeko bozeramaile ohi Khader Adnanen hilotza emateko —joan den astean hil zen, Israelgo espetxe batean, gose greban 85 egun baino gehiago egon ostean—; eta, azkenik, bertan behera uzteko Jerusalemgo Egunerako antolatu duten desfilea —datorren astean izango da—.

Eskaerak iritsi eta ordu gutxira erantzun zuen Israelek, zera: Jihad Islamikoko liderren «hilketa selektiboak» mahai gainean daudela oraindik, bereziki, «zuzeneko mehatxu» bat badira.Are, datozen egunotan «operazio gehigarriak» egingo dituztela iragarri zuen atzo Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak. Herrialdeko lehen ministro Benjamin Netanyahuk ere esana du oraindik ez dela amaitu Israelen «kanpaina militarra».

Nazioartearen deia

Ekialde Hurbiletik harago entzun dira sirena hotsak. Arabiar Ligak Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari eskatu zion, herenegun, Israeli «beharrezko presioak egiteko», eraso horiek gelditu ditzaten. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek atzo goizaldean erantzun zuen, eta Israeli eskatu zion bete ditzala nazioarteko giza araudiaren betebeharrak.

Israelen gertuko AEB Ameriketako Estatu Batuek bakerako deia egin zuten atzo, baina berretsi zuten «erakunde terroristen suzirien aurrean defendatzeko eskubide osoa» duela Israelek.

Hamasek adierazi zuen menia lortuko dela Israelek «sarraskia» gelditzen duenean. «Kontua ez da palestinarrek zer egiten duten, nazioarteko komunitateak zer egin behar duen baizik», adierazi zion Khaled Qadomi Hamaseko kideak Al-Jazeerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.