Neurri handi batean, RN Batasun Nazionalaren esku dago François Bayrou Frantziako lehen ministroa kargutik kentzea. Haren kontrako zentsura mozio bat aurkeztu du LFI Frantzia Intsumisoak; bihar bozkatuko dute Asanblea Nazionalean, eta eskuin muturreko alderdiko presidente Jordan Bardellak eskatu du gaur mozioa ez babesteko, argudiatuta Bayrou kargugabetuz gero «ezegonkortasuna» areagotuko litzatekeela. RN bihar goizean jakinaraztekoa da azkenean zer bozkatuko duen.
Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua aktibatuz onartu zituen Bayrouk atzo 2025eko aurrekontu orokorrak, hau da, Asanblea Nazionalean bozkatu gabe, eta horri erantzuteko erregistratu du zentsura mozio bat LFIk. Bardellak Europe 1 irrati katean adierazi duenez, aurrekontuak «txarrak» iruditzen zaizkio, baina uste du ezegonkortasunak ez liekeela frantziarrei «mesederik» egingo. «Ziurtasunik eza saihestu behar da. Gure aberkide asko kezkatuta daude horrekin». Joan den astean, jada susmatzen zenean lehen ministroak dekretuz onartuko zituela aurrekontuak, Bardella ez zen zentsura mozioaren aukeraz aritu, eta esan zuen Frantziak legebiltzarrerako bozetara deitu «beharra» zeukala. Horiek, legez, ezingo dituzte ekainaren 9a baino lehenago egin.
Asanblean diputatu gehien duen alderdia da RN: 124 ditu. Ganbera horrek 577 aulki dauzka, eta, beraz, 289 boto behar dira gehiengoa lortzeko. Joan den abenduaren 4an, Michel Barnier aurreko lehen ministroaren aurkako zentsura mozioa babestu zuen eskuin muturrak. Oraingoan, ordea, Bardellaren hitzak aintzat hartuta behintzat, badirudi Bayrou ez dutela kargutik kenduko.
Ikusi gehiago
Gainera, duela bi hilabete ez bezala, NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioak, Asanbleako bloke handienak, pitzadura nabarmenak ditu. PS Alderdi Sozialistak atzo jakinarazi zuen ez zuela mozioaren alde bozkatuko, eta, ordu batzuk geroago, Jean-Luc Melenchon LFIko liderrak azpimarratu zuen koalizioak «jada» alderdi bat gutxiago zuela. «PSk baieztatu du gobernuarekin lerratuta dagoela. Argitu beharko dugu nork jarraitzen duen [blokean], eta nola funtzionatuko duen».
PSk, atzo, argudiatu zuen erantzukizunagatik erabaki duela Bayrou kargutik kentzearen alde ez egitea, eta Oliver Faure alderdiko idazkari nagusiak gaur nabarmendu du lehen ministroa kargugabetzeak «kalte handiagoa» eragingo lukeela. «Horrek zera ekarriko luke: lehen ministro eskuindarrago bat izatea, zeinak eskuin muturrarekin negoziatuko duen karguan irautea», justifikatu du France Inter irrati katean egin dioten elkarrizketa batean.
Bayrouren «engainua»
Alderdi Sozialistako kideek adierazi dute azkeneko orduetan lortu dutela aurrekontuko 5.000 milioi euro inguru politika sozialetarako erabiltzea, hala nola osasungintzarako, hezkuntzarako eta ingurumenarekin lotutako jardueretarako. Faureren esanetan, aurrekontu horrek «lanean jarraitzeko modua» ematen dio estatuari. Elkarrizketa baliatu du Melenchoni adierazteko zentsura mozioa ez babesteak ez duela esan nahi «onbera» izaten ari direnik gobernuarekin. Eta LFIkoari egotzi dio ezin duela hark erabaki «ezkerrekoa ala eskuinekoa» nor den, «eta are gutxiago, nor den Fronte Popular Berriko kide».
LFIk 72 diputatu ditu, eta PSk, 66. Sozialisten zuzendaritzak erabaki zuen Bayrou kargutik ez kentzea, baina badira diputatu batzuk ados ez daudenak, eta ikusteko dago biharko bozketan zer egingo duten. LFIko diputatu Clemence Guettek ez du etsi. «24 ordu ditugu pentsatzeko sozialistek beren kontzientziari jarraituz bozkatuko dutela. [NFP] Ados jartzea dagokigu, erabakitzeko zer norabide hartu behar duen herrialdeak», esan du gaur, TF1 telebista katean. Haren ustez, Bayrouk «engainatu» egin ditu PSkoak, eta horiek utzi egin diote engaina ditzan. «Esan zien 'ezker arduratsua' zirela, eta gu, ordea, arruntak ginela... Bayrouk limurtu egin zituen».
Biharko bi zentsura mozioaren aurka bozkatuko badute ere, sozialistek beste bat aurkeztuko dute. Datorren astean egingo dute «zentsura mozio espontaneo» hori, Frantziako Konstituzioaren 49.2 artikulua aplikatuta. Haren arabera, Frantziako Asanbleak zalantzan jar dezake gobernuarekiko duen konfiantza. Eta sozialistak lehen ministroak immigrazioaren inguruan egindako adierazpen batzuengatik aurkeztuko du haren aurkako mozioa.
Iragan astean, Bayrouk «immigrazio uholdea» aipatu zuen Frantziako zenbait tokitan duten egoera deskribatzeko. Orain arte, batez ere eskuin muturrak erabilitako terminoa izan da immigrazio uholdearena, eta polemika eragin du hitz horiek lehen ministroaren ahotik entzuteak. Horregatik erabiliko du 49.2 artikulua PSk, baina modu sinbolikoan, ez baitute espero eskuin muturrak babestuko duenik. Faurek atzo France Inter irratian esan zuenez, protesta egiteko modu bat da, salatzeko eztabaida publikoa AEBetako presidente Donald Trumpen moldeetara hurreratzen ari dela; «bereziki [Frantziako Barne ministro] Bruno Retailleauk bultzatuta».