Bardella hautatu dute Batasun Nazionaleko presidente

Hautagai ofizialista izan da eskuin muturrekoen primarioetan. Le Penek esan du «mobilizatuta» segituko duela Frantzia «zuzendu arte»

Jordan Bardella Batasun Nazionaleko presidente berria Marine Le Pen besarkatzen, atzo, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak Jordan Bardella hautatu du presidente. Beraz, 1972an indar politikoa sortu zutenetik —Fronte Nazionala izena eduki zuen 2018ra arte—, aurreneko aldiz ez du Le Pen familiako norbaitek zuzenduko. Nolanahi ere, atzo alderdiaren kongresuan, azkeneko 11 urteotan presidente izandako Marine Le Penek nabarmendu zuen ez duela «atseden hartzeko» asmorik, eta «mobilizatuta» jarraituko duela «herrialdea zuzendu arte». Batasun Nazionala bigarren indarra da Frantziako Asanblea Nazionalean, eta Le Pen da alderdiaren liderra ganbera horretan.

Bi ziren Le Penen lekukoa hartzeko hautagaiak: Bardella eta Louis Aliot Perpinyako alkatea. Bozkatu zuten alderdiko kideek, eta %85ek presidente berriaren alde egin zuten. 2011n, Jean-Marie Le Pen ordezkatzeko egindako primarioetan, Marine Le Penek botoen %67,65 lortu zituen.

Le Penen gustuko presidentea da Bardella, 27 urtekoa. 2019az geroztik da parlamentaria Europako Parlamentuan, eta iaz Bardellari berari eman zion Le Penek alderdia zuzentzeko ardura, berak presidentetzarako bozak prestatzen zituen bitartean. Gainera, Le Penen ilobetako baten bikotekidea da. Bardella bada nor alderdiaren aparatuan, hortaz.

Hamasei urterekin afiliatu zen artean Fronte Nazionala zenera, eta 2017az geroztik da alderdiaren bozeramaileetako bat. Euroeszeptikoa da, eta, horrenbestez, Frantzia EB Europako Batasunetik ateratzea defendatu izan du, eta «atzerritarrekiko gorrotoa eta indarkeria sustatzea» egotzita Barne Ministerioak desegindako elkarte bat ere babestu zuen, besteak beste. Joan den otsailean ikerketapean egon zen, Trappes, Paristik 30 bat kilometrora dagoen herri bat, Frantzia barruko «errepublika islamiko bat» dela adierazi zuelako. Duela aste batzuk, Georgia Meloni buru zuen eskuin muturreko blokeak Italiako hauteskundeak irabazi eta gero, esan zuen hori «umiltasun lezio bat» zela EBrentzat. Dena den, lehen ez bezala, Frantziako indar ultraeskuindar hegemonikoko agintariek esaten dute jendaurrean ez dutela ez EBtik, ez eurotik atera nahi. Finean, Bardella hautagai ofizialista izan da alderdiaren primarioetan.

Bozketaren ondoren, Henin-Beaumont herriko alkate Steeve Brioiek salatu zuen alderdia «atrofiatuta» dagoela. Zuzendaritza berritik kanporatua izan ondoren egin zituen adierazpenok BFMTV telebistan: «Lerro sozialago bat defendatzen dugunon aurkako garbiketa baten hasiera da».

Marine Le Pen saiatu da azkeneko hamarkadan alderdiaren irudia garbitzen, eta azpimarratu izan du aita babesten zuten neonazi xenofoboek ez zutela lekurik alderdian. Baina presidente berria aukeratu dute, hain justu, Batasuna Nazionalak Asanblea Nazionalean duen diputatu Gregoire de Fournasi jarrera arrazista edukitzea egotzi dioten astean. Leporatu diote ezkerreko blokeko jatorri afrikarreko diputatu bat hizketan ari zela hau esatea: «Itzul dadila Afrikara». Ez dago argi singularrean edo pluralean esan zuen. V. Errepublikan —1958an hasi zen— bigarren aldiz, diputatu bati jarri ahal zaion zigor handiena ezarri diote: bi astez kanporatu dute, eta soldata erdira murriztuko diote datozen bi hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.