Azken asteetan protesta gogorrak eragin ditu Bangladeshko auzitegi batek ekainaren 5ean berretsi izanak sektore publikoko lanpostuen %30 1971ko Independentzia Gerran borrokatutakoen ondorengoentzat gordetzea —Bangladeshko Gobernuak 2018an erabaki legez—. Erabakiaren berri izan eta berehala irten ziren milaka gazte kalera, eta, handik gutxira, Seikh Hasina lehen ministroaren gobernuak Poliziak jarri zituen haiei aurre egiten. Poliziaren eta manifestarien arteko gatazkak azkar piztu ziren, eta hirurehun lagun baino gehiago hil dira geroztik; atzo, 93. Etxeratze agindua ezarri zuen bart Bangladeshko Gobernuak; gazteek, ordea, uko egin diote protestak alde batera uzteari, eta Dhakan mobilizazioetara deitu dute. Gauzak horrela, Hasinak kargua utzi eta herrialdetik ihes egin du gaur goizean —eguerdia Bangladeshen—, Indiara.
Armadako jeneral Waker-Us-Zamanek eman du lehen ministroaren erabakiaren berri, telebista bidez, eta jakinarazi gobernu militarra ezarriko dutela behin-behinean. Hasinaren ihesaldia ospatu duten arren, gazteak ez daude ados militarrek agintea hartzearekin. Are gehiago, Ikasleak Diskriminazioaren Aurka plataformak —protesten gidaritza izan duena azken hilabeteetan— jeneralaren erabakia gaitzetsi du, kaleratutako ohar batean, argudiatuta haiei dagokiela herrialdearen etorkizuna erabakitzea: «Iraultza ekarri dugunok erabakiko dugu nork gobernatuko duen Bangladeshen». Haien ustez, militarrek gobernua hartzea ez da gatazkari erantzuteko era, eta gaineratu dute «ezein sistema faxistari» aurre egingo diotela: «Faxismoa kanporatu dugu, eta ez dugu onartuko etorkizunean faxismoa Bangladeshen errotzea».
Izan ere, ikasleek osatutako mugimenduaren arabera, Bangladeshko sistema faxista da gaur egun; hori dela eta, mugimenduko koordinatzaile Mohammed Nahid Islamek eta Asif Mahmudek jakinarazi dute «sistema osorik abolitu eta Bangladesh berri bat» eraikiko dutela. «Gauerako errugabeak, preso politikoak eta indarrez desagertu dituztenak aske utzi behar dituzte». Nabarmendu dute eskari hori zein haien bestelako nahi politikoak bete ezean kaleak ez dituztela utziko. Gainera, «faxistak eta hiltzaileak» justiziaren aurrera eramango dituztela adierazi dute.
Waker-Us-Zamranek «armadak bakea berrezarriko» duela zin egin du, eta manifestariei eskatu die protestak alde batera utzi eta etxera itzultzeko. Jeneralak mezua zabaldu eta gutxira, ikasle andana Hasinaren etxera sartu da, eta hura hustu.
Lehen ministroaren erabakia protesta egun odoltsuenaren biharamunean heldu da. Atzoko protestetan gutxienez 93 lagun hil zituzten, gobernuaren dimisioa eskatzen dutenen eta Poliziaren zein Hasinaren jarraitzaileen arteko liskarretan. Herrialde osoan hedatutako indarkeria zela eta, Bangladeshko Gobernuak etxeratze agindua ezarria zuen atzo; baina ikasleek —eta Hasinaren gobernuaren aurkako oposizioko hamaika jarraitzailek— ez zuten jaramonik egin, eta beste protesta batera deitu zuten gaur goizerako —goizeko ordu txikiak Euskal Herrian—. Gaur goizeko protestetan beste sei lagun hil dituzte, eta Internetik gabe egon dira zenbait orduz.
Lanpostuez harago
Lanpostu publikoen kuota protesten txinparta izan den arren, neurria abian jarri aurretik ere Bangladeshen hautsak harroturik zeuden. Urtarrilean laugarren aldiz segidan irabazi zituen bozak Hasinak. Garaipenak, ordea, zeresana eman zuen, oposizioak horiei boikot egitea erabaki baitzuen. Izan ere, iazko urriaren 28an gobernuaren aurka egindako protestetan gutxienez hamar manifestari hil eta 25.000 lagun atxilotu zituen Poliziak. Bestalde, langabe asko daude herrialdean: 170 milioi biztanle daude Bangladeshen, eta 32 milioi gazte inguruk ez dute lanik.
Gauzak horrela, lanbide publikoen kuotaren aurkako aurreneko protestak ekainean hasi ziren, unibertsitate campusetan. Indarkeria, ordea, uztailean areagotu zen; eta, aste gutxiren buruan, berrehun hildako baino gehiago zeuden. Uztailaren 21ean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen neurria, %30eko kuota %3ra itzulita; baina horrek ez zituen baretu protestak, eta Bangladeshko Gobernu osoaren dimisioa eskatzen hasi ziren. Horrek indarkeria areagotzea eragin du, gaur arte.