Iragan ekainean ikasle protesta olde bortitza hasi zen Bangladeshen, sektore publikoko lanpostuen %30 1971ko Independentzia Gerran borrokatutakoen ondorengoentzat gordetzea erabaki izanaren harira. Ia bi hilabete osoz aritu ziren ikasleak —eta gobernuaren aurkakoak— Sheikh Hasina lehen ministroaren aldekoen eta Poliziaren kontra borrokan. Istiluetan hirurehun lagun baino gehiago hil zituzten —gehienak ikasleak—, eta, mobilizazioen indarra ikusirik, Hasinak kargua utzi eta herrialdetik alde egitea erabaki zuen, abuztuaren 5ean. Gaur, baina, Dhakako lehen auzialdiko auzitegiak iragarri du ikertuko duela lehen ministro ohiak eta «haren sei kolaboratzailek» ba ote duten erantzukizunik herritar baten heriotzan.
Hasina ez ezik, bi ministro ohi eta Poliziako lau ofizial ere ikertuko dituzte heriotza horrekin lotuta. Uztailaren 19an Dhakan izandako istiluetan poliziek janari denda baten jabe baten aurka tiro egin eta hura hil izana leporatuta salatu dituzte zazpiak. Haien aurkako salaketan jasotzen denez, hildako gizona ez zen protestetan parte hartzen ari, baina poliziek ikasleen aurka egin zuenean jaurtitako baletako batek jo zuen.
Zibil batek jarri du salaketa: Amir Hamzak. «Egindako krimenengatik Sheikh Hasinaren aurka legezko neurriak hartzeko ausardia izan duen lehen herritar arrunta naiz», nabarmendu du. Hamza ez zegoen hilketa gertatu zen lekuan; are gehiago, ez zuen hildakoa ezagutzen. Esan duenez, ordea, hilketak «hunkitu» du eta, dendaren jabearen familiak auzitara jotzeko adina dirurik ez duenez, prozesua berak ordaintzea erabaki du.
Honako hau da Hasinaren aurkako lehen salaketa, baina espero da datozen egunetan harekin gobernuan zeuden kideen aurkako gehiago jartzea. Izan ere, Nahid Islamek, protestetan parte hartu zuen ikasle mugimenduko buruzagietako batek, behin baino gehiagotan esan du Hasina epaitu behar dutela «eragin dituen hilketengatik».
Indiatik itzuli
Hasina oraindik ere Indian dago, erbesteraturik; kargua utzi zuenean hara egin baitzuen ihes, eta oraindik ez baita Bangladeshera itzuli. Hala ere, haren seme eta alderdikide Sajeeb Wazedek adierazi du balitekeela laster itzultzea. Izan ere, Wazedek baieztatu du lehen ministro ohia prest dagoela protesten osteko trantsizio gobernuak deituko lituzkeen hauteskundeetan lehiatzeko.
Hasina 2009an heldu zen agintera, eta ordutik lehen ministro karguan aritu da, hamabost urtez. Azken urteetan, ordea, haren buruzagitzaren aurkako ahotsak areagotu dira, «sistema faxista bat» ezartzen ari zela leporatzeraino.