Datorren urteko urtarrilean dira egitekoak hauteskunde orokorrak Bangladeshen, eta, horiek baino hilabete batzuk lehenago, gobernuaren aurkako protestak gero eta ohikoagoak dira; ustelkeria egotzita, batik bat. Atzo, esaterako, istiluak izan ziren Dhaka hiriburuan Poliziaren eta manifestarien artean, oposizioko Bangladeshko Alderdi Nazionalistak (BNP) antolatutako protestetan. Estatuko indarrek negar gasa erabili zuten, eta gomazko balak jaurti zituzten mobilizazioak sakabanatzeko —gobernuan den Awani Liga alderdiko jarraitzaileen laguntza eduki zuten—, eta, iturri ofizialen arabera, 90 pertsona atxilotu zituzten. Poliziak jakinarazi zuen sei pertsona ospitaleratu zituztela.
Urte hasieratik ari dira BNP kontserbadorea eta haren aliatuak protestetara deitzen, Sheikh Hasina lehen ministroak dimisioa eman dezan, eta, modu horretan, bidea eman dezan behin-behineko gobernu bat sortzeko, bozak inpartzialki gainbegiratu ditzan.
Azken hilabetean ugaritu egin dira protestak, eta milaka pertsona ari dira kalera ateratzen; batez ere, hiriburuan. Asteon, esaterako, Poliziak oposizioko bostehun bat kide atxilotu zituen elkarretaratze batean.
Hain zuzen, Asia hegoaldeko herrialdeko zein nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakundeek estatuko indarrei egozten diete oposizioko milaka ekintzaile atxilotzea, baita horietako ehunka hiltzea eta desagerraraztea ere. HRW Human Rights Watchen arabera, esate baterako, Awani Liga alderdiko Hasina lehen ministroaren administrazioa «autoritarioa» da, eta «ustelkeriaz gaindi» dago. Kasurako, oposizioaren egunkari nagusia, Dainik Dinkal, ixteko agindu zuen joan den otsailean.
Hasina 2009tik da lehen ministroa, eta gehiengo nabarmena du parlamentuan: 350 eserlekuetatik 303 daude haren esku. BNPk zazpi eserleku besterik ez zituen lortu azken hauteskundeetan —2018ko abenduan egin zituzten—, eta iruzurra salatu zuen. Indarkeria giroan egin zituzten boz haiek, eta gutxienez hamazazpi pertsona hil ziren. 2014ko bozetan, kontrara, BNPk boikoterako deia egin zuen, eta, horrenbestez, lau urtez egon zen ordezkaritza parlamentariorik gabe. Khaleda Zia alderdiko liderra ustelkeria leporatuta zigortu zuten 2018an, eta etxeko atxiloaldian dago.
Agintean txandakatzen
Bangladesh 1971tik da independentea, eta Sheikh Mujibur Rahman, herrialdearen sortzailetzat daukatena —Hasinaren aita—, lehen ministro izan zen 1973tik 1975era. Urte hartan estatu kolpea eman zuten militarrek, Rahman hil zuten, eta agintean egon ziren 1990era arte. Orduz geroztik, BNP eta Awani Liga txandakatu dira agintean.
Bangladeshko Gobernuaren aurkako protestak areagotu egin dira
Lehen ministroari dimisioa eman dezala eskatzen diote, eta behin-behineko gobernu bat osatu dezala urtarrilean egitekoak diren bozak gainbegiratzeko. Oposizioko ehunka kide atxilotu ditu azken astean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu