Bangladeshko gobernu ohiak gizateriaren aurkako krimenak egin zituen susmoa du NBEk

Nazio Batuen Erakundeak nabarmendu du iazko ikasle protestetan gobernuak giza eskubideak urratu zituela. Liskarretan hildakoen %12 inguru adin txikikoak ziren.

Hasina gobernuburu ohiaren etxea, hautsita, Bangladeshko Dhaka hiriburuan, iragan ostegunean. MONIRUL ALAM / EFE
Hasina gobernuburu ohiaren etxea, hautsita, Bangladeshko Dhaka hiriburuan, iragan ostegunean. MONIRUL ALAM / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko otsailaren 12a
14:27
Entzun

Bangladeshko ikasleek protesta jendetsuak abiatu zituzten gobernuaren aurka iazko udan, orduko lehen ministro Sheikh Hasina kargua uztera eta ihes egitera behartzeraino. Hasinak herrialdea utzi aurretik, baina, bi hilabetez egon ziren protestan, eta Poliziaren eta manifestarien arteko liskar handiak egon ziren: 1.400 lagun hil zituzten, horietako 44 poliziak, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera. Bada, ikasleen protesten aurka egiterakoan Hasinaren gobernuak giza eskubideak urratu zituela jakinarazi du gaur NBEk.

Iazko ekainetik abuztura Bangladeshen gertatutako liskarren inguruko txostena aurkeztu du gaur NBEk. Dokumentu horretan azaldu duenez, orduko gobernuak, Poliziak, zerbitzu sekretuek eta Hasinaren alderdi Awami Ligako hainbat kidek «sistematikoki giza eskubideen urraketa larriak» egin zituzten. «Epaiketarik gabeko exekuzioak» nabarmentzen ditu txostenak, besteak beste. Hala ere, NBEn beste zerbaitek piztu du alarma: Hasinaren gobernuak «politika ofizial bat» erabili izanak manifestariei eraso egiteko eta bortizki zapaltzeko. Bangladeshko orduko gobernuak gizateriaren aurkako krimenak egin zituen susmoak areagotu ditu horrek erakundean. Gauzak horrela, prozesu judizial bat abiarazteko eskatu du.

Bangladeshko auzitegi batek iazko ekainaren 5ean berretsi zuen sektore publikoko lanpostuen %30 1971ko Independentzia Gerran borrokatutakoen ondorengoentzat gordetzea —Bangladeshko Gobernuak 2018an erabaki legez—. Horren harira irten ziren gazteak kalera, Bangladeshko «sistema faxista» salatzeko.

Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatari Volker Tuerkek azaldu duenez, Hasinak protesta horiek zapaldu zituen agintean jarraitzeko: «Gobernuaren erantzun basatia kalkulaturiko eta ondo koordinaturiko estrategia bat izan zen. Ehunka hilketa, atxiloketa arbitrario eta tortura izan zirela sinesteko arrazoiak ditugu». Izan ere, txostena egin ahal izateko, Bangladeshen orain behin-behinean agintean dagoen gobernuak ez ezik, forentseek, lekukoek eta protestak deuseztatzeko ekintzetan parte hartu zuten hainbat polizia eta militarrek ere lagundu dute ikerketan.

«Estatu indarkeria»

Iragan abuztuan, protestak amaitu zirenean, nazioarteko hedabideek kalkulatu zuten manifestazioetan hildakoak hirurehun inguru zirela, baina, NBEren ikerketaren arabera, guztira 1.400 izan ziren. Horietako gehienak «estatu indarkeriaren» biktimak izan zirela esan du Tuerkek. Izan ere, hildako gehienak Poliziaren, militarren edo zerbitzu sekretuen tiroen ondorioz hil zirela azpimarratu du NBEk txostenean.

Haurren erailketak eta atxiloketak ere gaitzetsi ditu erakundeak. Protestan hildakoen %12 inguru adin txikikoak ziren; are gehiago, estatuaren indarrek hildako lagunen artean protestekin zerikusia ez zuten haurrak ere badaude. «Polizia edonora ari zen tiroka, euria bezala», dio txostenean jasotako lekuko batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.