BANBUZKO IRAULTZA

Kenyan tokian tokiko taldeak elkartu egin dira beren auzoetako errekak zaintzeko eta parke txikiak sortzeko. Kasa Green Parc da horietako bat; Nairobi iparraldean dago, eta hiru urte dira leku hori erreklamatu zutela.

Gazte talde bat Nairobi iparraldeko Kasarani auzoan, hilaren 16an, erreka garbitzen; banbuak eta beste zuhaitz batzuk ere landatu zituzten. OSKAR EPELDE JULDAIN.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Kenya eta, bereziki, Nairobiko makina bat talde beren auzoetako errekak zaintzen eta parke txikiak sortzen ari dira, beren kabuz. Horren bidez, bizitokiaren ingurugiroa bere onera ekarri nahi dute, eta gazte pobreek jasaten duten zapalketa sistematikoaren aurka borroka egiten dute; aldi berean, taldeen arteko harremanak geroz eta gehiago landu eta horietan sakontzeko aukera dute. Pertsonen duintasuna eta giza eskubideak garapenaren eta klima ekintzaren erdigunean jarri nahi badira, klima finantzaketa gizarte oinarrietara bideratzeko eskatzen diote gobernuari.

Kasa Green Parc deitzen da sortzen ari diren parke horietako bat. Duela hiru urte erreklamatu zuten; gazte talde batek proiektuari ekin zion arte, zabortegi informal bat zen, eta, orain, esaterako, jakaranda bat du, taldeko boxeolari Alik landatua. Helburua «inguru berde bat» sortzea da, Christofer Kayaren arabera, «jendea hona etortzeko, eta hemen lasaitzeko aukera izan dezaten». Nekazari batzuek, gainera, barazkiak landatu dituzte inguruan, janaria eskura izateko. «Hala ere, parkea aisialdirako da, lasaitu eta burua garbitzeko, txoriez eta aire freskoaz gozatzeko... Eta, aldi berean, zuhaitzek lurzoruaren higadura murrizten dute».

Hilaren 16an, Nairobi iparraldeko Kasarani auzoko gazte taldeak elkartu egin ziren river cleanup (ibai garbiketa) ekintza kolektiboa egiteko eta ibai ertzean zuhaitzak landatzeko. Zehazki, errekaren lerroan banbua landatzea erabaki zuten; eraikin askok ur zikina zuzenean ibaira isurtzen dute, eta ikasi zuten banbuaren sustraiek ura iragazten eta garbitzen dutela.

«Bi zeregin batera egitea bezala da, ibaia birsortzearekin batera karbonoa harrapatzen baituzu», azaldu du Riverside Camp taldeko Ouma Ojiambok. Horrez gain, banbuak erabilera potentzial anitz ditu, eta diru sarrera iturri bilaka liteke, balio erantsia sortzeko gai izaten badira. Izan ere, natura zaintzen jarraituz gero, langabezian dauden gazteek onura ekonomikoak beharko dituzte, orain arte ez baitute izan erakundeen funtsik eskura.

Ibaiaren jarioa oztopatzen duten zaborrak eta hondakinak biltzeko oinarrizko tresnak baino ez dituzte: aitzurrak, palak, erratzak eta makilak. Halere, auzoko ur zikin geldiak askatzea lortu dute. Kasa Green Parceko goiko sarreran dagoen ur pjauziak Afrikako naturaren edertasuna iradokitzen du, baina pobreziak sortutako apar hodeiak agertzen dira ura geldi dagoenean.

«Eraikin guztietan esaten diegu ez dezatela estolderia ibaiarekin konekta», azaldu du Jackson Barazak. Hildako arrain bat aurkitu du bertan Biban Dalilik; ibaiko ur zikinek arrainak hiltzen dituztela dio, eta errekaren baldintzak zaintzeko otoitz egin du, euren familiek berriz arrain txikiak izan ditzaten. Ibai ertzean laborantza egiten dute auzokide askok, eta oraindik ez dute denek agroekologia ezagutzen; erabiltzen dituzten produktu kimikoek ere ibaia kutsatzen dute.

Laguntzarik ez

Nekazariekin gatazkak sortzen direnean, auzoko buruzagiek eta gobernuak ez diete laguntzarik jaematen. Ojiambok dio gobernuak ez duela ez erreka babesteko baliabiderik ezta hori egiteko borondaterik ere.

Gazte taldeen xedea da komunitate osoa ingurumena eta klima babesteko planean txertatzea. Ingurumena zaintzea «ariketa kolektiboa» dela dio Seven Morans taldeko Edwin Api Masalek: «Zulatzen hastean, erronkak eta akatsak aurkitzen dituzu, baina, ikasten duzun heinean, gai zara komunitate osoa, bizilagunak eta beste erakunde batzuk barne hartzen dituen irtenbidea lortzeko».

Komunitateak ingurumenaren zaintzan barneratuak bainoago «zentzuz arduratuta» egotea aldarrikatzen dute; hala nola klima plangintzan eta finantzan. Komunitatean oinarritutako erakundeak zeharkako ikaskuntza biderkatzen ari dira klima ekintzaren arretagunean komunitatearen eskubideak jartzeko. «Klima finantzaketak komunitateen egokitzapena ahalbidetu behar du; adibidez, ur sarbiderik ez duten komunitateei lagundu behar zaie. Beraz, komunitatea garapen eta klima ekintzaren prozesuan benetan engaiatuta egotea behar dugu. Klima finantzaketan modu esanguratsuan parte hartu behar dute», argudiatu du Carolina Muturi aktibista gazteak.

Muturik, komunitateak mobilizatzeko xedearekin, eta lurrak eta ibaiak erreklamatzea aldarrikatuz, oinarrizko organizazioen mintegi bat antolatu berri du, gobernu eta multinazionalek sustatzen duten karbonoa konpentsatzeko merkatu berria kritikatzeko asmoz. Mintegian esandakoaren arabera, Soipan Tuya gobernuko Ingurumen kabinete idazkariak bere esku hartuko du karbonoa harrapatzeko proiektuen onarpena, eta atzerriko enpresen esku geratuko da karbono kredituak igortzea eta merkataritza.

Horretaz gainera, karbonoaren merkatua injustizia historikoen gaia baztertzeko ekarri dutela dio Muturik. «Zergatik ez dute konpromisoak betetzeko eskatzen? Hori alde batera utzi, eta karbono salerosketara salto egin nahi dute. Distrakzio arriskutsua da. Gizarte zibileko erakundeok gure kezka azaldu dugu, Hego Globalean bereziki, gogoraraziz klima arazoak aurrez aurre jasaten ditugula, eta gehien kaltetuak garela. Beraz, oso tristea da gobernuak benetako konponbideei eta komunitateen benetako beharrei bizkarra ematen diola ikustea. Ez dugu isurien murrizketarik izango, eta beharrezkoa zaigu isuriak murriztea. Karbono salerosketaren gaiak konponbideei bizkarra ematen die. Hori ez da pertsonen eskubideak erdigunean jartzea».

Eta onuradunak hauek lirateke, haren arabera: «Iparraldeko industriak eta korporazio multinazionalak, eta, noski, testuinguru nazionalean, artekariak; hau da, gobernuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.