Munduko harresiak. Iran-Pakistan-Afganistan

Balutxistan: bost metroko harresi bat Marten

Teheranek eta Islamabadek Balutxistanen eraikitako harresiak zatitu egin ditu herri eta sendi balutxeak, eta haien bizimodua mehatxupean jarri. Matxinada eteteko ere baliatu dute.

Bi balutxe, Iranen menpeko Balutxistan eta Pakistanen menpeko Balutxistan banatzen dituen harresiari begira. KARLOS ZURUTUZA
Bi balutxe, Iranen menpeko Balutxistan eta Pakistanen menpeko Balutxistan banatzen dituen harresiari begira. KARLOS ZURUTUZA
Baritxi
2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

Basamortuan uzta biltzea erronka izan da beti Abdul Bazirrentzat. Hori gutxi ez, eta, egun, baratzeak bere horretan utzita dauzka, bost metroko murru baten itzalpean. «Eromena da hau. Nire soroetara inguratzen naizen bakoitzean, tiro egiten didate harresitik», kexu da 60 urteko balutxea. Baritxi herrian gelditzen den azken nekazarietakoa da Bazir.

«Ehun familia inguru ginen, baina gehienek alde egin dute. Harresia altxatu zutenetik, ezin dugu landatu; ezin ditugu artaldeak beste aldera eraman, edo handik janaria ala bestelako gauzak ekarri», dio, bere etxean. Eraikin xumea da oso: adobezkoa, ur eta argindarrik gabea. Horrelakoak dira denak hemen.

Ez bilatu Baritxi mapetan. Afganistango hego mendebaldeko muturrean dago, Nimroz eskualdean. Hauxe da Iran eta Pakistanekin muga egiten duen Afganistango probintzia bakarra. 1970eko hamarkadan hona etorritako AEB Ameriketako Estatu Batuetako geologo talde batek zera ondorioztatu zuen: mundu osoan bertakoa zela Marterekin antz handiena zuen paisaia.

Egun, Afganistango gutxiengo balutxeak gehiengoa osatzen du Nimrozen. Gerrek eta lehorteek, alabaina, irauteko aukerak asko urritu ohi dituzte hemen. Amerikar zientzialariak iritsi baino askoz lehenago, aspaldi, Dasht-e-Margo izena eman zioten eremu honi: heriotzaren desertua. Iranek eraikitako harresiak eskualdeari azken heriotza ukaldia eman diolakoan daude asko.

Dost Mohamedek ere hala uste du. Bi tiro jaso zituen bere soroetan zebilela. «Gure asto eta ardi asko hil dituzte jateko edo, besterik gabe, punteria praktikatzeko; dibertitzeko», salatu du, alkandora altxatu bitartean. Sabelean ditu bala zuloen orbainak. Jarraian, lursail horien jabetza egiaztatzen duen dokumentu zimurtua erakutsi du.

Haren alboan, Baritxiko alkate Mohamed Ayubek azpimarratu du harreman sendoa zegoela harresiko beste aldeko herritarrekin. Balutxeak omen dira haiek ere, klan berekoak. Shagalak herria, esaterako, Baritixitik 500 metro eskasera dago, baina bistatik desagertu da, murru atzean. Eta harresira ere ezin gerturatu: irandarrek kontrol postu bat jarri dute, berez afganiar lurra den horretan, eta Afganistango Poliziaren kuarteletik gertu.

«22 herrixka daude egoera berean, harresiaren gerizpean», azaldu dio BERRIAri Ali Ahmad komandanteak bere bulegotik. Bala batek bere atzeko leihoa hautsi eta aurreko pareta zulatu zuen. Alboko eskolan ere maiz jotzen zuten, eta hura ixtea erabaki zuten. Luxua ez ezik, ikastea arriskutsuegia ere bazen Baritxin.

Estrategikoa

Afganistango gerrak, eta Teheranen eta Islamabaden kazetarien gaineko betoak zulo beltz bihurtu dute Balutxistan. Funtsean, bahimendu mediatikoak balutxeen kontrako neurri basatiak ezkutatzea du helburu, bertan asko baitago jokoan. Bere kokapen estrategikoak, Asia erdialde eta hegoaldeko bidegurutze batean, eta lur azpiko baliabide naturalek —uranioa eta urrea, tartean— balio handia ematen diote lur idor honi. Historikoki, zatiketa izan da ondoriorik adierazgarriena.

Afganistango hegoaldeko Ipar Balutxistan herri honen hiru eskualdeetako txikiena da. Mendebaldeko Balutxistan 1928an anexionatu zuen Iranek, eta 1948an bereganatu zuen Islamabadek ekialdekoa. Balutxeak zenbat diren inork ez daki, urriak baitira beti herri zanpatuen erroldak. Datu ez-ofizialek diote 15-20 milioi inguru direla, eta haietatik bi milioi Afganistanen bizi omen dira. Nimrozen, baina, erraz pentsa liteke eskualdea Irango mugen barruan dagoela, hain da handia persiar bizilagunaren presentzia. Zaranj hiriburuko bazarrean Irango produktuak dira nagusi, eta Irango txanponaz egiten da transakzio oro. Bestalde, argindarra eta ura ere harresiaren beste aldetik datoz. Teheranek Helmand ibaiaren isuria ere kontrolatzen du, presa baten bidez.

Herri hau itotzea da helburua, era batera edo bestera. Amnesty Internationalek salatu duenez, Iran da, Txinaren atzetik, munduko bigarren herrialdea exekuzioen zerrendan. 2015ko otsailean, esaterako, balutxe herri bateko gizonezko guztiak urkatu zituen, «droga trafikatzaileak eta jainkoaren etsaiak» zirela argudiatuta.

«Ezezaguna bezain konplexua da gatazka Balutxistanen», dio Zaranjeko poliziaburu Haji Abdula Balotxek. «Nimroz eta Iranen arteko mugako 224 kilometroak ixtea du helburu harresiak. Jadanik erdia eginda dago», azaldu du, harresitik ehun metrora. «Teheran 2007an hasi zen murrua eraikitzen, AEBek bere tropak Afganistan hegoaldean zabaldu ostean. Besteak beste, Iranek zera saihestu nahi zuen: Washingtonek matxino balutxeei babesa ematea».

Meir Javedanfar analista eta politika irakaslea da, eta harresiak bi helburu dituela dio: Afganistango migratzaileen uholdea eta kontramatxinada etetea. «Balutxeez gain, Iranen kontrolpetik at dauden talde talibanak obsesio bilakatu dira Teheranetzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.