Balen oinarrian, hitzak

Evo Moralesek salatu du Boliviako estatu kolpearen egileek«diktadura» ezarriko dutela. Gobernuak hiltzeko baimena eman dio armadari

Evo Morales presidente ohiaren aldeko grafitia Senkatan. RODRIGO SURA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Indarraren arrazoia ezarrita dabil Jeanine Añez, bere burua Boliviako presidente izendatu zuena aurreko asteartean. 24 hildako eragin ditu armadak azken egunetan, eta hilketa horien atzean dekretu bat dago, Añezen gobernuak idatzia eta onartua: 4078 zenbakia daukana. «Ordena eta egonkortasun publikoa ezartzeko lanean ari den armadako kideak ez du zigor penalik izango indarkeria erabiltzen badu bere burua defendatzen ari denean eta unean uneko beharra duenean», horixe dago idatzita dekretu horretan.

24 hildakoez gain, 542 zauritu izan dira azken astean, eta horietatik hamabi poliziak dira. 624 herritar daude atxilotuta. Horien artean zeuden Kubako lau sendagile, Bolivian lanean zihardutenak; atzo utzi zituzten aske, eta Kubara itzuli ziren. Evo Morales presidente ohiak garbi adierazi du Mexikotik zer ari den gertatzen —zortzi egun da han denetik—: «Bakea izan beharrean, difamazioa eta errepresioa agindu dituzte estatu kolpearen kontra dauden nekazarien aurka. 24 indigena birrindu eta gero, setio egoera prestatzen ari dira. Demokrazia eskatu, baina diktadura ezarri dutela baieztatuko luke horrek». Adierazpen gehiago ere egin zituen Moralesek Twitter bidez, eta salatu du armadaren eta polizien ekintzak «gizateriaren aurkako lege hausteak»direla, eta zigorrak eskatu ditu bultzatzaileentzat.

Moralesen aldekoek salatzen jarraitu dute egun hauetan gertatzen ari dena, eta atzo, nekazariek martxa bat antolatu zuten, besteak beste, El Alto hirian. Cochabamba hirira ere joan ziren. El Alton bertan beste protesta ekintza bat ere ari dira egiten: astebete da Senkatako gasolina biltegiak blokeatuak dituztela, eta hortik iristen da erregaia La Paz hiriburura —El Altotik bost kilometrora dago—. Herenegun, Rodolfo Montero Poliziako komandateak adierazi zuen manifestariekin hitz egiten ari zirela blokeoa kentzeko.

Senkatako egoerak duela hamasei urtekoa ekarri du gogora. Herrialdeko presidente Gonzalez Sanchez de Lozada eskuindarra zela, istiluak izan ziren armadaren eta gasolina biltegia blokeatzen ari ziren manifestarien artean, eta 77 hildako eta 400 zauritu eragin zituzten militarrek. Gobernu hartan, presidenteorde zen Carlos Mesa, eta Senkatako sarraskiaren ondotik, babesa kendu zion Lozadari, eta, horri esker, presidente izendatu zuten Lozadak dimititzean. Orain, Mesa estatu kolpearen alde dago.

Bestalde, estatu kolpearen egileak aurkariak kriminalizatzen ari dira, eta Añezek adierazidu «atzerriko agenteak» dabiltzala manifestarien artean indarkeria eragiten. Gobernuak esan du Añezen aurkako balizko atentatu saiakera bat ere atzeman dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.