Baleen ehiza amaiaraztera deitu du Watsonek, Frantziara aske itzuli ostean

Animalien eskubideen aldeko ekintzaileak bost hilabete eman ditu atxilotuta Groenlandian, Japoniak haren estradizioa eskatuta. Danimarkak baztertu egin du Japoniaren eskaria, eta Watson aske gelditu da aste honetan.

Paul Watson animalien eskubideen aldeko ekintzailea, Parisen.
Paul Watson animalien eskubideen aldeko ekintzailea, gaur, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE
2024ko abenduaren 21a
19:22
Entzun

«Era batera ala bestera, baleen ehiza amaiaraziko dugu mundu osoan», adierazi du Paul Watson animalien eskubideen aldeko ekintzaileak gaur, Frantziara aske itzuli denean. «Ikasi beharra daukagu mundu honetan gurekin batera dauden espezie guztiekin harmonian bizitzen», nabarmendu du Sea Shepard eta Captain Paul Watson Foundation erakundeen sortzaileak. Modu horretan, Watsonek adierazi du atxilotua izanagatik orain arte defendatu dituen ideiei eusten diela.

Ekintzaileak bost hilabete eman ditu preso Groenlandiako espetxe batean. Uztailaren 21ean atxilotu zuen Danimarkako Poliziak, Nuuken, Groenlandiako hiriburuan, gidatzen ari zen itsasontzia porturatu eta berehala. Japoniak eskatuta atxilotu zuten, Japoniaren balea arrantzaren aurka egindako ekintzengatik. Danimarkako justiziak haren kontrako estradizio eskaria baztertzea erabaki du aste honetan, eta aske gelditu zen Watson asteartean. Gaur itzuli da Parisera, bere bizitokira, aske. Watsonek nabarmendu du berak gidatzen dituen erakundeak ez direla ari Japoniaren aurka. «Legea bete dezatela eskatzen diegu soilik». 

Japoniak balea arrantza debekatu zuen 1986an, nazioarteko presioaren ondorioz. Balearen salerosketan aritzen zen hiru herrialdeetako bat zen, Islandiarekin eta Norvegiarekin batera. Baina berriz ekin zion animalia hori arrantzatzeari 2019an, bere jurisdikziopeko uretan. Muga hori urratuko zuen kezka piztu zien hainbat elkarte ekologistari Japoniak maiatzean hartu zuen erabaki batek: Kangei Maru balea arrantzarako ontzia itsasoratu zuen. Ekologistek uste dute ontzi inude horrekin balea arrantzan hasi nahi duela berriz Japoniak bere uretatik kanpo. Zehazki, Ozeano Antartikoan edo Pazifiko iparraldean. Ontziaren jabe den konpainiak ukatu egin du hori.

«Kangei Maru Pazifiko iparraldera edo Ozeano Antartikora abiatzen bada, haren legez kanpoko operazioen aurka esku hartuko dugu», ohartarazi du Watsonek.

Atxilotuta egon den tartean, Watsonen aldeko babes kanpainak indarra hartu du Frantzian, eta Emmanuel Macron presidenteak ere hura aske uzteko eskatu zuen. «Zoriontsu nago Frantzian jaso dudan babesagatik, baina, are garrantzitsuagoa dena, pozik nago Frantzian hainbeste jende ozeanoaren egoeraz kezkatuta dagoelako».

Japoniari bakarrik ez, Islandiari ere ohartarazpen bat egin dio ekintzaileak: herrialdeak datorren urtean balea arrantzan berriz hasteko saiakeraren bat egingo balu, haren aurka ere egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.