Balea-salbatzaile bat, Groenlandiako ziega batean

Uztail hasieratik, Danimarkako indarrek atxilo dute Paul Watson baleen aldeko ekintzailea. Japoniak estradizio eskaera egina du, 15 urteko kartzela zigorra ezarri nahi baitio.

BELGIUM PROTEST
Paul Watson askatzearen aldeko protesta bat, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
inaut matauko rada
2024ko irailaren 5a
05:05
Entzun

Ontzi kapitain batentzat ohikoa den maniobra bat zorigaiztoko bilakatu zitzaion Paul Watson ekintzaile ekologistari uztailaren 21ean: ontziari erregaia botatzeko geratu zen Groenlandiako hiriburuan, Godthaben, baina han zain zituen Danimarkako hamalau polizia, atxilo hartzeko. Ontzitik jaitsi bezain laster eraman zuten atxilo, eta, ordutik, preso da kanadarra. Abuztuaren 15ean amaitzekoa zen behin-behineko atxiloaldia, baina Sermersooq distrituko epaitegiak —Groenlandia Danimarkako lurralde autonomo bat da— urriaren 2ra arte luzatu zion espetxealdia atzo, «ihes egiteko arriskuagatik».

Aliantza Berdea alderdiko koordinatzaileak, Juantxo Lopez de Uraldek, Watson aske uzteko eskatu dio aste hasieran Danimarkako lehen ministroari, Mette Frederikseni, baita Japoniara ez estraditatzeko ere. Izan ere, ezarria dioten estradizio aginduagatik atxilotu zuten Watson Danimarkako Poliziako agenteek, Asiako herrialde horretan epaitu dezaten: 15 urteko kartzela zigorra eskatzen dute harentzat, 2010eko ekintza batzuengatik.

Balea gehien arrantzatzen duten herrialdeetako bat da Japonia, eta, azken urteetan, Watsonen jarduerak arrantza horren aurkakoak izan dira gehienbat. Hain zuzen ere, Japoniako baleontzi berri baten aurkako ekintza bat egitera bidean zen atxilotu zutenean. Kangei Maru zuen izena Captain Paul Watson fundazio ekologistaren operazioak, baina Danimarkako poliziek zapuztu zuten. Izen bereko ontzi bat egin berri du Japoniak, eta balea arrantzaren indartzearen sinboloetako bat da, nahiz eta 2014an Nazioarteko Justizia Auzitegiak legez kontrakotzat jo zuen Japoniak zetazeo horiek arrantzatzeko abiarazitako programa.

«Muturreko nazionalismoa»

Lopez de Uralderen esanetan, Japonia da balea arrantzaren aurka egiten duten ekintzaileak gehien «erreprimitzen» dituen herrialdea. «Japonia herrialde oso zapaltzailea da, baleen gaiarekin batez ere. Muturreko nazionalistak dira: uste dute baleak arrantzatzeko eskubidea dutela tradizio bat delako. Espainian antzekoa gertatzen da zezenen kontuarekin». AFP agentziarekin hitz egin du Watsonek, eta antzeko iritzia du, esan baitu Japoniako justizia «Erdi Aroko» sistema bat dela.

Greenpeace nazioarteko elkarte ekologistaren Japoniako zuzendaritza taldeko kide izan zen Lopez de Uralde, eta gogora ekarri du kargu horretan zela izan zuten kasu bat: «Zientziarekin lotutako helburuengatik bakarrik arrantzatu daitezke baleak, eta Japoniak aitzakia hori erabiltzen du baleak arrantzatzeko. Guk haragi kutxa batzuk hartu genituen, eta demostratu genuen giza kontsumorako eta komertzializatzeko zirela. Ekintza hori egin zutenei urtebeteko kartzela zigorra ezarri zieten huskeria batengatik, gertatzen ari zen gauza bat demostratzeagatik bakarrik. Horixe egiten du Japoniak balea arrantzaren aurkako ekintzaileekin».

«Japonia oso herrialde zapaltzailea da, baleen gaiarekin batez ere. Muturreko nazionalistak dira: uste dute baleak arrantzatzeko eskubidea dutela tradizio bat delako»

JUANTXO LOPEZ DE URALDEAliantza Berdeko koordinatzailea

Lopez de Uralderen ustez, gaur egun Paul Watson da balea arrantzaren aurkako borrokaren irudi nagusia, eta horregatik egin dute haren aurka, Japoniako baleontzien aurkako erasoak gelditzeko. Uste du Watson estraditatuko balute 15 urteko zigorra aplikatuko lioketela ziurrenik: «Serioski hartu beharreko kontua da: aurrekariak badaude, Japoniak gogor erreprimitu baitu balea arrantzaren aurkako ekintzailetza. Gainera, Watson zigortzeko gogo handia dute, haren lehengo elkarteak, Sea Shepherdek, barregarri utzi baitu Japonia behin baino gehiagotan». Watsonek berak azaldu du estradizioa «heriotza epai bat» izango litzatekeela beretzat.

Aliantza Berdeko koordinatzailea ez da ausartzen esatera Danimarkak Watson estraditatuko ote duen, baina gogor egin du Eskandinaviako herrialde horren aurka, ez baita fio: «2009an, espetxeratu egin ninduten Danimarkan, klimaren inguruko goi bileraren aurkako ekintza batengatik. Errepresioa gogorra izan zen. Danimarkan, legedia mantra bihurtzen dute. Uste dut nazioarteko presioa ezinbestekoa izango dela; ni ez nintzateke fidatuko Danimarkaz, errepresio justifikaezina eta neurrigabea pairatu bainuen nik neuk». Uste du litekeena dela Danimarkako Gobernuak Watson estraditatzearen alde egitea.

Balea arrantza gaur egun

Oraintxe bertan, hiru herrialdek arrantzatzen dituzte baleak: Islandiak, Japoniak eta Norvegiak. Islandian, baina, behin-behinean debekatu dute, ez delako bateragarria animalien ongizaterako Islandiako legearekin. Baina motibo ekonomikoak ere badaude erabaki horren atzean: «Islandian, balea arrantzaren aurkako barne oposizioa asko indartu da azkenaldian, baleak ikusteko turismoa asko zabaldu baita, eta arrantzaren negozioa gainditu du; azken hori oso kontu marjinala zen, enpresari batek bakarrik jarraitzen baitzuen jardun horretan», azaldu du Lopez de Uraldek. Horregatik uste du Islandia dela arrantza desagerrarazteko aukera gehien dituena hiruren artean.

Balea arrantzan diharduten hiru herrialde horiek, Lopez de Uralderen esanetan, urtero saiatzen dira bertan behera uzten Baleen Nazioarteko Batzordeak arrantzarako ezarritako etenaldia, argudiatuta baleen populazioa asko handitu dela, baina ez dute lortzen. «Baina egoerak bere hartan irauten du: legez kanpokoa da, baina arrantzatzen jarraitzen dute, inpunitatez».

BALEAREN ARRANTZA
Japoniako ontzi bat, balea bat arrantzatzen. JEREMY SUTTON-HIBBERT / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.