Duela lau urte egin zen galdera bera egingo da gaur ere Galizian: BNG Bloke Nazionalista Galiziarra eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialista gai izango dira gaurko bozen ostean PPG Galiziako Alderdi Popularra gobernutik kentzeko? Edo, beste era batera esanda, PPGren boto emaileak parlamentuan gehiengo osoari eusteko adina izango dira? Hauteskunde kanpainan ezkerreko indarren koalizio posible bat egon daitekeela iragarri dute zenbait inkestak, aldea txikia izango dela adierazten duten arren. Badirudi, beraz, hamabost urteren ostean balantzak ezkerrera egin dezakeela.
Are gehiago, eskuineko indarrek bi gobernutan ez ezik izan dute boterea Galizian frankismoa bukatu zenetik, 1975etik. Bi horietan —1987tik 1990era eta 2005etik 2009ra bitarte—, alderdi sozialistak presidentetza hartu zuen. Oraingoan, baina, indar nazionalista batek hartu dezake Xuntaren buruzagitza.
Astelehenean argitaratu zuen hautetsontzietara joan aurretiko azken datuak CIS Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak. Haren arabera, Ana Ponton BNGko hautagaiak presidentetza lor dezake, betiere PSdeGren diputatuen babesa lortuko balu. Lehia estua izango da, baina Anton Losada politologoak argi du alderdi popularrak hauteskundeetara deitu zuenean baino «zailago» duela gaur egun presidentetzari eustea: «Alfonso Ruedak [PPGko hautagaia] ez zuen nahi inor asko nabarmendu zitekeen kanpaina bat, ezkerreko boz emaileak ez mobilizatzeko. Guztiz kontrakoa gertatu da».
Rueda «buru karismatiko bat ez izatea» eta Espainiako zein Galiziako PPren inguruan gertatutakoak —pinportetatik hasi eta Alberto Nuñez Feijoo PPren buruak Carles Puigdemont Junts Per Catalunyako buruarekin amnistiari lotuta izandako ustezko negoziazioetaraino— duela lau urte izan zituzten emaitzak errepikatzea ezinezkoa izatea bilakatzen dute. Orduan, 42 diputatu lortu zituen PPGk —gehiengo osoa lortzeko 38 behar dira—, BNGren hemeretziak eta PSdeGren hamalauak baino nabarmen gehiago.
Are gehiago, Losadaren ustez, Galiziako hauteskundeak hango gaietan zentratu beharrean popularrek Espainiara eraman izanak eragin «negatiboa» izan dezake. Gaurko hauteskundeak «Feijoo bai edo ez» bozkatzeko eguna bihurtu nahi izan dituztela iritzi dio. Horrek, PPGren boto emaileak mobilizatu beharrean, «ezinegona» eragin duela uste du. «PPGk beti jarri du Galizia erdigunean; Feijooren azkena da horren erakusle; adibidez, Galizia, Galizia, Galizia zuen lelotzat»
Soslaien garrantzia
Kataluniak edota hondartzetako kutsadurak hautsak harrotu dituzten arren, ez dira arrazoi nagusia 42 diputatutik inkestek aurreikusten dituzten 34 eta 38 bitartera jaisteko. Losadak argi du beherakadak harreman zuzena duela Galiziako buruzagitzarekin, Feijooren «karismatik» Ruedaren «masak erakartzeko gaitasunik ezara» igaro baitira.
«Behin eta berriz haren buruari ospea emateko hedabide publikoen manipulazio laidogarria egin duten arren, ez dute lortu haren soslaia erakargarriago egitea», gaineratu du Losadak. Hitzok ez ditu ausaz hautatu, otsailaren 7an, kanpaina bete-betean, Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak Galiziako Gobernuaren aurkako —PPGren eskuetan dagoena— zehapen espedientea ireki baitzuen.
Illa de Estabilidade (Egonkortasunaren uhartea, euskaraz) lelopean egindako kanpaina izan zen arrazoia. Xuntak sare sozialetan zabaldutako bideoan, Galizia «barealdia eta edertasuna uztartzen diren paradisutzat» definitzeaz gain, PPGk ematen duen «egonkortasun» horretara bidaiatzeko gomendioa egiten du, «otsailaren 18an bidaia erreserbatzeko» deia eginez. Popularrek Espainiako Hauteskunde Legearen arauak urratzen zituzten hirugarren aldia zen hura, eta, Galiziako Hauteskunde Batzordeak kanpainak soilik kentzeko eskatu zien arren, Espainiakoak gogorrago egin zuen PPGren aurka, behin baino gehiagotan izandako jokabide bat zela argudiatuta.
«BNGk gobernua izango balu, Galizia nazio gisa ulertzen duen norbaiten gidaritzapean egongo ginateke».
ANTON LOSADAPolitologoa
Hauteskunde kanpainak Ruedaren irudiak izan zezakeen indarra gutxitu beste indartu du Pontonena. CISek astelehenean plazaratutakoaren arabera, hamalau eserleku izatetik 24 eta 31 bitarte izatera helduko da alderdi nazionalista. Igoera hori azaltzeko bi arrazoi nagusi daudela iritzi dio Losadak. Alde batetik dago Pontonen ahalmena gizarteko eremu ezberdinetara iristeko. «BNGn inoiz ez da egon gizarteko hainbeste esparrutan onartzen duten hautagairik», esan du Losadak.
Izan ere, politologoak azaldu duenez, hautagai nazionalistek beti eragin dute gaitzespena PPGren boto emaileen artean, eta alderantziz. Rueda eta Galiziako nazionalisten artean gertatzen ez den bezala, popularrak babesten dituzten herritarrek ez dute «hain begi txarrez» ikusten Ponton. «Hain da txikia gaitzespena, non posible den BNGren mezuak entzutera heltzea», gaineratu du.
Bestetik, BNG Feijooren hamahiru urteko agintaldian «bizirik iraun» duen alderdi nazionalista bakarra dela azpimarratu du Losadak: «Boto praktikoa BNGrena dela konturatu dira nazionalistak, eta, azken urteetan beste proiektu politikotan sakabanatuta egon diren arren, etxera itzuli dira oraingoan».
Nazionalismoa indartsu dago Galizian, herritarrak «mobilizatuta» daude, eta espazio politikoa du. Pozik agertu da Losada Ponton Xuntako buru izateko aukerarekin: «BNGk gobernua izango balu, Galizia nazio gisa ulertzen duen norbaiten gidaritzapean egongo ginateke, eta ez beste autonomia erkidego baten gisara ulertzen dutenen esku».
Sozialistek erabaki
Txanponaren beste aldean dago PSdeG. Inkesten arabera, gaurko hauteskundeetan lortu dezaketen emaitzarik onena hamalau eserlekuei eustea izango litzateke. Hala ere, ezkerreko boz emaile ez-nazionalisten esku egon daiteke PPG boteretik aldentzea. Losadaren ustez, horiek mobilizatuz gero PPGk oso zaila izango du gehiengo osoa lortzea.
Sozialistek lortzen duten eserleku kopuruak, ordea, zeresana izan dezake gobernua antolatzerako orduan. BNGk 30 inguru eta sozialistek bederatzi lortuko balituzte, Losadak uste du nazionalisten «kolore bakarreko gobernua» osatuko litzatekeela sozialisten kanpo babesarekin. Sozialistek hamalau eserleku inguru lortuz gero, ostera, koalizio gobernu bat egongo dela iragarri du.
Ez dirudi Sumarrek, Podemosek, Voxek eta beste indarrek Galiziako Parlamentuan eserlekurik lortzeko adina botorik lortuko dutenik. Botoen %5eko langa gainditu behar da.