Gerra Ukrainan. Frontea

Bakhmut, higatze bataila bat

Ez dago argi Bakhmut leku estrategiko bat ote den, baina Ukrainako indarrek hura defendatu nahi dute, eta Errusiakoek, berriz, hartu. Asteak daramatzate han borrokan.

Bakhmut, higatze bataila bat.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, iazko otsailetik, bataila esanguratsu batzuk egon dira gerran dauden bi aldeen artean. Aurrenekoetako bat Kieveko aldirietakoa izan zen. Nazioarteko informazio zerbitzuen aurreikuspenak hautsiz, erresistentziak eutsi egin zion, eta Errusiak ezin izan zuen hiriburua hartu. Herrialdearen hegoaldean, bestalde, Mariupol hiria hasieratik setiatu zuten, eta, azkenean, Azovstal altzairutegian gotortuta zeuden Kieven indarrek maiatzaren erdialdean eman zuten amore; hala, Azoveko itsasorako sarbidea kendu zion Errusiak Ukrainari.

Ikusi gehiago:Ukrainak ere nahi du Xirekin bildu

Irailean eta urrian, baina, inbasioaren hasieran konkistatutako eremu dezente galdu zituen Errusiak Kharkiven eta Khersonen, eta, hortaz, Donbassko frontean jarri zituen indarrak. Izan ere, aintzat hartu behar da hango bi eskualdeak (Luhansk eta Donetsk) anexionatu zituela urrian, nahiz eta bigarrenaren erdia pasatxo besterik ez duen kontrolpean. Orduan, bi aldeak Donetsk eskualdeko Bakhmuten kateatuta daude orain: Errusia hiria konkistatzeko erasoan, eta Ukraina defentsan. 2022. urtearen amaieratik, borrokak areagotu egin dira. Dena den, ez dago adostasunik hura kontrolpean edukitzeak balio estrategikoa duela esateko orduan. Bien bitartean, alde bateko eta besteko indarretako kideak hiltzen ari dira, higatze bataila batean. Hona hemen gako batzuk.

ZER GERTATZEN DA?

«Haragia xehatzeko» leku bat da Bakhmut. Egoera zer-nolakoa den definitze aldera, hori adierazi zuen duela ez asko Wagner mertzenarioen buru Jevgeni Prigozhinek. Talde paramilitar horrekin ari da Errusia han borrokatzen, eta azken asteetan esaten ari dira pixkanaka bada ere aurrerapausoak ematen ari direla azken helburua lortzeko: hiri guztia konkistatzea. «Ia guztiz inguratuta dago», jakinarazi zuen Prigozhinek martxo hasieran. Aldi berean, ordea, onartu du bataila «oso zaila» dela, ukrainarrak «metro bakoitzarengatik» borrokatzen ari direlako. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen hitzetan, «oso mingarria» da egoera.

Alde batean eta bestean, soldadu asko hiltzen ari dira. Bakoitzak bere datuak ematen ditu. Martxoaren 5ean, Ukrainak esan zuen Errusiak egunero 500 bat kide galtzen dituela hildakoen eta zaurituen artean. Eta martxoaren 13an, Errusiak adierazi zuen aurreko 24 orduetan Ukrainako 220 soldadu hil zituela.



NOLA DAGO HIRIA?

Bonbardaketen ondorioz, hiria ia guztiz txikituta dago, eta eraikin gutxik eusten diote zutik. Hala ikus daiteke irudietan. Inbasioaren aurretik 70.000 biztanle inguru zituen, eta, Ukrainako iturri ofizialek ostegunean emandako datuen arabera, gutxi gorabehera 3.000 lagun daude han oraindik; tartean 33 haur, nahiz eta adingabe guztiak «derrigorrez» ebakuatzeko agindua emanda dagoen. Agintariek nabarmendu zuten zibil askok ez dutela hiritik ateratzea nahi.

Donbass zen Ukrainaren industria eremu nagusia gerraren aurretik, eta Bakhmuten gatza eta igeltsua ateratzetik bizi ziren, nagusiki.

ZER ERAGIN DU BATAILAK?

Martxoaren aurreneko egunetan ematen zuen Bakhmut erortzear zegoela, Errusia hura konkistatzear zegoela. Oleksandr Sirski Ukrainako armadaren lurreko indarren komandanteak aitortu zuen, gainera, ez zutela baztertzen «estrategikoki» handik erretiratzea baldin eta «guztiz beharrezkoa» balitz. Egun horietan, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak esan zuen litekeena zela Errusiako indarrek «egun gutxi barru» kontrolpean hartzea hiria.

Baina Zelenskik Ukrainaren jarrerari buruzko zalantzak uxatu zituen joan den astean, armadaren buruzagitzarekin bildu eta gero: «Helburua argi dago: etsaiari ahalik eta min handiena egitea». Horregatik, Ukrainak jakinarazi du soldadu gehiago bidali dituela hara. Aditu militar batzuek azken asteetan nazioarteko hedabideetan adierazi dutenez, ordea, horrek gauza bakarra ekar dezake, edozein etekinen gainetik: Ukrainako armadaren baliabideak xahutzea. Errusia, gainera, Wagnerrekoekin ari da borrokan; hau da, ez da armadako soldaduak galtzen ari.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, talde paramilitar horrek Errusiako kartzeletan errekrutatzen ditu kideak. The Wall Street Journal AEBetako egunkariak erreportaje bat kaleratu zuen martxo hasieran, eta, hartan, azpimarratu zuen saldoka bidaltzen dituztela borrokara, entrenatu gabe kasik, heriotza ia ziurra izanik, frontean metro batzuk aurreratze hutsagatik. Wagnerreko buruak salatu du Errusiako Defentsa Ministerioak ez diela behar beste munizio ematen, eta ohartarazi du fronte guztia eroriko dela mertzenarioek erretiratzea erabakiz gero.

ZER BALIO DU BAKHMUTEK?

Zenbait adituk adierazi dute azkeneko asteotan Bakhmutek ez duela balio estrategiko nabarmenik, eta Erresuma Batuko Gobernuaren informazio zerbitzuek ere hori ondorioztatu zuten 2022aren amaieran. Halere, Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak hilabete honen hasieran esan zuen Bakhmut hartzeak aukera emango liekeela Ukraina ekialdean erasoaldia zabaltzeko. Duela hilabete batzuk, iritzi berekoak ziren adituak ere. Kremlini iruditzen zaio tropak Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango lituzketela, eta Donetsk eskualdea osorik konkistatzeko moduan egongo liratekeela. Institute for the Study of War AEBetako think tank-ak pentsatzen du, baina, Bakhmutekoaren ondotik Errusiak zailtasunak eduki ditzakeela erasoaldiari eusteko hurrengo hilabeteetan. NATOko idazkari nagusiak uste du Bakhmuten gertatzen dena ez dela «mugarri» izango.

Balio estrategikoa gorabehera, beraz, Bakhmut konkistatzeak balio sinbolikoa edukiko luke Errusiarentzat. Izan ere, nahiz eta aurreko udan Luhansk eskualdea ia guztiz hartu zuen, udazkenean nabarmen atzera egin behar izan zuen Kharkiven, baita Khersonen ere, eta, orduan, garaipen bat behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.