Japoniako Nihon Hidankyo gobernuz kanpoko erakundeak irabazi du 2024ko Bakearen Nobel saria, arma nuklearrik gabeko mundu baten alde egiten duen lanarengatik.
Norvegiako Nobel Batzordeak gaur iragarri du saria, Oslon (Norvegia). «Testigantzen bitartez, erakutsi dute munduak ez lukeela berriz arma nuklearrik erabili behar», adierazi du epaimahaiak. Nihon Hidankyo, bertzeak bertze, Hiroshiman eta Nagasakin jaurtitako bonba nuklearretatik bizirik atera zirenek osatzen dute, eta arma horiek abolitzeko eskatzen dute.
Bakearen Nobel sarirako 286 hautagai zeuden aurten, eta kinielek bertze apustu bat erakusten zuten. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa zen hautagai nagusietako bat, eta bertzea, Nazioarteko Justizia Auzitegia.
Norvegiako Nobel Batzordeak oroitarazi du «mugimendu global» bat sortu zela 1945ean, Hiroshimako eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearraren ondotik, zeinak arma nuklearren ondorio larrien inguruko kezka hedatu zuen. Nihon Hidankyo erakundea, 1956an, bonbardaketetatik bizirik atera zirenen testigantzak zabaltzen hasi zen, eta, horrela, arma nuklearren aurkako mugimenduak sortu ziren nazioartean. Laurogei urtez ez da bertze arma nuklearrik erabili. «Hibakushek [Japonian bonba nuklearretik bizirik irten zirenei deitzen zaie modu horretan] deskribaezina dena deskribatzen dute, pentsaezina dena pentsarazten laguntzen dute, eta ulergaitza dena ulertzen», azaldu du batzordeak. Modu horretan, bizirik irautea lortu zutenak omendu ditu.
Dena den, gaur egungo egoera ikusita, Nobel Batzordeak zalantzan jarri du arma nuklearrekiko beldur hori ez ote den kolokan izanen. «Arma nuklearrak orain modernoagoak eta boteretsuagoak dira, eta geroz eta herrialde gehiagok eskatzen dute horiek erabiltzeko baimena», erran du bozeramaileak. Bederatzi dira, gaur-gaurkoz, arma nuklearrak garatu dituzten edo garatzen ari diren estatuak: Errusia, Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Frantzia, Erresuma Batua, India, Israel, Pakistan eta Ipar Korea.
«Sari honek gogorarazi behar du zergatik ari garen armagabetzearen eta arma nuklearrak ez ugaritzearen aldeko lanean. Eta, gainera, ohartarazpen hau beharrezkoa da egungo mehatxuak ikusita»
JONAS GAHR STORENorvegiako lehen ministroa
Bonbardaketa nuklearraren ondorioak isilpean mantendu zituzten bizirik iraun zutenek, harik eta hamaika urte beranduago Nihon Hidankyo gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten arte. Orduantxe hasi ziren bizipenak ahots goran kontatzen. Nikon Hidankyo 31. erakundea da Bakearen Nobel saria jasotzen, eta hala adierazi du Toshiyuki Mimaki erakundeko ordezkariak Japoniako prentsaurreko batean: «Sari honekin, uste dut gure hitzek balio handiagoa izango dutela». Hiru urte zituen Mimakik Estatu Batuek Hiroshimara eta Nagasakira bonba nuklearrak jaurti zituztenean; eta, gaur, bizirik iraun zuten gainerako 114.000 pertsonekin batera, arma nuklearrak garatzeari utz diezaiotela eskatu dute, «bizirik gauden artean».
Sariaren helburua zein den argitu du Jonas Gahr Store Norvegiako lehen ministroak: «Sari honek gogorarazi behar du zergatik ari garen armagabetzearen eta arma nuklearrak ez ugaritzearen aldeko lanean. Eta, gainera, ohartarazpen hau beharrezkoa da egungo mehatxuak ikusita». Saria garai egokian iragarri dutelakoan daude. Dena den, ez da lehendabiziko aldia arma nuklearren aurka egiten duen erakundea saria lortzeko hautagai izan dena; izan ere, 2005ean, bonbardaketaren 60. urteurrenean, Bakearen Nobel saria irabazteko hautagai nagusietako bat izan zen.
Aurten, saria irabazita, Nikon Hindankyo erakundeak mundu osora zabaldu nahi ditu testigantzak eta bizipenak, horrela arma nuklearren abolizioa eskatzeko. Horrez gain, taldeak babesa eta sostengua eskatu ditu. Abenduaren 10ean iritsiko da Bakearen Nobel saria Japoniako armen aurkako erakundera: diploma bat eta 10 milioi koroa suediar —900.000 euro inguru —.