Desmond Tutu

«Bakearen ikono global bat»

Hegoafrikako artzapezpiku, Bakearen Nobel saridun, apartheidaren kontrako borrokaren ikur eta adiskidetzearen eragile nagusietako bat hil da, 90 urte zituela. Larunbatean egingo diote hileta.

NIC BOTHMA / EFE.
ander perez zala
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Desmond Mpilo Tutuz aritzean (Klerksdorp, Hegoafrika, 1931-Lurmutur Hiria, 2021), lehenik haren irribarrea aipatu izan dute ordezkari eta eragile askok. Umore handiko gizona zen, eta horixe bera erabiltzen zuen tresna gisa edozein elkarrizketatarako. Tutu buruzagi moral bat izan zen; haren iritziz, hala jokatzea «eskuzabaltasun ekintza bat» zen: «Lidergoa ez da zure bide propioa egitea, ez da zure figura handitzeko zerbait. Zerbitzatzeko balio du». 1990eko otsailaren 11n, esaterako, haren etxebizitzan lo egitera gonbidatu zuen 27 urte espetxean igaro zituen gizon bat; Nelson Mandela zen.

Tutu artzapezpikua izan zen, eta Hegoafrikaren sinboloetako bat apartheidaren kontrako borrokan, herrialdeko adiskidetzearen eragile nagusietako bat izatearekin batera. Herrialdeko gobernuak eman zuen haren heriotzaren berri, herenegun, baina ez zuen horren arrazoia jakinarazi; baliteke, ordea, prostatako minbiziak zerikusia izatea, 1997az geroztik ari baitzen tratamendua jasotzen. Hain justu, duela ia hilabete ospitaleratu zuten, minbizi horren eraginez izan dituen infekzioen ondorioz.

Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak, herenegun artzapezpikuaren heriotzaz aritzean, adierazi zuen «nazio mailako beste dolu bat» izan dela, eta honela deskribatu zuen Tutu: «Bakearen eta askatasunaren ikono global bat da. Pragmatismoz eta printzipioz beteriko buruzagi bat zen. Zentzua eman zion lanik gabeko fedea hilda dagoen printzipio biblikoari».

Mandelak «ahotsik ez dutenen ahotsa» iritzi zion Tuturi, eta horregatik ere egin zen ezagun hamarkadotan. Hegoafrika iparraldeko Klerksdorpen jaio zen, Johannesburgotik gertu, eta mediku bilakatzeko asmoa izan zuen txikitatik; familiaren baliabide ekonomiko urriak, ordea, plana aldatzera behartu zuten, eta irakasle izateko ikasi zuen. 1954tik 1957ra ibili zen lanbide horretan, eta gerora izendatu zuten artzain anglikano, 1960an; hain justu, Teologia ikasi ondoren.

Hurrengo hamabost urteetan ere ikasketetan murgildu zen—tartean egonaldi bat egin zuen Londresen—, eta 1975ean Johannesburgoko katedral anglikanoko dekano aukeratu zuten; hori lortu zuen lehen herritar beltza izan zen. Orduan, hiri horren hegoaldeko Soweto barrutiko ghetto batean hasi zen bizitzen, Mandelaren kale berean, eta apartheideko —Hegoafrikan 1948tik 1990era izaniko sistema arrazista— etapa gatazkatsuenetako baten lekuko izan zen, besteak beste: 1976an, gutxienez 600 lagun hil zituzten ikasleen protestetan.

Hurrengo urtean, 1977an, Lesothoko gotzain izendatu zuten, eta 1978an, Hegoafrikako Elizen Kontseiluko idazkari nagusi. Hain justu, garai horretan hasi zen babesten eta manifestatzen Kontzientzia Beltza mugimenduaren alde, eta, pixkanaka, nazioarteko ikur bilakarazi zuen ibilbidea egin zuen arrazismoaren kontrako borrokan.

1982an Lurmutur Hiriko Artzapezpikutza Anglikanoaren buruzagitza eman zioten —hori ere lortu zuen lehen herritar beltza izan zen—, eta bi urte geroago jaso zuen Bakearen Nobel saria.

Apartheida desegin ostean, eta Mandelak herrialdeko presidentetza lortu zuenean, Tutuk Adiskidetzarako eta Egiarako Batzordearen presidentetza jaso zuen, eta hori gidatzen aritu zen 1996tik 2003ra; batzorde horrek apartheid garaian egindako krimenak argitara ateratzeko xedea izan zuen. 1997an, berriz, Hegoafrikako Eliza anglikanoaren buruzagitza utzi eta urtebetera,prostatako minbizia diagnostikatu zioten, eta horri aurre egiten aritu zen urteotan.

Tuturen adierazpen ezagunetako bat hau izan zen: «Misiolariak Afrikara etorri zirenean, guk lurra genuen, eta haiek Biblia. Orduan 'otoitz egin dezagun' esan zuten. Eta guk, esan oneko, begiak itxi genituen. 'Amen' esan eta begiak ireki genituenean, haiek lurra zuten, eta guk Biblia».

Nazioarteko erreakzioak

Nazioartean zeresan handia eman du Tuturen heriotzak, baita agintari askoren erreakzioa eragin ere. Herenegun, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak «apartheidaren kontrako ezinbesteko» figuratzat jo zuen, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi zuen «adiskidetzearen aldeko» borrokagatik eta giza eskubideen eta berdintasunaren aldekoagatik oroituko dutela.

Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak, berriz, hauxe esan zuen Twitter sare sozialean: «Bere bizitza askatasunari eman dion gizon bat da, giza duintasunarekiko konpromiso handiarekin. Apartheidari aurre egin zion erraldoi bat zen». Nelson Mandela Fundazioak ere adierazpen batzuk egin zituen Tuturi buruz: «Soilik haren pentsamoldearen sakontasuna pareka daiteke maila lokalean eta globalean injustiziari aurre egiteko egindako lanarekin». Eta, besteak beste, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidente ohia ere mintzatu zen Tutuz: «Desmond Tutu artzapezpiku fedearen, jarraikitasunaren eta errukitasunaren adibide bat izan zen apartheidaren kontrako borrokan, Nelson Mandelarekin eta ANCrekin [Afrikako Kongresu Nazionalarekin] batera. Haren bizitzak arraza eta gizarte justiziaren aldeko borroka ondarea utzi du».

Atzotik abiatuta, Hegoafrikako dolu nazionalak astebete iraungo du, eta larunbatean egingo dute Tuturen hileta, Lurmutur Hirian. Thabo Makgoba gotzainaren arabera, 400 lagunek baino gehiagok eta ehun bat elizgizonek parte hartu, nahi dute hileta elizkizunetan, baina koronabirusaren pandemiak nabarmen murriztuko du horien kopurua. Hala, ehun ingururi utziko diete hiri horretako San Jurgi katedralean sartzen.

Bien bitartean, ezkilak egunero joko dituzte hamar minutuz, hileta egunera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.