Bakearen aldeko aldarria Diyarbakirren

Emakume kurduek mobilizazio jendetsua egin dute; Ocalanek bakearen alde egin duen deia ozentzeko izan da, eta andreen parte hartzerik gabe ezingo dela lortu oroitarazteko.

Andreak, gaur, protestan Diyarbakirren. MA NUCE
Andreak, gaur, protestan Diyarbakirren. MA NUCE
Nujiyan Cudi
2025eko martxoaren 8a
17:05
Entzun

Milaka emakumek bete dute gaur Diyarbakir hiriko Istasyon plaza, goizean goizetik, Martxoaren 8a ospatzeko, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Emakume Libreen mugimenduak antolatu du manifestazioa; hainbat abiaburu izan ditu, Kurdistango hiri horretako hainbat auzunetatik. Andreek, bertako jantzi tradizionalak soinean dituztela, Emakumea, bizitza, askatasuna leloa kantatuz zeharkatu dute hiria. Dozenaka erbane-k jarri dute erritmoa, pandero tradizionalek. 

Pankartan, emakumeen borrokak Turkian dituen auzi nagusiak aipatu dituzte. Batetik, bakearen aldeko deia egin dute, eta, bestetik, feminizidioak eta emakumeen kontrako indarkeria gaitzetsi dituzte.

Manifestazioa minutu bateko isilunearekin hasi da; oroitu dituzte askatasunaren alde martiri izan diren emakumezkoak.

DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko alderdiak gobernatzen dituen hiri kurduetako alkatekideak Istasyion plazako oholtzara igo dira, hainbat ekintzaile, ordezkari sindikal eta ikaslerekin batera. Diyarbakirreko udalerri metropolitanoko alkatekide Serra Bucak-ek gogora ekarri du Abdullah Ocalanen deia —Kurdistango Langileen Alderdia gerrillaren sortzaile eta liderrak armak uzteko eta taldea desegiteko deia egin zuen otsailaren amaieran—: «Erakusten du posible dela bakea eraikitzea. Gu, emakumeok, udaberri berri horri harrera egiteko gaude, eta dei hori bake justu eta iraunkor bihurtzeko. Denok erantzungo diogu bakearen aldeko dei horri. Bakea defendatuko dugu gerraren kontra. Ez dugu inoiz amore emango».

Pobrezia gordinagoa

Ordezkari sindikalek salatu dute herritar kurduek jasaten duten pobrezia, zenbaitetan muturrekoa dena eta bereziki emakumeei eragiten diena, beltzean lan egitera behartzen baitituzte, segurtasunik gabe.

Bakearen Amek usoak aireratu dituzte, eta Kudret Erylmazek han zeuden andre denak zoriondu ditu: «Hel bedi bakea gure herrira; gure amek ez dezatela negarrik egin. Aski da».

Diyarbakirreko alkate ohi Gultan Kisana iaz utzi zuten libre, zortzi urte presondegian egin eta gero. Halaxe mintzatu da: «Ocalan jauna bakean pentsatzen aritu da Imralin [preso duten espetxean], eta kurduen auzirako konponbide batean: egunero, segundoero. Diosala egiten diogu hark ‘bakearen eta gizarte demokratikoaren’ alde egin duen deiari. Prest gaude Turkia osoan bakearen aldeko zubiak eraikitzeko, Amedetik [Diyarbakirren kurduerazko izena] Ankarara eta Imralira. Inork ez du gaizki ulertu behar dei hau. Gu guztioi egindakoa da: estatuari, gobernuari, politika demokratikoari, Ekialde Hurbileko herriei. Guztiok egin behar dugu gure partea. Urratsez urrats eraiki behar ditugu bakea eta askatasuna. Emakume moduan, gizarte demokratikoa eraikitzeko promesa handia dugu». 

(ID_17414487144165) M8. Emakumeen Nazioarteko Eguna. Emakume kurduen protesta.
Emakumeek gaur Diyarbakirren egin duten protestako irudietako bat. MA NUCE

Nabarmendu egin du Kisanak mezua: «Ezin da eraiki gizarte demokratiko bat, ez bada onartzen andreen borondatea. Emakumeen askatasunaren aldeko borroka gure herriaren askatasunaren eta bakearen aldeko borrokaren giltzarrietako bat da». Emakume gazteei mintzatu zaie alkate ohia: «Zuek gidatuko duzue prozesu hau. Gu laguntzen arituko gara, eta batera egingo dugu bidea». 

Presondegitik

Istanbulgo Bakirkoy espetxean preso dauden emakume politikari eta ekintzaileek ere helarazi dute mezu bat. «2025. urtea Familiaren Urtea izendatu zutenak, LGTBI+ pertsonen existentzia toleratu ezin dutenak, feminizidioa legitimatzen dutenak eta langileen lana esplotatzen dutenak, horien aurkako borroka bat antolatua dugu», idatzi dute emakume atxilotuek. «Ez gara inoiz isilduko genozidioaren, gerra politiken, eta gerraren ondoriozko krisi ekonomikoaren aurrean».

DEM alderdiko eledun Halide Turkogluk esan du: «Ocalan jaunak, berriro ere, bakearen esperantza ekarri zuen lur hauetarako bere deiarekin. Guk, emakumeok, ondo dakigu nola heltzen den gerra gure etxeetara. Horregatik emakumeak egongo dira bakearen aldeko borrokan, emakumeek eraikiko dute bakea».

Hitzaldien ostean, txalo zaparrada luze bat eta koruak entzun diren bitartean, Abdullah Ocalanek Imraliko kartzelatik andreei idatzitako mezua irakurri dute. «Emakumeen arazoa kurduen arazoa baino sakonagoa da. Emakumeen auzia oraindik ere handiagoa da kurduen auzia baino. Urrats bakar bat egin dugu bide horretan. Gerraren kultura eta gatazka, beste ezeren gainetik, andreen kontra zuzenduta daude. Kultura horren kontra egitea, eta ahultzea, pixka bat bada ere ahultzea, borrokaren motorra da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.