Koherentziaz bezainbeste ausardiaz, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren fundatzaile Abdullah Ocalan-ek bakearen aldeko apustua berretsi berri du. Halaxe egin du DEM alderdiaren ordezkariek gaur zabaldutako mezu batean, hura ikusten izan baitira Imrali uharteko segurtasun handiko kartzelan.
Ikusi gehiago
Beharbada, mezuak harrituta eta nahasita utziko zituen batzuk, Ocalanek PKKri hau eskatu izanak batez ere: «Kongresua antolatzea —indarrez garaitua izan ez den edozein komunitatek egiten duen bezala, edozein alderdi modernok egiten duen bezala— eta erabaki bat hartzea». Eta Ocalanen ustez, hau da, alderdi horren fundatzailearen ustez, «armak uztea eta alderdia desegitea» erabaki behar da.
Dena dela, Ocalanek joan deneko 30 urtean (hau da, atxilotua eta 1999an Imralin kartzelatua izan baino lehenago ere) zer adierazi duen irakurri eta entzun duena berehalaxe konturatuko da buruzagi kurduak orain egin duen proposamena bat datorrela hark buruan izan duen koexistentzia eta gobernantza eredu berriaren bilakaerarekin eta osaerarekin, eta konturatuko da, halaber, egokiera izan dutenean —askotan tarte laburrak izan dira, odola isuriz zapalduak— kurduek ahaleginak egin dituztela eredu berri hori aurrera ateratzeko, dozenaka izenez osatutako alderdi horren bitartez —behin eta berriz utzi baitute legez kanpo—. Horretan ahalegindu dira, esaterako, Turkiaren mendeko Kurdistango Autonomia Demokratikoan 2011z geroztik, eta, irmoago, Rojavan 2013az geroztik.
Beraz, ez da harritzekoa Ocalanek hauxe idatzi izana gaurko mezuan: «Devlet Bahceli jaunak [AKPrekin batera gobernuan den alderdi MHPko burua] egindako deiaren eraginez, eta presidente jaunak [Erdogan] eta gainerako alderdiek dei horri emandako babesaren eraginez, egoera egokia da armak uzteko eska dezadan, horren erantzukizun historikoa neure eginez». Ocalanek, gainera, zera aitortu du: «Bururaino iritsi da [PPK-ren] bizialdia, haren kontrako alderdiena bezalaxe, eta, hortaz, desegin beharra dauka».
Ikusi gehiago
Buruzagi kurduak Turkiako Gobernuaren eta Estatuaren ardurapean utzi du hurrengo pausoa, eta, jakina, ondotxo daki zein duen aurrean.
Lider kurduak arretaz aztertu ditu beste mugimendu batzuk, hala nola Irlandakoa eta Euskal Herrikoa, eta halakoek erakutsia daukate zer behar duen bakea zinez eta eskuzabal lortu nahi duenak: koherentzia, ausardia eta sormena. Eta horretan ari da Ocalan.
Bi orri eskasetan, Ocalanek zehaztu du PKK zergatik sortu zen «XX. mendean, gizakiaren historiako garairik bortitzenean», alegia, «guztiz ukatzen zelako kurduen errealitatea, eta haien oinarrizko eskubideak eta askatasuna murriztu, batez ere adierazpen askatasuna»; nolatan hartu zituen armak PKK-k—1984an sortu eta sei urtera—, «ezin baztertuzkoa baita gizarte demokratiko baten premia»; eta nola «aurkitu zuen oinarri soziala eta babesa, nagusiki kontuan harturik politika demokratikoaren bideak itxita zeuzkatela».
Hiru lerrotan, Ocalanek argi eta irmo laburtu du zein den urte hauetan guztietan garatu duen ereduaren funtsa, eta nabarmendu du «gizarte eta jokaleku politiko demokratikoak» beharrezkoak direla eredu hori mamituko bada, «zeina nortasunen errespetuan oinarritzen baita, adierazpen librean, eta gizartearen alor bakoitzaren autoeraketa demokratikoan, beren egitura sozioekonomiko eta politikoen arabera».
Ocalanek garbi dauka: «Errepublikaren bigarren mendeak senidetasuna ekarriko badu, eta senidetasuna luzaroko izango bada, beharrezkoa da demokrazia. Adostasun demokratikoa da bidea». Eta argi dauka, era berean, ez diola bere mezuak emango amaiera 40 urteko gatazka horri. Horregatik, hau errepikatu die DEMeko ordezkariei, eta halaxe kontatu du haietako batek, Sirri Surreya Onder diputatuak: «Praktikan armak uzteak eta PKK desegiteak, dudarik gabe, berekin ekarri behar du politika demokratikoaren errekonozimendua, baita alde juridikotik ere».
Zalantzarik ez dago mezu hori mugarri bat izango dela. Guztientzat. PKKrentzat, mezua aztertu beharko baitu, kongresua antolatu, eta erabaki; Turkiako Gobernuarentzat eta Estatuarentzat —sakoneko estatuko indarrek ez dute bakerik nahi—; Turkia osoko biztanleentzat, bai eta Kurdistanen beste hiru parteentzat ere: Rojavarentzat, Iraken mendeko Kurdistanentzat eta Iranen mendeko Kurdistanentzat.
Abdullah Ocalanek berretsi egin du: gelditu gabe segituko du bakea lortzeko lanean.