ELN-ko komandantea

Antonio Garcia: «Bakea nazio justu bat eraikitzeko prozesu bat ere izango da»

ELNk «adostasun berriak» lortu nahi ditu, Kolonbiako Gobernuarekin egiten ari den negoziazioen bidez. Gerrillako komandanteak ohartarazi du «mezu txar bat» litzatekeela finantzaketa alternatiborik ez lortzea.

ELN - ANTONIO GARCIA
MIGUEL GUTIERREZ / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Antonio Garcia (Mocoa, Kolonbia, 1956) —Eliecer Herlinto Chamorro Acosta du berezko izena— 19 urte zituela sartu zen ELN Nazioa Askatzeko Armadan, eta klandestinitatean pasatu du bere bizitzaren zati handi bat. Hainbat bake prozesutan parte hartzeko atera izan da klandestinitatetik, eta 2021eko ekainean ELNko komandante izendatu zuten. Hura buru duela, gerrilla hori bakea negoziatzen ari da Gustavo Petroren gobernuarekin.

Sei elkarrizketa saio egin dituzte dagoeneko, eta azkena iragan asteartean amaitu zuten. Besteak beste, su etena sei hilabete luzatzea adostu zuten —datorren abuztura arte—, eta bake prozesua dohaintzen bidez finantzatzea proposatu zuten. Hitzordu hori amaitu aurretik egin da elkarrizketa.

Bosgarren zikloan helburu ekonomikoak dituzten bahiketak bukatzea adostu zenuten, eta finantzaketa alternatiboaz hitz egin zenuten. Bi ideia horiek elkarrekin gauzatu behar direla esan zenuen. Zergatik dira hain garrantzitsuak?

Asmoak zehazteko akordioa dugu bi aldeek. Itunaren muina zera da: ELNk borondatea duela bere ekintza guztiak eteteko, finantzaketa lortzearen truke. Aurrez adostu ez denaz ari naiz. Aldi berean, lan egingo dugu su etenak iraun bitartean ELN finantzatzeko, gerrillak arreta jarria baitu gizartearen parte hartzeari buruzko prozesu politikoen bidezko bakearen eraikuntzan.

Zer gerta daiteke ez baduzue finantzaketarako alternatibarik lortzen?

Bakearen aldeko mezu txar bat helaraztea litzateke. ELNk bakerako duen borondatearekiko erantzun okerra izango litzateke, bizigiro baketsu baten sorrera lortu nahi baitugu. Kasu horretan, gobernuak ekonomikoki ito nahiko gintuzke.

Urtarril bukaeran parte hartze sozialaren prozesua hastekoa zen.Zergatik da hain garrantzitsua gizarte zibilak bake prozesuan parte hartzea? Hori eta bake elkarrizketak bi prozesu ezberdin dira?

Izan diren zailtasunengatik, gizartearen parte hartzearen diseinuaren etapa luzatzen ari da, eta litekeena da datorren maiatzean bukatzea. Gero, bigarren faseari ekingo diogu: herrialdeko gizarte zibileko askotariko sektoreek herrialdearen arazoak aztertuko dituen eztabaida.

Azkenik, hirugarren fasearekin amaituko da, gizarte kontsentsu moduko bat edo akordio nazional bat eginda. Aldaketen agenda bat izango litzake.

«Gizartearen parte hartzea ELNren eta gobernuaren arteko bake prozesuaren zati integrala da».

Gizartearen parte hartzea ELNren eta gobernuaren arteko bake prozesuaren zati integrala da. Izan ere, ELNren altxamendu armatua ez zen kapritxo bat izan: kausa sozial, politiko, ekonomiko eta kulturala zituen. Gizarte zibileko askotariko sektoreek ere konponbidearen bilaketan parte hartu nahi dute, eta bakea nazio justu, demokratiko eta barneratzaile bat eraikitzeko prozesu bat ere izango da.

Gerta liteke prozesu zibilak ELN edota gobernua behartzea orain arte hizpidera ekarri ez diren erabakiak hartzera?

ELNk diseinatutako bake prozesuan, asmoa da gizartean kontsentsu berrien eraikuntza lortzea aldaketarako. Gerrillak eta gobernuak iritzia emango dute horietaz, helburua baita gizartearen laguntzaren bidez bakearen ikuspegi komun bati itxura ematea. Betiere, inposiziorik gabe. Entzuten jakin beharra dago.

Zer bide egin behako du parte hartze horrek?

Lehenago aipatu dudan bezala, gizartearen parte hartzea diseinu fasean dago. Bertan, identifikatzen ari gara zein eragilek eta prozesu kolektibo erregionalek eta maila nazionaleko sektorialek parte hartu behar duten. Horrekin batera, zer gai eztabaidatu identifikatzen ari gara.

Gero, bigarren fasera pasatuko ginateke, eztabaidekin zerikusia duena; horretan, identifikatu edo diagnostikatuko ditugu zeintzuk diren aldatu behar diren arazoak. Hirugarren faseari dagokionez, irtenbideak lortzen saiatuko ginateke, kontsentsu nazional moduko bat oinarritzat hartuta.

2022ko azaroan hasi zenituzten negoziazioak Petroren gobernuarekin, eta, pixkanaka-pixkanaka, bakea gertuago dago. Ba al da arriskurik prozesua geldiarazteko, negoziazioak gehiegi luzatzen badira? Edo gobernua aldatuko balitz?

Herritarren parte hartzea diseinatzen ari gara oraindik, eta ez daukagu Kolonbiaren errealitatea onerako aldatu dezakeen funtsezko akordiorik. Dena hipotetikoa da oraindik, ideiak dira.

«Estatuaren betebeharra da preso guztien osasunaz arduratzea, baina hori ez da gertatzen».

Prozesuarentzako inguru egokia sortzen ere aritu gara, behin-behineko aldebiko su eten nazional bat adostuz, zeinak zerikusia duen bi aldeen operazio militar ofentsiboak etetearekin. Aurrera egitea espero dugu; hori bi aldeen araberakoa izango da.

Munduko beste bake prozesu batzuetan, Irlandakoan adibidez, barne desadostasunak egon dira, eta disidentziak sortu dira. Orain arteko erabakiek krisirik sortu al dute ELNren barruan?

Gobernuarekin zera adostuta eta idatzita dago: gobernuak ezin duela sustatu ELNren disidentziaren sorrerarik edo zatiketarik, eta komandantetza bat existitzen dela eta hori errespetatu behar dela.

Espero dugu gobernuak hori errespetatzea. Eta ELNren barruan egoera politiko edo diziplinariorik egonez gero, komandantetza arduratuko litzateke horretaz.

Prozesu horretan presoen afera ere badago. Joan den udan, gobernuak aske utzi zituen gaixorik zeuden bi preso, baina asko kartzelan daude oraindik ere. Horietako batzuek eskutitz bat bidali zioten Pablo Beltran zuen negoziatzaileburuari, eta gobernuari leporatu zioten ez zituela bete adostutako «arintze humanitarioak». Zer dira zehazki arintze horiek?

Estatuaren betebeharra da preso guztien osasunaz arduratzea, baina hori ez da gertatzen, eta egoera kritikoa da, presoak pilatuta daudelako.

Osasunez larri dauden presoen egoera aintzat hartu behar dela adostu da. Adibidez, gaixotasun terminalak dituzten kideak aske utzi behar dituzte edo haien etxera bidali behar dituzte, azkeneko egunak familiarekin igaro ditzaten.

Gaixorik dauden beste batzuek baliteke baldintza hobeak izatea. Azken egunetan berriz heldu zaio gaiari, onerako, eta adostutakoa betetzea espero dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.